Unai Elorriaga iritsi berri da Calin (Kolonbia) jokatu den pistako Munduko Kopako probatik. Barakaldokoak urrezko domina eskuratu du puntuazio proban, Cespa Euskadi taldearekin lehiatuta. Euskal Herrira itzuli berritan, hedabideen aurrean hitz egin zuen atzo. Pozik agertu zen, baina «gutxietsita» eta «egoera deseroso» batean dagoela adierazi zuen. Izan ere, hilabeteak daramatza Joan Llaneras pistako Espainiako Federazioko zuzendariarekin hitz egin gabe. «Ez dut inongo harremanik hautatzailearekin», azaldu zuen.
Egoera horretara nola iritsi den ez du garbi Elorriagak. Bere garaian, Llanerasek Mallorcara bizitzera eta entrenatzera joateko egin zion gonbidapenari ezetz esan zion. Nahiago izan zuen Euskal Herrian geratu: «Nahiago dut etxean eta etxekoen ondoan egon; txirrindularitzarekin eta emaitzekin guztiz bateragarria da». Bizkaitarrak ez du uste erabaki hori baztertua izateko arrazoia denik.
Elorriaga «urduri» dago, ez baitaki datozen txapelketetan aritzeko aukera izango duen ala ez; federazioarekin dituen arazoen ondorioz baliteke deitua ez izatea: «Bi proba geratzen dira Munduko Kopan, eta ez dakit joaterik izango dudan, ezta Munduko Txapelketara eta Olinpiar Jokoetara ere».
«Ez dut harremanik hautatzailearekin»
Unai Elorriagak ez daki Olinpiar Jokoetan izango den, «gutxietsita» sentitzen delako Espainiako selekzioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu