Ez hotz, ez bero

Urrutiak esan du ondo iruditzen zaiola Calderonen jokatzea, baina nahiago zuela Cartuja, eta gehiago oraindik BernabeuPresidenteak jakinarazi du Florentino Perezek azalpen ulertezinak eman zizkiola

Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«Ez nuen arrazoirik ezetz esateko aurkeztu zizkidaten hiru aukeretako bati. Ondo iruditzen zait Vicente Calderonen jokatzea, baina nahiago nuen Cartuja, eta gehiago oraindik Santiago Bernabeu». Josu Urrutiak bereari eusten dio: Santiago Bernabeu zela Espainiako Kopako finala jokatzeko tokirik aproposena. Hala ere, Athleticeko presidenteak ez du gaizki ikusten Vicente Calderonen jokatzea. «Pozik nago, baina ez erabat», azpimarratu zuen atzo.

Urrutia luze mintzatu zen Kopako finalaren estadioaren aferaz, Ibaiganeko jauregian egindako agerraldian. Xehetasun asko eman zituen, zalantzak argitze aldera. Lehena, otsailaren 10ean, Mirandesi itzulikoan 6-2 irabazi, finalerako sailkatu eta hiru egunera Real Madrilekin jarri zela harremanetan, finala haren estadioan jokatzeko aukeraz hitz egiteko. «Aurretik federazioarekin hitz egin genuen, finala Bernabeun jokatzeko arazorik bazegoen galdetzeko. Federazioak esan zigun ez zegoela arazorik, eta horregatik jarri ginen harremanetan Real Madrilekin», azaldu zuen Urrutiak. Berehala jaso zuten Real Madrilen erantzuna: ezetz. «Florentinok esan zidan ezin zela jokatu finala Bernabeun. Hala ere, hitz egiten jarraitu genuen. Ez genuen aurrera egin, ordea, Florentinok ulertzen ez nituen arrazoiak ematen zizkidalako».

Bernabeun obrak egin behar zituztela. Horixe izan zen Real Madrileko presidenteak Athleticekoari eman zion arrazoia. «Florentinok espero du bere taldeak Txapeldunen Ligako finala jokatzea, maiatzaren 19an. Finala irabaziz gero, haren asmoa da egun bat geroago taldeari harrera egitea Bernabeun. Plan horrekin hark dio ez dagoela astirik estadioa 25erako prest egoteko».

Real Madrilen iritzia jakin arren, Athleticek eta Bartzelonak Bernabeu proposatu zuten federazioarekin eginiko lehen bileran, otsailaren 13an. «Federazioak jakinarazi zigun Real Madrilek ezezkoa emana zuela. Hala ere, agiri ofizial bat plazatzeko eskatu genion, berriro Bernabeu eskatuz. Bernabeurekin itsutu ginela? Itxaropena genuen Real Madrilek iritzia aldatuko zuela».

Martxoaren 2an egin zuten bigarren bilera federazioak, Athleticek eta Bartzelonak. Ordurako federazioak baztertuta zeukan finala Bernabeun jokatzea. «Bi egunen artean bat aukeratzeko eskatu zigun: 20a edo 25a. Estadioei dagokienez, hiru proposatu zizkigun: Mestalla, Vicente Calderon eta Cartuja. Bernabeun ezin zela jokatu ikusita, Cartujaren alde egin genuen. Sevillara joan ginen, eta han ikusi genuenak konbentzitu gintuen. Mestalla eta Vicente Calderon ere aukera onak ziren, baina Cartujak badu eskarmentua finalak antolatzen, UEFAko final bat eta Espainiako Kopako beste bat antolatu baititu. Gainera, hura zen zelaia egoera aproposean egotea bermatzen zuen bakarra», nabarmendu zuen Urrutiak. Athleticeko presidenteak argi utzi zuen inoiz ez zela egon mahai gainean Camp Noun jokatzeko aukera, ezta 20an jokatzekoa ere. Halaber, gezurtatu egin zuen zaleei eskatu izana Madrilen dirua ez gastatzeko.

Arazoak, zaleak betetzeko

Kopako finalak bereganatu zuen Urrutiaren agerraldiaren zatirik handiena, baina beste gai batzuk ere jorratu zituen. Etzi Manchester Uniteden aurka jokatu beharreko itzulikoaz aitortu zuen «zaila» izango dela zaleak betetzea, 40.000 sarreretatik 35.500 bazkideentzat direlako eta 2.000 inguru Manchester Unitedeko zaleentzat. Horretaz gain, klubak hainbat konpromiso ditu, eta Barria bazkideek ere lehentasunadute. Ez da harritzekoa, beraz, hainbat zale jada San Mamesen egotea, sarreren bat eskuratzeko asmoz.

Marcelo Bielsaren eta Fernando Llorenteren kontratua berritzeaz, berriz, «baikor» azaldu zen. Entrenatzailearen geroaz esan zuen «ziurrenik sasoia amaitu arte» ez dela zehaztuko. Aurrelariaz, berriz, adierazi zuen klubak jarraitzea nahi duela eta jokalariak ere jarraitu egin nahi duela.

Osasunaren aurkako derbiaz, azkenik, Urrutiak baloi jasotzaileen lana kritikatu zuen, eta Iruñean Iker Muniaini egindako irainak Joseba Etxeberriari bere garaian Donostian egin zizkiotenekin alderatu zituen. Athleticek, bestalde, atzo salatu zuen harmailetatik bota zuten zerbaitek Iraola jo zuela aurpegian. Klubaren arabera, «inbidia txarraren ondorio» da jokaera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.