Xavier Margairaz, Osasunako jokalaria

«Ez naiz konformatzen soilik partidak ordezkoen aulkitik ikustearekin»

Pozik dago Iruñean, baina jokatzen ez badu futbolaria «erabat pozik» ezin dela egon dio. Badaki zertaz ari den, oraindik ez baitu minutu bakar bat ere jokatu.

2007ko urriaren 4a
13:14
Entzun
Suitzako selekzioarekin jokatzen du. Hango liga irabazi zuen iragan denboraldian, Zurichekin, eta taldeko izarra zen Xavier Margairaz (Rances, Suitza, 1984). Osasunan, ordea, Liga hasiz geroztik minutu bakar bat ere jokatu ez duen futbolari bakarra da. Atzo arte ez zuen komunikabideekin hitz egin. BERRIArekin hautsi du isilaldia.

Nola egokitu zara Iruñeko bizitzara?

Oso ondo. Jada bi hilabete daramatzat hemen eta pozik nago. Egia da hemengo jendearen mentalitateak ez duela suitzarrenarekin zerikusirik, baina egokitu beharra daukat eta ez dago arazorik.

Zein da Zurichen zenuen bizitzarekin alderatuz gero nabaritu duzun aldaketa nagusia?

Ez dakit nola azaldu, baina mentalitatea oso ezberdina da; hemen jendea Suitzan baino askoz beroagoa da harremanetarako. Han askoz zuzenagoak gara, baina, egia esateko, erraz moldatu naiz eta ohitzen ere ari naiz jada.

Osasunaren eskaintza onartu aurretik zer zenekien klubari buruz?

Europan egin zuen ibilbideagatik ezagutzen nuen batez ere. UEFA Kopako partida bat baino gehiago ikusi nizkion Osasunari iragan sasoian, eta banekien Espainiako Ligan egindako lan onaren ondorioa zela Europakoa.

Osasuna UEFA Kopako finalerdietan ikustea garrantzitsua izan al zen eskaintzari baietz esateko?

Egia da taldeak ibilbide deigarria egin zuela Europan, baina batik bat Osasunako arduradunek ni fitxatzeko erakutsi zuten interesagatik erabaki nuen Iruñera etortzea. Klubak ni hemen izatea nahi zuela esan zidan behin eta berriz, eta etortzea erabaki nuen.

Familia giroa izanagatik, hizkuntzaren arazoa daukazu oraindik.

Bai, ez da erraza. Gaztelania ikasteko klaseetara joaten naiz, baina ez da erraza. Dena dela, ikasiko dut, beharrezkoa dut.

Frantsesez hitz egiten duzu Delporterekin eta Plasilekin. Eta besteekin?

Hasieran gaizki pasatu nuen, ni lotsati samarra ere banaiz eta. Halere, orain beste taldekideekin ere hitz egiten saiatzen naiz, harremana izatea oso garrantzitsua baita.

Klub gisa Osasunak harritu al zaitu? Zurichekin Suitzako Liga irabazi zenuen azken sasoian. Osasuna baino klub handiagoa al da?

Zurich ez da Osasuna baino talde handiagoa, ezberdinak dira, besterik ez. Suitzan ez bezalako garrantzia dauka hemen futbolak. Une oro futbolean pentsatzen du jendeak hemen, telebistaz ere ehunka partida ikus daitezke, eta Suitzan ezberdina da.

Esaten duzun eran, ez dakit hori gustukoa duzun ala ez.

Bai, bai, bai, asko gustatzen zait, ni futbolzalea naiz, eta benetan asko atsegin dut hemengo mentalitatea.

Bi ligen ezberdintasun nagusia abiadura da?

Bai. Hemen bi aldiz azkarrago jokatzen da.

Hori arazoa izan daiteke zuretzat?

Erritmo honetara egokitzea zaila dela argi dago, baina, hain zuzen ere, horregatik etorri naiz hona. Europako liga onenean nago, eta hori nahi nuen, zailtasunak zailtasun. Suitzako selekzioarentzat ere oso garrantzitsua izango da ni abiadura honetan jokatzen ohitzea, eta hori lortuz gero, beste garrantzi bat izango dut Suitzako taldean ere.

Abiadura fisikoa ala abiadura mentala, zer eskatzen dizute hemen?

Buruan dago gakoa. Badaude jokalari azkarrak, baina geldoagoek ere joka dezakete, azkar pentsatzen baitute. Hor dago gakoa, hori da Suitzarekin alderatuz gero gehien aldatzen dena. Han baloia kontrolatu eta pentsatzeko astia izaten duzu, hemen baloia kontrolatu aurretik pentsatu behar duzu zer egin. Aldaketa itzela da. Ni ez naiz esprinterra, baina azkar pentsatzea da gakoa.

Zidane miresten duzu. Hark ere ez zuen abiadura ikaragarririk, baina pentsatzen lanik ere ez zuen hartzen hark; futbola atera egiten zitzaion.

Horregatik diot buruan dagoela gakoa. Betidanik miretsi izan dut Zidane. Jende askok miretsi izan dugu haren futbola, ikaragarria zen.

Osasunan ez duzu oraindik zure balioa erakusteko aukerarik izan, baina, hala ere, Suitzako hautatzaileak deitu egin zaitu datorren astean jokatu beharreko partidarako. Hori gauza ederra da, ezta?

Bai, oso garrantzitsua da, baina, era berean, presio apur bat gehiago daukat selekzioarekin: hemen jokatu gabe jarraitzen badut, selekzioan ere ez dut jokatuko. Hori argi daukat.

Taldeko jokalarietatik minutu bakar bat ere jokatu ez duen bakarra zu zarela ikusteak gehiago kezkatuko zaitu?

Oraindik ez nago kezkatuta. Osasunan tokia badudala erakutsi nahi nuelako etorri nintzen, eta nire esku dagoen guztia egingo dut hori hala izateko.

Eperik jartzen al diozu zeure buruari?

Ez, behar adina denbora jarraituko dut lanean, lortu arte.

Zailtasunen jakitun zinen, baina errazago egokituko zinela uste al zenuen?

Gogorra da ez jokatzea, hori onartzen dut. Egunero zurekin lanean ari diren taldekideak zelaian ikusten dituzun bitartean zuk partida harmailetatik jarraitu behar izatea ez da samurra, haserretu egiten zara. Baina hori konpontzeko bide bakarra dago: lanean gogor jarraitzea.

Azken norgehiagokan deialdian sartu zintuen Zigandak. Bada zerbait.

Bai. Baina partidak ordezkoen aulkitik ikusteak ez nau pozten, ez naiz horrekin konformatzen; zelaian egon nahi dut. Horretarako egiten dut lan egunero, eta hobetu beharrekoa eta aldatu beharrekoa zuzentzea da nire asmo bakarra. Pixkanaka hobera egin eta titularren artean izatea da helburua, argi dago. Jokatzen ez dudala ahaztuz gero, oso gustura nago hemen, baina jokatzen ez badut, erabat pozik egotea ezinezkoa da.

Taldea ere ez da ondoegi hasi, gainera.

Maila honetan, xehetasun txikiek erabakitzen dituzte norgehiagokak. Gol aukera on bat alferrik galtzea larrutik ordaintzen da. Eta oraingoz, xehetasun txiki horietan ez dugu zorterik izan, besterik ez.

Bartzelonaren aurka futbol zelaian ikusi zen giroa ez zenuen askotan ikusiko Suitzan.

Ez. Partida batzuetan bai, eta selekzioarekin jokatu ditudan zenbait partida garrantzitsutan. Jende dezente joaten da partidetara han ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.