Hiru berdinketa. Hirutik hiru. Baina ez hiru garaipen. Hiru puntu. Bederatzi jokatu eta hiru lortu. Baina ez gara italiarrak. Ez dakigu Italiako taldeek bezala jokatzen. Jakingo bagenu, hirutik hiru izango zen baita ere. Baina hiru garaipen. Bederatzi puntu. Athletic, Osasuna eta Reala aurretik jarri ziren hiru partidetan, baina aurkariek berdindu egin zieten. Ez gara italiarrak. Ez zuten asmatu aldeko markagailuari eusten, italiarrek egiten duten bezala.
Atzean sartuta. Ez gara italiarrak, baina italiarrena egin zuten hiru taldeek. Aurretik jarri markagailuan, eta atzean sartu. Beren gogoaren kontra, italiarrek ez bezala. Aurkariak bultza eta bultza egin zien, eta atzean sartu behar, ura lepotik gora izanda. Horrela, bat-batean, hirurak astintzeko gogoa izanez gero, oso erraza da esatea atzean sartzeak eraman zituela galbidera. Baina gauza bat da atzean sartzea, eta bestea atzetik ez ateratzea. Eta Osasunak eta Realak gaitz hori jota hartu zuten azken arnasa. Athleticek minutu erdi batean bakarrik ez zuen asmatu atzetik ateratzen, baina nahikoa izan zitzaion soka lodia lepoaren bueltan jartzeko.
Aurkariak ere jokatzen du. Hiru lehia horien azaleko azterketatik orokortasunera joanda, askotan gertatzen da atzean sartze hori. Batzuetan, taldeak berak hala nahi duelako izaten da, horrela landuta daukatelako. Nahita, azken batean. Horra italiarren adibidea. Gehiagotan gertatzen da, ordea, beste egoera hau: atzean sartzen dira taldeak, baina nahi gabe. Aurkariaren joari erantzunik eman ezinik. Bultza eta bultza egiten dute, eta norbere atearen gainean jartzen dute kontrarioa. Osasunari eta Realari horixe gertatu zitzaien igandean. Realaren kasuan, Elustondo kaleratu izanak eragin handia izan bazuen ere.
Atzean sartzetik atzetik ez ateratzera. Sartu ditugu atzean Osasuna eta Reala. Ikusi igandeko irudiak, eta gogoratu nola egon ziren biak atzetik atera ezinda. Atzean sartuta egotea gauza bat baita, eta atzetik atera ezinda egotea beste bat. Malagak eta Vila-realek asko estutu zituzten, hor ez da dudarik. Baina ez ziren egon baloiaren jabetzan minutu guztietan, erasoaldi bortitzenak egin zituztenean ere. Noizbehinka berreskuratzen zuten baloia gure bi talde horiek. Eta hor dago sekretua. Baloiarekin egin zutenak atzerago sartu zituelako biak. Berehala galtzen zuten gehienetan, eta horrela ezinezkoa da atzetik ateratzea. Galdu behar ez diren baloi asko galdu zituzten, eta horrela normala da gero eta atzerago egotea. Baloiarekin urruti joatea da arnasa halakoetan. Eta urruti aurkariaren zelaia da. Eta urrutirako bide hori egiteko bi modu daude: astindua eman baloiari, eta taldea metro batzuk gora atera; eta baloia zelaiaren gainetik jokatzen atera, paseen bidez, goranzko bidean atzeko lekuak atzean utziz. Eraginkorragoa izan daiteke bigarren aukera, ondo egiten bada, baina arriskutsuagoa ere bada, aurkariak presioa egiten duelako. Baloia luze jotzearekin, berriz, baloia urruti jartzeko helburua erraz lortzen da, baina aurrelariak baloi hori irabazi ezean, berriz ere aurkariak du baloia, eta berriz da erasoan. Osasunak eta Realak baloia askotan galdu zuten egoera horietan, eta horrek berak eraman zituen atzerago.
Arriskurik gabe ere, arriskua. Athletici beste zerbait gertatu zitzaion. Racingek ez zuen atzean sartu. Zelai erditik gertu atera behar zuen falta kanpoko taldeak, eta jakina, Bielsaren jokalariak area inguruan batu ziren, jokaldia defendatzeko. Urrundu ere urrundu zuten, eta Herrerak hartu zuen baloia, baina modu txarrean, eta berehala kendu zion aurkariak. Talka egin zuten biek, eta falta egin zion etxekoak. Berriz ere areatik gertu bildu zen artaldea. Hala behar zuen. Zoritxarrez, hor sartu zion gola Santanderko taldeak. Athleticeko jokalariak baloiaren kontrola gaizki egiteagatik, beste aukera bat izan zuen kanpoko taldeak. Txikikeriak ematen dute jokaldi galdu horiek, baina egundoko garrantzia daukate. Eta are garrantzi handiagoa daukate geldikako jokaldi bat urrundu eta berehala. Kontrol onak arnasa emango zion Athletici, eta hiru puntu ziurrenik. Kontrol txarrak hilda zegoena piztu zuen, eta aukera ondo baliatu zuen gero. Jokaldiak arriskurik ez zeukan urrundu eta gero, baina arriskua egoera denetan egoten da. Eta hobe arriskuak uxatzea. Jokoaren bidez, edo bestela. Eta bestela horretan, italiarrak dira maisuak. Baina gu ez gara italiarrak.
Aulkitik begira
Ez gara italiarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu