AEB-Alemania (0-1) eta Portugal-Ghana (2-1)

Ez dute berdindu, baina biak sailkatu dira

Alemaniarekin batera, AEB sailkatu da final 1/8etara G multzoan. Estatubatuarrek galtzea ez dute baliatu Portugalek eta Ghanak

Alemania eta AEBen arteko partida. YURI KOCHETKOV / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 26a
21:09
Entzun

Alemania lehen sailkatua izan da G multzoan, eta AEB geratu da bigarren. Hortaz, biak doaz final 1/8etara. Beste daturik eta jakin gabe, pentsa daiteke ze emaitza izan den bien arteko partidan, berdinketarekin biak sailkatzen zirelako. Baina ez. Ez dute berdindu, eta hala ere, biak doaz aurrera.


Arriskua AEB zuen partida galduta, beste neurketako emaitza aldekoa behar zuelako. Hala egokitu zaio, Portugalek Ghanari 2-1 irabazi diolako. Portugalek saikatzeko beste hiru gol sartu beharko zituen, eta Ghanak aurrera egiteko, partida irabazi, betiere AEBek galduta.


Alemania eta AEB elkarri begira bezala aritu dira lehen zatian. Iritsi, iritsi dira bestearen areara, baina hor asmatzen ez. Gaizki pentsatzen hasita, eman zezakeen lotuta eta hitz eginda zutela emaitza aldez aurretik. Baina ez. Bigarren zatian, Mullerrek adierazi du ezetz, traturik ez dela egon. Alemaniaren gola sartu du, 55. minutuan. Alarma piztu zaie AEBko kideei, eta argia Ghanakoei eta Portugalgoei.


Hortik aurrera, bi partidek antza handia izan dute. Golaren bila lau taldeak, aurkariak utzitako zuloak baliatu nahian. Alemania izan da, jakina, arrisku gutxien hartu duena. Aldekoa zuen emaitza. Portugali ere halaxe jarri zaio, Boyek bere atean gola sartu duenean. Lehen zatian izan da hori, eta 1-0ekoarekin joan dira atsedenaldira.


Gero, Ghanak berdindu egin du. Gyan golegile, nola ez. Beste gol bat nahikoa zuen Ghanak aurrera jarraitzeko. Baina Cristiano Ronaldok egin du bigarrena Portugalen alde, eta hurrengo bost minutuetan, aukera izan du selekzio horrek gol gehiago sartzeko. Asmatu ez, ordea, eta etxera. Beste horrenbeste Ghanari buruz.
Poza estatubatuarren artean azaldu da. Galdu arren, barrura, final 1/8etara. Eta multzo zailean, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.