Iker Muniain. Athleticeko jokalaria

«Ez nago jota, amorrazioz beteta baizik»

Ondo ari da Athletic. Iker Muniain, ordea, ez dago pozik bere lanarekin. Ia hiru hilabete luze daramatza golik sartu gabe, eta ezintasun horrek kalte egin dio bere konfiantzan.

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ez dago ondo Iker Muniain (Iruñea, 1992). Athleticeko erdilari nafarrarentzat pizgarria da gola. Bizipoza. Baina aspaldian ez dabil fin aurkariaren atean. Eta burua lanean hasi zaio. Hala ere, gazte gogorra eta lehiakorra denez, berandu baino lehen emango dio buelta egoerari. «Mallorcaren aurka gol bat sartu behar dut», esan zuen bere buruaz ziur, BERRIAk eginiko elkarrizketa amaitu berritan.

Levanteren kontra burumakur utzi zenuen zelaia, Marcelo Bielsak aldatu zintuenean. Eman al diozu buelta egoerari?

Ez dut uste jota nagoenik. Amorrazioa eta, era berean, motibazioa sortzen dit golik ez sartzeak. Gainera, taldeak bide onetik jarraitzen badu, nire egoera bigarren mailan geratuko da. Beraz, taldea lortzen ari den emaitzengatik poztea baino ez zaigu geratzen.

Jakinekoa da taldea dagoela jokalarien aurretik, baina zure inguruan dagoen kezka ez da atzokoa bakarrik. Albaceteren kontra ere ez zinen gustura geratu. Hala ere, ez dirudi horren burumakur egoteko arrazoirik daukazun. Gola sartzea falta zaizu, baina beste arlo askotan asko ari zara ematen.

Hotzean aztertuz gero, ez da horrenbesterako izango, baina aurrean jokatzen dugunok buruan daukagun gauza bakarra golak sartzea da. Ate aurrean ez asmatzeak motibatu egiten nau gogo handiagoarekin lan egiteko.

Asko hitz egiten da Athleticeko jokalariek golak sartzeko dituzuen arazoen inguruan, Susaetari, Toquerori, De Marcosi edota zuri gol sena falta zaizuela. Horrek ere badu eragina jokatzean?

Eragina dauka, duda barik. Azken bi partidetan zazpi gol sartu arren, jokalariok badakigu kritikak egiten ari zaizkigula arlo horretan. Hala ere, lerro guztietako futbolariak ari dira laguntzen erasoan, eta horrek asko ematen dio taldeari.

Bielsak konfiantza osoa dauka zure jokoan. «Zailena egiteko gaitasuna» daukazula dio, hau da, zuloak egiteko ahalmena. Eta, beraz, hasiko zarela asmatzen…

Horregatik nago lasai. Nik ere badakit golak etorriko direla. Gol gose itzela daukat. Bestalde, eskertzekoa da entrenatzaileak nigan duen konfiantza.

Joko bolada onenean egon ez arren, ez al zara zeure burua gehiegi estutzen ari?

Ez, ez. Nik sekula ez dut neure burua estutu. Nik jokatzeko eta pentsatzeko era bat daukat. Zelaian gozatzera irteten naiz.

Oraindik gaztea izan arren, taldearen erasoko jokoaren pisua eramateko ardura dutenetako bat zara. Horrek argi eta garbi erakusten du zenbateko ahala daukazun.

Gauzak ondo egin ditut, eta horregatik hartu dut pisua taldean. Pozik egoteko arrazoiak ditut.

Beraz, golak sartzen hasten zaren egunean txiki geratu behar zaizu Athletic.

Ez dut kontu horietan sartu gura. Golak sartu ezin badira, gol paseak ematen eta defentsan laguntzen ahalegintzen naiz.

Ez zabiltza fin azken partidetan, baina, hala ere, ikaragarri maite zaituzte Athleticeko jarraitzaileek. Igandean ere sekulako txalo zaparradarekin agurtu zintuzten aldagelarako bidean. Horrek asko balio du.

Gehien behar dudan momentuan horrelako babesa sentitzea ikaragarria da. San Mamesera joaten diren zaleentzat esker oneko berbak baino ez ditut. Egunero erakusten didaten babesari behar den moduko erantzuna ematea da nik buruan daukadan gauza bakarra.

Levanteren kontrakoa Athleticekin jokatu duzun 102. norgehiagoka izan zen. Espainiako Ligan ehun partida jokatu dituen futbolaririk gazteena zara. Enegarren gaztetasun marka ondu duzu.

Sekulako ilusioa egin dit Athleticekin ehun partida jokatzeak. Ohore handia da. Une gozoak eta horren gozoak ez direnak pasatu behar izan ditut honaino ekarri nauen bidean.

Zeintzuk izan dira unerik onenak eta txarrenak?

Gozoena San Mames elastiko zuri-gorriarekin zapaldu nuen lehen eguna izan zen. Ametsa bete egin zen. Futbolak duen gauzarik txarrena, berriz, lesioak dira. Denboraldi honetan zortea izan dut, eta hala jarraitzea espero dut [erantzuna amaitu bezain pronto begi aurrean duen egurrezko mahaia ukitu eta aitaren egin du].

Ontzea lortu dituzun marka guztietatik zeinek egin dizu ilusio handiena?

Markak ontzea gauza ederra da. Athleticekin lortu izanak sentiarazten nau harro.

Zein alde dago 16 urterekin debutatu zuen jokalariaren eta egungoaren artean?

Ez naiz asko aldatu. Oinarria betikoa da, baina eguneroko lanak eta heldutasunak hobetzeko aukera eman dit.

Gaur apur bat motel zaude, baina gehienetan zelaian erakusten duzun bizitasun berarekin erantzuten diezu egiten dizkizuten galderei. Konturatuko zinen dagoeneko futbolean ezin dela pentsatzen den guztia esan, ez?

Aholku asko eman dizkidate, baina nik nahiago dut egiten ditudan akatsetatik ikasi, ingurukoek esaten dizkidatenak gehiegi aintzat hartu baino. Horrek ez du esan nahi aintzat hartzen ez dudanik ingurukoek esandakoa. Gainera, ez dut uste akatsik egin dudanik.

Ez daukazu inolako damurik, beraz.

Ez. Ez baitiot inori minik egin. Lasai asko nago.

Zu ona eta gaztea zarelako zaudeguztien ahotan. Baina onak eta zaharrak direnak ere ez dira gutxiago. Paul Scholes eta Thierry Henry ere zeresana ematen ari dira azken asteotan.

Zaharrak bueltatu direla! Scholes itzuli da, Henry itzuli da, eta Levante ere lan bikaina egiten ari da talde beterano bat oinarri hartuta. Futbolarentzat ona dela uste dut.

Ederra izango litzateke behin 30 urte gainditu ostean nabarmentzen jarraitzea.

Ez dudala lesio larririk izan eta sasoian jarraitzen dudala erakutsiko luke horrek. Ez da gutxi.

Ia denok uste dugu Iker Muniainen onena ikusteko gaudela. Athletic al da zure dohainak garatzen jarraitzeko talderik aproposena?

Athletic arlo guztietan da klub handia. Bai, gazteei aukerak ematen da ona, eta futbolari zein gizaseme gisa hazten laguntzeko talde aproposa dela iritzi diot. Esperientzia handia duen talde gazte bat daukagu esku artean. Hobetzeko tarte handia daukagu, gainera.

Oraindik gaztea zara, eta jakinekoa da futbolean goitik behera aldatzen direla gauzak egun batetik bestera. Hala ere, Joseba Etxeberriak eta Julen Guerrerok egin zuten moduan Athleticen ikusten duzu zeure burua zure kirol ibilbidea amaitu arte edo bestelako esperientzia batzuk izatea gustatuko litzaizuke?

Inork ez daki zer gertatuko den etorkizunean. Egun dakidan gauza bakarra da Athleticen jokatzen dudala.

Muniainik onena ez da ikusi. Eztabelaunaldi hau osatzen duzuenon onena ere. Espainiako Kopako finala izan daiteke etortzeko dagoen lorpenetako bat. Azken hogei urteetan ez da ezagutu helburuen inguruan horren garbi mintzatu den jokalari multzorik. Finala daukazue begiz jota.

Oraindik luzea da bidea, baina Kopan ilusio berezia daukagu.

Iraganeko zuhurtzia alde batera utzi eta egun igortzen ari zareten mezu baikorrak taldearen pentsatzeko era aldatu dela erakusten du?

Ez izan dudarik. Klubak duen pentsatzeko era aldatu egin da. Talde irabazlea bihurtzen ari gara. Gauzak argi ditugu, eta behingoz lorpen handi bat eskuratzeko gogoa daukagu.

Bielsa al da taldeak eman duen aurrerapausoaren erantzule nagusia?

Bai, batez ere Marcelori esker da. Talde lehiakorra garela sinetsarazi digu, eta irabazle sena barneratu.

Kopan aurrera egiteko Mallorca kanporatu beharko duzue. Joaquin Caparrosen Mallorca, hain zuzen ere.

Caparros Katedralera itzuliko da. Beraz, partida berezia izango da. Goi mailako entrenatzailea da, eta ez dugu aurkari erraza aurkituko. Niri asko eman zidan. Berak eman zidan debutatzeko aukera. Ondo zaindu ninduen, eta gauza asko erakutsi zizkidan.

Caparrosek ondo prestatzen ditu partidak, eta inork baino hobeto menperatzen du beste futbola. Trikimailu guztiak dakizkiela, alegia. Edozer ikusteko prest egon beharko duzue.

Prest gaude. Caparrosek ondo ezagutzen gaitu, baina gu bera ere bai. Ez gaitu ezustean harrapatuko.

Zein da zuretzat Mallorcara lasai joateko behar duzuen emaitza?

Irabaztea eta atea hutsean lagatzea lortu behar dugu. Ono Estadi oso zelai gaitza da.

Kopako finalerako txartela ez eskuratzea porrota izango litzateke?

Ez litzateke porrota izango, baina bai atsekabe handia. Kalea zapaldu bezain pronto konturatzen gara zer-nolako ilusioa dagoen Koparen inguruan.

Valentzian jokatutako finalaz sarri hitz egiten dute jokalariek, zaleek eta hedabideek. Esperientzia ahaztezina izan zen. Zu non zinen finala jokatu zenean?

Mestallan egon nintzen, Athletic B-ko taldekideekin.

Eta zer iruditu zitzaizun?

Ikaragarria. Jokalarientzat esperientzia ahaztezina izan zen, baina baita harmailetan egon ginenontzat ere.

Kopaz gain, Liga eta Europako Liga ere hor daude. Zer eskatu behar diogu Athletici erregulartasunaren txapelketan?

Sasoi hasiera txarra egin arren, onenen ingurura gerturatzea lortu dugu. Ligako helburua urtero Europarako txartela eskuratzea da. Horrek asko balio du.

Denboraldi honetan laugarren postua sekula baino merkeago dagoela esaten dute. Ados?

Futbolean ez dago merkea den ezer. Are eta gutxiago Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Levante ez da izen handiko taldea, baina 30 puntu irabazi ditu orain arte. Oso ondo ari da lanean. Guk bide beretik jarraitzen badugu, izango dugu postuak hobetzeko aukera.

Eta Europako Ligan zer?

Inork ez dezala pentsa alde batera utziko dugunik. Futbolarioi ilusio berezia egiten digu Europan lehiatzeak. Ez da urtero izaten dugun aukera. Kontua da errusiarren kontrako kanporaketa zaila izango dela [Moskuko Lokomotiv].

Baina aurrera eginez gero, Old Trafforden jokatzeko aukera izan dezakezue. Aukera hori edukitzea aparta izan behar du futbolari batentzat.

Hala da. Ederra izango litzateke.

Bukatzeko, hiru lehiaketetan parte hartzeak ez al du ahalegin larregi eskatzen?

Beharbada, bai. Baina aldagelara joan eta han galdetzen baldin baduzu ahalik eta neurketa gehien jokatzea gura dutela erantzungo dizute taldekide guztiek. Sekulako zortea daukagu hiru lehiaketetan bizirik jarraituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.