Ez dute maleta egin nahi

Alemaniak eta Suediak elkarren aurka jokatuko dute gaur. Etxeko taldea da aurrera egiteko faboritoa

Julen Etxeberria.
2006ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Aspaldi ez zuela Alemaniak Munduko Kopa batean hain hasiera ona egiten. Hiru partida jokatu ditu, eta hirurak irabazi ditu. Poloniaren aurkako partidan ez beste, gainera, eroso aritu da, estutasun handirik gabe. 1970eko Mexikoko Munduko Kopatik ez zuen horrelakorik lortzen. Orduan ere lehen ligaxkako hiru partidak irabazi zituen. Hirugarren izan zen gero. Helburua, hain zuzen, horixe da: gutxienez finalerdietara iristea. Jurgen Klinsmann Alemaniako hautatzaileak argi esan du: «Alemaniaren gisako herrialde batentzat hondamena litzateke finalerdietan ez aritzea, are gehiago txapelketa etxean jokatzen dela aintzat hartuta. Baina finalerdietara iritsita ere, ez ginen guztiz pozik egongo, txapela irabazi nahi dugulako».

Alemaniak joko ona egin du orain arte. Egia da aurrean izan dituen taldeak ez direla punta-puntakoak (Ekuador, Polonia eta Costa Rica), baina haien aurka jokatu dituzten partidetan alemaniarrek agerian utzi dute koska bat gorago daudela. Nagusitasun horrek aukera eman dio Klinsmanni hurrengo kanporaketetarako, benetako txapelketarako, prestaketa moduko bat egiteko. Hautatzaileak argi du zer-nolako taldea nahi duen, eta horren alde egin du nabarmen lehen ligaxkan. Bi aldaketa bakarrik egin ditu hasierako hamaikakoan lehen hiru partidetan. Estreinakoan, Costa Ricaren aurka, Borowski aritu zen zelai erdian, Ballack oraindik ez zelako osatu. Hirugarrenean, Ekuadorren aurka, berriz, Huthek jokatu zuen defentsako erdialdean, Metzelderri atseden emateko.

Etxeko taldeak badirudi konpondu dituela Costa Ricaren aurkako lehen partidan atzealdean izan zituen arazoak. Poloniaren eta Ekuadorren aurka hobeto aritu zen arlo horretan, eta ez zuen golik jaso. Orain, ikusteko dago ea hobekuntza hori euren lanaren ondorio izan zen, edo aurkarien eraginkortasunik ezagatik. Suediak, antzeko maila duen selekzioak, zehaztuko du hori. Erasoan, berriz, ezer gutxi du konpontzeko Alemaniak, ate aurrean bikain aritu baita: zortzi gol egin ditu hiru partidatan. Podolskik eta bereziki, Klosek (Munduko Kopako goleatzaile nagusia, lau golekin) erakutsi dute golak sartzeko gosez daudela.



IBRAHIMOVIC EDO ALLBACK. Alemaniak ez bezala, Suediak badu zalantzarik hasierako hamaikakoan. Ibrahimovic aurrelariak, taldeko izarrak, mina du aduktoreetan, eta ez dago ziur gaur jokatzeko moduan egongo den. Azken partidan, Ingalaterraren aurka, Allback aritu zen haren postuan, eta txukun aritu zen: gol bat sartu zuen. Gaurko partidaren garrantziak, hala ere, Ibrahimovicen alde egitera bultza dezake Lars Lagerback Suediako hautatzailea.

Suediak uste baino gehiago sufritu behar izan du final-zortzirenetara iristeko. Ez du partidarik galdu, baina bakarra irabazi du, Paraguairen aurka, eta azken minutuan gola sartuta. Suediarrek Alemania jotzen dute faborito aurrera egiteko. «Talde indartsua da, eta etxean jokatzen du. Bera da faboritoa, baina guk gure aukerak baliatu behar ditugu», aitortu zuen atzo Lagerbackek. Estatistikei erreparatuta ere, etxeko taldea da faborito. 12 aldiz jokatu dute bi selekziok elkarren aurka: zazpi aldiz irabazi du Alemaniak, behin Suediak eta lautan berdindu dute. Orain 14 urte jokatu zuten azken aldiz elkarren aurka, Suediako Eurokopako finalerdietan, eta Alemaniak 3-2 irabazi zuen. Suediarrek, beraz, etxekoei ordainekoa emateko aukera dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.