Bayern Munich 1- Chelsea 1

Ez hasi futbolari logika bila

Bayern Munichek soilik egin du erasoko proposamena, baina penaltietan erabaki da Txapeldunen Ligako finala, Chelsearen aldeMullerren golaren ondoren, Drogbak sartu ditu ingelesen bi gol erabakigarriak

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Mullerrek (83. min.). 1-1: Drogbak (88. min.). Epailea: Pedro Proença (Portugal). Txartel horia Bayern Municheko Schweinsteigerri, eta Chelseako Cole, David Luiz, Drogba eta Torresi. Bestelakoak: 70.000 ikusle Municheko Allianz Arena futbol zelaian.

Ez hasi batek merezi zuela eta besteak ezetz esaten. Ahaztu Bayern Munichena izan zela baloi jabetza. Ahaztu alemaniarrek 27 jaurtiketa egin zituztela eta Chelseak zazpi besterik ez. Hamazazpi korner Bayernen alde eta bakarra Chelsearen alde. Ahaztu hori ere. Bayern Munichek 1, Chelseak 1. Horrela amaitu zen Txapeldunen Ligako finala. Lehen 90 minutuetan. Nola, eta Chelseak ateratako korner bakarrean Drogbak, buruz, baloia sareetara bidalita. Ez hasi futbolari logika bila. Merezimenduek ez dute golik sartzen. Penaltietaraino iritsita, merezi izan ez zuenak eskuratu zuen titulua, Drogbaren golari esker. Lehenengoa. Bosgarrena lortzeko desioarekin geratu zen Bayern, erasoko futbolaren proposamena egin zuen taldea. Baina hain erakargarria ez bada ere, defendatzea ere bada futbola, eta proposamen horrekin eskuratu zuten ingelesek titulurik preziatuena.

Lotsarik gabe egiten du Chelseak atzera. Finalerdietan lan horretan igaro zituzten Bartzelonaren aurkako kanporaketako 180 minutuak. Eta horixe egin zuten atzo ere. Arrisku bakar bat ere hartu gabe. Oparia onartuta, Bayern Munichek ere eroso ekin zion partidari, baloia ukitu eta ukitu, hegaletatik arrisku dezente sortuz. Zuzen jokatu zaleak dira Ribery eta Rooben, eta biek sortu zuten arrisku handia.

Kroosek 5. minutuan egin zuen lehen jaurtiketa arriskutsua, baina 9.ean iritsi zen alemaniarren lehen jokaldi landua. Kontraeraso ona eginda, Roobenek oso jaurtiketa txarra egin zuen arean sartu berritan. 21. minutuan are arrisku handiagoa sortu zuen, Chelseako hiru jokalari atzean utzi eta ahoko zuloan jaurtiketa ona eginda. Gerora ederki erakutsi zuen moduan, munduko atezainik onenetakoa dauka, ordea, Chelseak atepean. Roobenen falta jaurtiketa iritsi zen gero; Mullerren jaurtiketa zail eta arriskutsua ere bai...

Baina baloi gutxirekin arrisku handia sortzen du Chelseak, eta minutu bakarrean beldurtu zuen Bayern Munich. Matak gutxigatik kanpora bidali zuen falta jaurtiketa bat, area ertzetik, 34. minutuan; Drogba motelegi ibili zen kontraeraso on batean, hurrengo minutuan; eta ingelesen jokaldirik onenean, aurrealdeko lau jokalariek parte hartu zuten jokaldian, 0-1ekoa lortzeko zorian egon zen Kalou. Ireki egin zen partida Chelsearen hiru aukera horiekin. Hori bai, alemaniarrena izan zen lehen zatiko aukerarik onena. Kontraeraso landuan, pase ona jaso zuen Gomezek, mugimendu ona egin zuen gorputzarekin Cahill Chelseako atzelaria parean zuela, baina lurrera erortzen ari zela, oso gora joan zitzaion ezkerrez egindako jaurtiketa.

Partida amaiera ero-eroa

Merezimenduez asko hitz egiten da futbolean, eta argiak ziren oso lehen zatiaren amaierako datuak. Bayern Munich baloiaren jabe (%60); 13 jaurtiketa alemaniarrek —horietatik bi atera—, eta bi besterik ez ingelesek —bat atera—; zortzi korner Bayernen alde, eta bakar bat ere ez Chelsearen alde; 25 erasoko jokaldi etxekoek, 13 bisitariek... Baina golekin jasotzen dira kopak, eta husnakoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.

Riberyk ezker hegaletik egindako jokaldi onarekin hasi zen bigarren zatia. Hiru minutu geroago Roobenek egin zuen jokaldia eskuinetik. Riberyk sareetara bidali zuen baloia 54.ean, Mullerrek hasitako kontraerasoan. Baina jokoz kanpo zegoen frantziarra. Bayern Munichek segitzen zuen erasoan, jokoa lantzen, arriskua sortzen. Baina Chelseak baimenduta ari ziren alemaniarrak jokaldi arriskutsu guztiak sortzen. Gola falta zitzaien, ordea.

Roobenek eta Mullerrek eskura izan zuten 1-0ekoa lau jokaldi onetan —Mullerren biak argienak, 78. minutuan eta 82.ean—, baina armiarma sare handia zeukan josita Chelseak atzean. Horren erakusgarri, Drogba aurrelaria bihurtu zen lehen atzelari. Hori bai, nekez aurki daiteke Chelsearena bezain kontraeraso zitalik. 75. minutuan Drogbak berak bakarrik hautsi zuen Bayernen atzealdea. Erasorik gabe ere arrisku handia daukate ingelesek.

Futbolaren mesedetan, 83. minutuan jaso zuen saria erasoko jokoaren alde egin zuen talde bakarrak. Minutu bakar bat lehenago aukera ona eduki zuen Mullerrek berak, eta bigarren zutoinean dotore agertuta, baloia sareetara bidali zuen, buruz. Futbola magikoa da, ordea, eta ezer proposatu ez zuen taldeak 88. minutuan sartu zuen 1-1ekoa, korner batean; Drogbak bidali zuen baloia sareetara, burukada on batekin. Erreakziorako denborarik gabe, luzapenean erabaki zen azkenean Txapeldunen Ligako finala.

Eta luzapenari ere ez hasi logika bila. Roobenek nekez huts egiten du penalti bat, baina horixe egin zuen 94. minutuan. Van Buytenek ere baloiari bultza egitea nahikoa zuen 108. minutuan. Penaltiek eman zuten azken epaia, eta Drogbak sartu zuen finaleko golik garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.