Burumakur eta umil-umil itzuli dira, aste honetan, baionarrak lanera. Agenen egindako partida tristearen ondotik —21-3 galdu zuen—, zauriak sendatzeari ekin diote Gajan eta Lievremont entrenatzaileek. Ageneko porrotak ziklo on bat itxi du Baionan. Top14an hiru garaipen lortu zituzten jarraian, eta Europako Challengeko beste biekin, orotara bost partida zeramatzan Lapurdiko taldeak galdu gabe.
Baina Top14an atseden hartzeko betarik ez dago, eta gaur arratsaldean aurkari oso arriskutsua etorriko da Jean Daugerrera (14:30, Rugbyplus). Castres Heineken Kopako postuak lortzeko aurkari zuzena da. Iragan sasoian lortu zuen helburua, eta aurten Europan ari da. Top14an ere fin dabil, sailkapeneko seigarren postuan. «Sasoi hastapenean erritmoa atzematen kosta zaio, baina orain bikain ari da jokatzen», esan du Christian Gajanek Castresekoei buruz. Baionarren kirol zuzendariaren hitzen seinale dira joan zen astean Castresek Tolosan egindako partida. Galdu arren (23-16), kolokan utzi zuten luzaz Tolosa, eta oso itxura ona eman.
Partidak garrantzi berezia du.Gaur irabaziz, joan zen asteko kolpea arintzeaz gain, Baionak Castres harrapatuko luke sailkapenean, lau punturen aldea baino ez baitago bi taldeen artean. Porrotak urrun utziko luke Europa baionarrentzat. Irabaziz, aldiz, lehian egonen litzateke Aturri eta Errobi bitarteko hamabostekoa.
Baina Baionako bi ibai horien artean urak ez dira nahi bezain bare ibili. Aste osoan gripe izurrite bat jasan du Avironek. Kutsatua izaten lehena Jean Baptiste Peyras izan da, eta Baiocco bigarrena. Azken hori osatu baldin bada ere, biarnesak ohean gelditu beharko du. Baina izurritea ez da horretan gelditu, atzo bertan Ross Filipo eta Sebastien Fauquek entrenamendua utzi behar izan zutelako.
Baina gripearena ez da berri txar bakarra Baionarentzat. Ageneko partidan min hartu zuten Aretz Iginizek eta Remy Martinek, eta ez dute jokatuko. Hendaiako harroinak hilabetea beharko du osatzeko. Joe Pietersen ere ukituta atera zen partidatik, eta gaur ordezkoekin izanen da.
Dena den, pozteko tartea ere izan du Baionak, Abdel Boutaty eta Yoann Huget osatu baitira, eta jokatzeko moduan daude. «Ilusioz nago berriz zelaian izateko», adierazi du Baionaren entsegugile nagusi Hugetek. Bere laguntza ez da sobera izanen Castresi irabazteko.
BAIONA-CASTRES
Baiona. Lafond, Roumieu, Baiocco; Boutaty, Flavell; Puricelli, Baget, Haare; Gartzia, Boyet; Pietersen, Gerber, Lacroix, Huget; Ehorga (kap.).
Castres. Forestier, Kayser, Ducalcon; Tekori, Rolland; Caballero, Masoe, Diarra; Tillous-Borde, Mc Intyre; Andreu, Baï, Cabannes, Tatupu; Teulet (kap.).
Ez du sukarrik nahi
Baionak gripe izurrite baten erdian jasoko du gaur Castres etxean, eta nahitaez irabazi beharko dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu