Frantziako Tourrean ezin da momentu batean ere arnasa lasai hartu. Txirrindularien hankek adina garrantzi dute begiek eta senak. Baita zorteak ere. Atzo, behintzat, halaxe izan zen. Esprinterako diseinatutako etapa zela jakina zen, eta guztiek Mark Cavendish (Sky) jotzen zuten faboritotzat, batez ere herenegun eman zuen erakustaldiagatik. Ordea, eroriko latza izan zuen helmugarako 2,7 kilometro falta zirela. Txirrindulari bat hankaz gora joan zen, eta haren atzetik asko eta asko. Tartean, Cavendish. Bada, uste baino lehen geratu zen esprintetik kanpo, eta Andre Greipelek (Lotto) baliatu zuen hobekien faborito nagusiaren hutsunea. Taldekideek ezin hobeto bideratu zioten esprinta Greipeli, eta hark ez zuen barkatu. Ez zuen aukera alferrik galdu.
Esprint klasikorako ezaugarri guztiak zituen azken kilometroak. Maldarik gabekoa zen, eta abiadurak erabakiko zuen guztia. Bada, Cavendishek ez dauka parekorik halakoetan, baina esprint batek azken bostehun metroetan agertzea baino zerbait gehiago suposatzen du. Taldekide baten babesean zihoan, bai, baina ezkutu samarrean, eta ezin izan zuen erorikotik ihes egin ahal izan. Kolpe galanta hartu zuen, bai fisikoki, eta ziur asko, baita psikologikoki ere. Gorputzean hartutako kolpeek faktura pasatuko diete datozen egunetan.
Txanponaren beste aldea Greipelek dastatu zuen. Egiari zor, alemaniarrak merezi zuen garaipena norbaitek merezi baldin bazuen. Joan den asteleheneko esprintean bigarren sailkatu zen, baina Lottok goraipatzeko lana egin zion. Atzo ere ez zen nagikerian ibili taldea. Cavendish lurrera erori baino lehen ere haiek ari ziren tiraka, eta ondoren nabaritu zen. Greipel aise nagusitu zen Alessandro Petachiren (Lampre) eta Tom Veelersen (Skil Shimano) aurretik. Azken hori arazoekin ibili da Tourra hasiz geroztik, baina badirudi errekuperatzeko bide onean dela.
Erorikoari dagokionez, sailkapen nagusirako faboritoak direnen artean ez zuen inork minik hartu, ez eta denborarik galdu ere. Helmugara hiru kilometro baino gutxiago falta zirela gertatu zen ezbeharra, eta halakoetan ez da galdutako denbora aintzat hartzen. Cavendishi, ordea, ez zion batere axola horrek, hark etapa garaipena nahi baitzuen. Momentuz 21 ditu Tourrean, eta atzo beste bat eskuratzeko aukera bikaina galdu zuen. Greipelek, berriz, aurtengo Tourrean estreinakoz jaso zituen bi besoak, eta aurpegian zeukan poza izugarria zen. Iaz ere garaipen bat lortu zuen. Aurtengo denboraldian, berriz, hamabost daramatza.
Ihesaldia, hasi eta berehala
Tropelean inor gutxi dago zenbaki horietara heltzen dena, baina itxaropena ez zaio inori falta. Atzo ere etapa hasi eta berehala osatu zen ihesaldia, nahiz eta helmugara iristeko 214 kilometro izan. Yukiya Arashiro (Europcar), Anthony Delaplace (Saur Sojasun) eta David Moncoutie (Cofidis) aritu ziren jo eta su ezustekoa eman nahian. Lan aparta egin zuten, goraipatzekoa, baina azken txanpan irentsi egin zituen tropelak. BMCk eta Lottok aginte makila hartu bezain laster amaitu zen hiru iheslarien ametsa.
Dena den, horiek alaitu zuten apur bat etapa. Izan ere, telebistaren aurrean jarri eta lo hartzeko modukoa izan zen. Tropelak kontrolpean izan zuen guztia une oro, lasai ibili arren. Zer gozatua tarteko helmugak soilik eman zuen. Esprinterrek hartu zuten parte bertan, eta Cavendishek hanka bakarrarekin irabazi zuen, Gossen eta Mark Renshawren (Rabobank) aurretik. Horrek are faboritoago bihurtu zuen Sky taldeko txirrindularia etapa garaipenerako, baina inork ez zuen espero erorikorik gertatuko zenik. Hori bai, Greipel ez zen lehiatu tarteko helmugako esprintean.
Egunero gidoi antzekoa errepikatzen ari da Tourrean, ikuskizunaren kaltetan: hasieran ihesaldian, ondoren tropelak irenstea eta azkenik esprinta. Merezi al du horretarako 214 kilometro egin behar izatea? Gaur ere ez da asko aldatuko egoera.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Ez du aukera alferrik galdu
Andre Greipelek Tourreko lehen garaipena lortu du, esprintean, Alessandro Petacchiri eta Tom Veelersi aurrea eroso hartutaMark Cavendish erori egin da 2, 7 kilometro faltan, eta ezin izan da lehiatu esprintean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu