Alarma gorria piztu da. Aspaldiko partida txarrena jokatu zuen Baskoniak atzo, eta irabazi beharreko norgehiagoka galdu Prokomen aurka. Bosgarren porrota da jarraian Euroligan, eta orain, aldats gora dauka Top 16ko sailkapena. Kanpoan geratzeko arriskua serioa da, eta muturrekoa latza izango litzateke, Gasteizkoa Europako elitean bizitzen ohitu den taldea baita. Zenbakiak errazak dira. Lehen lana Khimki menderatzea da, gaur zortzi, bost puntugatik. Hori lortzen ez badu Europatik kanpo dago Baskonia. Hain garbi, hain gordin.
Eta hain gordin Baskoniaren erruz. Taldea hautsita dagoelako. Errespetu osoz, ACB ligako txapeldunak ezin du Poloniako talde baten aurka etxean galdu. Inoiz ez, eta are gutxiago Baskoniak garaipena lortzeko premia duenean. Ivanovicen taldea nortasunik gabe aritu zen, bakoitza bere kasara sarri, jarrera egokirik gabe, galduta, erritmorik gabe. Memoriz egiten dituen gauzak egiteko ezintasun mingarria erakutsi zuten jokalariek, eta urtetan ikur izan duen defentsan aspaldi ikusi gabeko erraztasunak eman. Nekatzeraino. Ernegatzeraino.
Sentsazio horiek osatzeko datuak: Baskoniak 10 falta bakarrik egin zituen 30 minututan. Supermanen mozorroa jantzi zuen Teletovicek, eta bakarrik jokatzen hasi. Bosniarrak bederatzi hiruko jaurti zituen, eta denak kale egin. Zergatik egoskorkeri hori? Barac ere haserretu egin zen, taldekideen lanerako borondate eskasa ikusita. Intentsitate falta agerikoa izan zen une erabakigarrietan: azken hiru minutuetan egindako falta inozoak, emandako baloiak, urduritasuna, presak han eta hemen...
Jaurtiketetako portzentaje txarra aitzakia al da? Ez, jaurtiketetan asmatzen ez duzunean bestela saiatu behar delako garaipena lortzen. Defentsa onaren bitartez, adibidez. Nekea izan liteke? Baliteke. Buruz nekatuta sumatzen zaio taldeari, batere freskotasunik gabe, iritsi ezinik. Prokomek hankapean ibili zuelako Baskonia, eta baliabide gutxirekin. Baloia estatubatuarrei eman, eta haiek egin eta desegin. Esanguratsua izan zen Vardak Baraci emandako lezioa. Eta Barac Baskoniako onena izan zen atzo.
Galduta dabiltzanak ekarri behar dira berriro mahai gainera. Hamaikagarrenez. Haien lan txarra azpimarratu behar da, zama astuna direlako taldearentzat. Oleson Alaskan dago, Logan bere emazte eta ume jaio berriarekin pentsatzen, Bjelica batek daki non, eta Ribas ere zirimola ezkor horretan kateatuta. Mezua garbia da. Edo hobetzen duzu, edo ez duzu lekurik taldean. Lau horiek dira, inor baino gehiago, taldearen miserien erantzule.
Etsipena nagusi
Ivanovicek oso argi hitz egin zuen partida ostean. Izenik eman gabe, baina gogor. Honatx, ale batzuk: «Ez gara gu izan, eta ez bagara, ez goaz inora», esan zuen aurrena. «Gaizki ibili gara arlo guztietan: erasoan, defentsan, berekoikeriaz, batere nortasunik gabe». Baikortasunerako zirrikitu bat, halere: «Sailkatzeko aukera dugu oraindik, baina sailkatu nahi duten jokalariak behar ditut. Bost behar ditut, ez gehiago. Bost horiek bilatzea da kontua, baina ez da erraza. Une honetan ez dugu inor». Ivanovicek barruan amorru handia zuela joan zen. Beldurra ematen duen isiltasuna.
Caja Laboral Baskonia 75
Asseco Prokom 81
Caja Laboral Baskonia. Marcelinho (6), Logan (2), San Emeterio (13), Haislip (7), Barac (25) -hasierako bostekoa-; Teletovic (15), Oleson (5), Ribas (2) eta Bjelica.
Asseco Prokom. Eldridge, Ewing (13), Szczotka (2), Jagla (9), Lapeta (11) -hasierako bostekoa-; Videnov (9), Wilks (4), Varda (16), Burrell (8), Giddens (9) eta Hrycaniuk.
Markagailua. 24-20, 39-34 (atsedenaldian); 56-55 eta 75-81.
Epaileak. Sutulovic, Lottermoser eta Anastopoulos. Kanporaturik ez.
Bestelakoak. 9.000 ikusle inguru Buesa Arenan.
A multzoko beste partidak. Atzo, Khimki-Partizan (92-65); eta gaur, Zalgiris-Maccabi (18:45).
Ez du batere usain onik
Baskoniak galdu egin du Prokomen aurka, aspaldiko partida txarrena eginda, eta aldats gora du Top 16a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu