Futbola. Frantziako Eurokopa: A multzoa. Jon Larreategi. Jokalari ohia eta entrenatzailea

«Ez nau harritu De Biasirekin Albania Eurokopan sartzeak»

Levante B-ko jokalari zela, Gianni De Biasi Albaniako hautatzailearekin lan egiteko aukera izan zuen atzelari eibartarrak, 2007-2008 denboraldian. Italiarraren oroitzapen onak dauzka gipuzkoarrak.

«Ez nau harritu De Biasirekin Albania Eurokopan sartzeak».
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Eurokopan lehen aldiz ariko da Albania, eta, bitxia ematen badu ere, badauka loturarik selekzio horrek Euskal Herriko futbolarekin. Jon Larreategi (Eibar, Gipuzkoa, 1984) eta Iñaki Deskargari esker egin daiteke lotura hori, Gianni De Biasi selekzio horretako hautatzailea denaren jokalari izan zirelako 2007-2008 denboraldian, Levanten. Eibartarrak ondo ezagutzen du Italiako entrenatzailea, eta futbola berriki utzi duen jokalaria ez da harritu lortu duen arrakastarekin. De Biasirekin gustura aritu zen Levanten, eta esperientzia horiek kontatu dizkio BERRIAri.

Noiz izan zenuen entrenatzaile Gianni De Biasi?

2007an izan zen. Levantek fitxatu ninduen orduan, bigarren talderako. De Biasi urrian etorri zen, Abel Resino bota egin zutelako lehen taldeko entrenatzaile kargutik. Une batean, jokalariak kobratu gabe hasi ziren geratzen, eta batzuek ospa egin zuten lehen taldetik. Orduan, halabeharrez, bigarren taldekoak erabiltzen hasi zen entrenamenduetan eta partidetan.

Nolako entrenatzailea da?

Oso italiarra. Jokatzeko moduagatik eta entrenatzaile taldea antolatuta zeukan bezala antolatzeagatik: prestatzaile fisikoa, bigarren entrenatzailea, eta abar. Tratuan jatorra zen gurekin. Bestela, zorrotza zen, oso metodikoa lanean. Gazteekin harreman ona izan zuen.

Levantera heldu zenean, lehen taldeak oso puntu gutxi zeuzkan.

Bai. Ia-ia Bigarren Mailan zegoela esaten zen orduan. Abelekin puntu bakarra atera zuen taldeak aurreneko zazpi partidetan, eta orduan ekarri zuten De Biasi. Taldea mentalki behea jota zegoen, eta berarekin emaitza onak heldu ziren, baina ezin izan zion eutsi mailari. Matematikoki jaitsi ginenean, liga bukatu gabe zegoen oraindik, baina joan egin zen taldetik; Turin Italiako taldearen eskaintza onartu zuen, eta talde hura jaitsieratik libratzea lortu zuen.

Futbol munduan itxura ona utzita joan zen, eta esan nahi du horrek zerbait.

Taldeari eman zion bere ukitua. Abelekin nortasun gutxiko taldea zen Levante, eta De Biasik hori eman zion, beste gauza askoren artean.

Gazteak egunero entrenatzen zineten berarekin?

Astean hiru bat bider edo. Iborra, orain Sevillan dagoena, lehen taldera igo zuen Gabonetan, eta Armando, orain Elxen dagoena, eta Reina ere, Gimnasticeko egungo atezaina, igo zituen lehen taldera. Besteok noizean behin joaten ginen lehen taldearekin entrenatzera. Zazpi bat jokalari ibili ginen bigarren taldetik igota lehen taldearekin lanean.

Jokatu zenuen lehen taldearekin?

Ez. Entrenamendu baten ondoren nigana etorri zen, eta esan zidan deialdian sartuko ninduela, Betisen aurkako partidan. Deialdian sartu ninduen, eta gogoan daukat Sevillan, partida eguneko goizeko ibilaldian, De Biasik deitu egin ninduela berarekin hitz egiteko. Galdetu zidan ea nongoa nintzen, non jokatu nuen lehenago, eta horrelako kontuak. Gero, zelaian, partida hasi baino ordubete pasatxo lehenago, Pedro Leon sakelakoarekin zelaiari argazkiak ateratzen hasi zen. Sekulako oihua egin zion De Biasik: «Gorde sakelakoa. Ez gaude oporretan argazkiak ateratzeko!», esan zion. Talde osoa mutu gelditu zen. Nik orduantxe atera behar nuen sakelakoa, eta azkar joan zitzaidan gogoa.

Gertukoa bai, baina izan behar denean zorrotza ere badela, hortaz, De Biasi.

Bai. Baina De Biasik egin zezakeen horrelako zerbait, aurretik ondo bereganatuta zeuzkalako jokalariak.

Nolako entrenamenduak egiten zituen?

Nahiko luzeak; batez ere, partida aurreko egunetan. Aurkaria ondo aztertzen zuen. Geldo samarrak izaten ziren entrenamendu horiek, baina gazteoi ondo etorri zitzaigun ikasteko. Beteranoei ez zien batere graziarik egingo, ziurrenik.

Zer ikasi zenuen De Biasirekin?

Jokalaria nola irabazi behar den ikasi nuen denboraldi hartan. Harreman ona zeukan jokalariekin, aldageletan txantxetan ibiltzen zen, eta, horrekin, bere alde jartzen zituen jokalari gehienak; behar zuen, gero entrenamenduak-eta ez zirelako oso arinak izaten batzuetan, lehen esan bezala.

Erreparatu al diozu non ibili den harrezkero?

Hasieran, bai; baina gero, ez. Orain dela gutxi, lagun batek esan zidan Albaniako entrenatzaile dabilela. Harritu egin nintzen, eta, gero, arreta jarri nion. Eta begira, Eurokopan sartu du, azkenean.

Ez zaitu harritu De Biasi hautatzaile dela Albania Eurokopara sailkatzeak?

Talde gehiago ariko dira aurten, eta horrek handitu egin dizkie aukerak selekzio batzuei. Balkanetako taldeak eta hor ingurukoak beti izan dira talde gogorrak, eta jokalari gazteak ateratzen ere abilak izan ohi dira. Ezustea da Albania Eurokopan izatea, baina De Biasi hor egonda, harritu ere ez nau egin.

Bera ezagututa, nolako taldea izango da Albania?

Irabazteko zaila, hori seguru. Gogorra ere bai, sendoa. Talde landua izango da. Hiruzpalau urte badaramatza dagoeneko han, eta aukera izan du taldea ondo lantzeko. Horretan ere ona da.

Italiako estiloa erabiliko duela uste duzu?

Denetarik pixka bat. Italiarren moldeak izango ditu selekzioak, eta baita Balkanetakoen izaera gogorra ere. Talde sendoa izango da, ziur.

Ikusiko duzu Eurokopa?

Bai. Asko gustatzen zait futbola telebistaz ikustea, eta ikusiko dut txapelketa.

Nolako itxura hartzen diozu txapelketari?

Uste dut Frantziak talde indartsua daukala, nahiz eta Benzema ez den joango. Zaleen aurrean ere jokatzen du, eta horrek laguntza emango dio, 1998ko Munduko Kopan txapeldun izan zenean ikusi zen bezala. Gero, Alemania, Ingalaterra, Espainia ere hor ibiliko dira... eta Italia nola ez, beti azaltzen delako indartsuenen artean.

Ezustea zein izango da?

Ez dakit, baina baten bat azalduko da, ziurrenik. Txapelketa guztietan azaltzen delako espero ez den selekzioren bat. Ikusiko dugu zein den. Belgika izan daiteke, oso talde ona duelako. Kroaziarekin ere kontuz. Eta Portugal ere ez baztertu, Cristiano Ronaldo taldean izanik arriskutsua izango delako.

Talde gehiago lehiatzeak zabaldu egiten du aukera ezusteentzat?

Bai, eta faboritoen zerrenda ere handitu egiten da. Baina, azkenean, betikoak iritsiko dira bukaerara. Finalerdietako lau taldeetatik hiru hor izatea ez da ezustea izaten halakoetan, eta Eurokopa honetan ere horrela gertatuko dela uste dut.

Normalean, ezusteek ez dute irabazten azkenean.

Oso gutxitan irabazi izan du espero ez zen selekzio batek. Greziarena, 2004ko Eurokopakoa, oso salbuespen handia da. Halako txapelketa motzetan beldur handia izaten dute selekzioek galtzeko, eta berdinduak izaten dira partida gehienak.

Duela bi urteko Munduko Kopako partida asko eta asko joan-etorrikoak izan ziren. Eurokopa honetan ere gauza bera gertatuko al da?

Ez zait iruditzen, Europako futbola itxiagoa delako. Alemaniak eta Espainiak zabaldu egin dute jokatzeko era bat, eta espero dut erakargarria izatea, baina ez da erraza: zein entrenatzaile ausartzen da erasora alai jokatzen hain txapelketa laburrean?

Jokalariren bat propio ikusteko gogoa daukazu?

Belgikako jokalari gazteak ikusi nahi ditut: Origi, Hazard, Lukaku... Espainiak ere ea gazteak ateratzen dituen, orain arte guztiak erabili gabe; betikoak ikusita dauzkagu dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.