«Ez nago kezkatuta»

Azken lehietan txakalaldi txiki bat izan arren, Jokin Aperribai ziur da Reala Europarako sailkatuko dela. Presidentea «oso gustura» dago Lorenen lanarekin

Jokin Aperribai Realeko presidentea, irribarretsu, atzo, Deban, jaioterriko Errotazar futbol zelaian egindako entrenamenduan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2017ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Gipuzkoako futbol klubekin gertutasuna adierazteko eta asteburuan liga jardunaldirik ez dagoela baliatuta, Zubietatik kanpo osatu zuen atzoko lan saioa Realak. Zehazki, Debako Errotazar futbol zelaian aritu zen, 500 bat jarraitzaile harmailetan zituztela. Jokalariek izan zuten makina bat lan elastikoak sinatzen, baina kamera eta mikrofono guztiak Jokin Aperribai Realeko presidentearen zain egon ziren. Jaioterrian egonik, Aperribaik arretaz begiratu zion taldearen entrenamenduari, eta, ondoren, kazetarien aurrean mintzatu zen. Ohiko baikortasunik ez zuen falta izan. «Oso indartsu dago Reala, eta ziur nago Europan lehiatuko garela datorren denboraldian».

Kezka eta zalantza izpi bat ere ez zuen azaldu. Azken bi hilabeteotan taldearen jokoak behera egin duen arren, eta azken bi partidak galdu egin baditu ere, alarma gorria pizteko motiborik ez dago, haren esanetan. «Athleticen kontra ez ginen fin aritu, baina Alavesen aurka hutsune asko genituen, eta igarri egin zen. Halere, merezi genuen berdintzea». Hori bai, porrot hura ahaztu eta alde baikorrari begiratzea nahiago du. «Gasteizen debuta egin zuen lehen taldearekin Guridik, eta asko gustatu zitzaidan. Ondo jokatu zuen, eta albiste horiek asko betetzen naute».

Benetan beteko lukeena, ordea, Reala Europarako sailkatzea litzateke. «Konfiantza osoa dut entrenatzaile zein jokalariekin. Gazteen aldeko apustu nabarmena egiten ari da Eusebio; Guridiren kasua ikusi besterik ez dago, eta ondo sailkatuta gaude. Eusebio da guretzat entrenatzaile egokiena, eta badakit bide onean eramango gaituela». Hortaz, ez du uste 2013-2014ko sasoiko gauza bera gertatuko denik. Artean, Jagoba Arrasate aulkian zela, taldea lehertuta iritsi zen azken txanpara, eta zazpigarren izan zen. Estu eta larri sailkatu zen Europarako, baina gero bide laburra egin zuen, Krasnodarrek kanporatu baitzuen atarikoan. «Ordutik aldaketa nabarmen bat suma daiteke. Orduan, jokalari guztiak pentsatzen ari ziren ea non jokatuko ote zuten hurrengo sasoian. Orain, guztiek gauza bakarra dute buruan: Europarako sailkatzea».

Ondorioz, ez du arduratzen taldearen azkenaldiko dinamikak. «Jokalariekin sarri hitz egiten dut eta konfiantza ematen didate. Badakit duten guztia emango dutela eta Europarako sailkatuko garela». Ziur dago Realak ondo erantzungo duela azken hamar partidetan. «Ligako etenaldiak mesede egingo digu, arnasberritzeko eta min hartuta dauden jokalariak osa daitezen. Hurrengo neurketa Leganesen kontra dugu etxean, eta, hori irabazita, behetik gora hasiko gara berriro ere».

Min hartutako jokalariak osatzea ez ezik, jokoan hobetzea ere beharko du Realak, Alavesen kontra ez ezik, Athleticen aurrean ere antzu aritu baitzien.

Taldearen irudiaz gain, beste datu kezkagarri bat izan zen Anoetako derbian, 25.652 zale besterik ez baitziren izan harmailetan. Jarraitzaileek haserrea adierazi zuten klubarekin, bazkideek ordaindu beharreko eguna izendatu baitzuen klubak. «Anoeta eraberritzeko proiektuarekin, inbertsio handi batean murgilduta dago kluba, eta ezin dugu finantzaketa iturririk moztu. Guztioi min egiten digu bazkideek gehiago ordaindu behar izatea halako egunetan, baina ez dago besterik». Aperribairen arabera, onuradun nagusiak zaleak izango dira. «Estadio berriarekin zaleak gerturatu egingo dira zelaira».

Olaberen dimisioa

Gerturatu beharrean, Realetik urrundu dena Roberto Olabe izan da. Futbol zuzendari gisa sei hilabetez lanean aritu ondoren, orain dela bi aste aurkeztu zuen dimisioa. Gai horri buruz serio eta hotz mintzatu zen Aperribai. «Arrazoi pertsonalengatik utzi du Reala. Pena izan da, gaitasun handiko pertsona baita, baina nik aspalditik neukan erabaki horren berri. Errespetatu eta aurrera egin beharra dago. Halere, Olabek beti izango ditu irekita Realearen ateak». Ez da inolako arazorik egon Olaberen eta Lorenzo Juarros Loren Realeko kirol zuzendariaren artean. «Kazetari batek edo bestek gezurrak argitaratu dituzte, baina arrazoi pertsonalak soilik daude erabakiaren atzean».

Ohi bezala, Lorenen lana goraipatu egin zuen. «Zortzi urte daramatza Realean, eta bikain ezagutzen ditu harrobia eta lehen taldea. Kluba hazten ari da, eta hori ez da goizetik gauera lortzen. Meritu handiko lana egiten ari da. Lan on askoren fruituak jasotzen ari gara, eta itsu-itsuan sinesten dut haren metodologian». Hitzez aitortu ez arren, ondoriozta daiteke kontratua berrituko duela Lorenek. «Hitz egingo dugu tokatzen denean, baina Olaberen kasuak ez du eragingo. Inoiz ez dut zalantzan jarri Lorenen lana».

Kontratua berriki luzatu duena Xabi Prieto izan da. Joan den astean bildu ziren presidentea eta kapitaina, eta Prietoren erabakiak ez du ezustean hartu Aperribai. «Eredu da Xabi Prieto, eta jokalari gazteak ateratzen ari garen sasoi honetan, oso garrantzitsua da bera taldean jarraitzea. Langilea da, umila, jokalari aparta. Oraindik ere soka luzea dauka, eta sasoi betean jarraituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.