Sebastian Gonzalez. Aspeko pilotaria

«Ez nago orain bi urte bezala, baina irabaziz gero, hartuko dut sasoi hura»

2009tik, lau t'erdiko txapela irabazi zuenetik, kaiolako txapelerako hautagai nagusietako bat da. Uda zailaren ondoren sasoi onenean ez egon arren, itxaropentsu ekingo dio bihar lehiari, Olaizola II.aren aurka.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
2009tik, txapeldun izan zenetik, lau t'erdikoa irabazteko hautagaien zerrendan sartu zen Sebastian Gonzalez (Azkaine, 1977). Aurtengo uda ez da ona izan, baina entrenatzen ondo ikusi du bere burua. Biharko final-laurdenean, Iruñean, neurria ondo hartua dion aurkari bat izango du: Olaizola II.a

Prest al zaude biharko partida garrantzitsurako?

Bai, ilusioz beterik eta pilota gosez nago. Agian, hobe nuen pare bat aste gehiago izan banu prestatzeko, baina guztion nahia litzatekehori. Aspalditik nekien egun hauetako batean jokatu beharko nuela, eta ez dago besterik.

Nola sentitzen zara?

Nahiko irudipen ona daukat orain artean. Lana gogotik egin dut, eta ez naiz disgustura gelditu emaitzekin. Eskuko arazoekin ibili naiz udan, baina azken asteetan askoz tako gutxiagorekin jokatzea lortu dut, eta, ondorioz, hobera egin du nire jokoak.

Ez da berdina, ordea, entrenamenduetan sentitzen dena edo galtza zuriak jantzita sentitzen dena.

Egia da. Gainera, lehen partida beti izaten da arriskutsua. Tentsio handia egoten da, eta nahizeta buruak gauza bat esan, zaila da gorputzak ongi erantzutea. Partidetan ikusten da nor den pilotari ona, ez entrenamenduetan.

Zer landu duzu gehien?

Nire ohiko jokoa. Beti egiten dudana. Gauza sinpleak hobetzen saiatu naiz batez ere, horiek ongi eginez gero ez baitago hoberik. Gehienbat aspaldian galduta daukadan kantxako erritmora egokitzen ahalegindu naiz.

Zein da zure helburua?

Jokatzen ditudan neurketa guztiak irabaztea, eta, beraz, txapela janztea. Baina momentu honetan ezin zaio horri begiratu. Orain pentsatzen dudan gauza bakarra bihar irabaztea da.

Orain bi urte txapeldun izan zinen. Orduko jokotik urrun al zaude?

Ariketak gehienbat ahalegin horretan egin ditut. Halere, ez dut lortu oraindik sasoi horretara heltzea. Lehen lehia irabaziko banu, denbora gehiago izango nuke ligaxkarako prestatzeko, eta pentsatzen dut hartuko nukeela sasoi hori. Horretarako, baina, bihar irabazi beharra daukat, eta ez da erraza izango.

Aurtengo uda ez da izan zure profesional ibilbideko onena.

Egia da. Ezker eskuaren erdian izan dudan kailuak buruhauste ugari sortu dit. Bost aldiz ireki didate eta ezin sendaturik ibili naiz. Horrek erritmoa galtzea ekarri dit, baina orain erabat osaturik nago.

Alde ona ere badu horrek. Hain partida gutxi jokatu izanak gorputza fresko edukitzeko balio izango dizu.

Bai, bai. Erritmoa falta arren, fisikoki oso ongi sentitu naiz, eta kolpez ere bai. Binaka jokatu ditudan partida apurretan oso ongi aritu naiz.

Lehen partida Olaizola II.aren aurka duzu. Askoren ustez, faborito nagusiaren kontra.

Askoren eta nire ustez ere bai. Pilotari osoa da eta dena egiten du ongi. Ez dut zorte ona eduki beraren aurka tokatuta, baina beste bat tokatu izan balitzait ere, partida zaila izango nuen. Hemen guztiek jokatzen dute asko.

Irabazita, errespetu handia sortuko zenuke ligaxkan.

Egun guztiak izaten dira desberdinak, baina egia da, bai. Besteei baino gehiago neure buruari eragingo lioke bihar irabazteak. Sekulako konfiantza emango lidake hurrengo partidei begira.

Olaizola II.ak neurria hartua dizu.

Askotan jokatu dugu elkarren kontra banaka, eta gutxitan irabazi diot. Taktikoki beti edukitzen du partida ongi prestatuta, eta zaila da ezustean harrapatzea. Hala ere, bere tokitik ateratzen ahalegindu behar naiz, nire dohain nagusiak baliatuz.

Zure eta Olaizola II.aren arteko neurketak beti dira bereziak.

Bere garaian gertatu zen zerbait, baina ezin diogu horri begiratu. Batzuk ados gaude eta beste batzuk ez. Berezia izan daiteke, bai, baina niretzat gehienbat txapelketako partida delako da berezia.

Final-laurdenetan ez dago partida errazik.

Hori da. Aldez aurretik beti daude faboritoak, eta aurreikusitakoa gertatzen bada, ez gara harritzen. Baina uste baino gehiagotan gertatzen da faborito ez denakirabaztea. Zortzi onenak gaude, eta edonork irabaz diezaioke edonori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.