Golak: 0-1: Cejudok (46. min.); 1-1: Nsuek (72. min.). Epailea: Clos Gomez. Txartel horia Mallorcako Tissone eta Chicori, eta Osasunako Damia, Cejudo eta Timorri. Bestelakoak: 12.498 ikusle Mallorcako (Herr. Katalanak) Iberostar estadioan.
Etxean ez ezik, etxetik at ere uso ez eta otso izan daitekeela erakutsi nahi zuen atzo Osasunak Mallorcan. Une batez bazirudien otso indartsuegia ez izanagatik otso itxura hartutako usoa hiru puntuekin itzuliko zela Iruñera Mallorcako Palmatik, baina azkenean puntu batekin konformatu behar izan zuen. Atsedenaldian sailkapenari begiratuta, Osasuna sailkapeneko laugarren postuan ikusi ahal izan zuten zaleek, baina partida amaieran gauzak bere horretan jarraitzerik ez zuten lortu Jose Luis Mendilibarren mutilek. Bi partida jarraian irabazi ezinda segitzen dute gorritxoek, baina etxetik at puntu bat lortzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta datorren asteburuan Athleticen aurkako derbian hiru puntuak lortuz gero, atzo Iberostar estadioan lortutako puntua ez da batere txarra izango.
Osasuna ongi sartu zen partidan, eta etxeko taldeak lehen minutuetan jokoan nagusi izateko joera izaten baldin badu ere, atzo Mallorca deseroso aritu zen hasieratik. Lehen zatia orekatua izan zen, eta erasoan inork ez zuen aukera onik izan. Alfarok egin zuen Mallorcakoen jaurtiketa arriskutsu bakarra, baina baloia zutoinaren ondotik kanpora joan zen. Osasunak, aldiz, ez zuen Aouate atezaina lanean jartzea lortzen. Bost korner jaurtiketa egin ahal izan zituzten Mendilibarren mutilek lehen ordu erdian, baina Alvaro Cejudoren erdiraketetan ez zuten estutasunik izan Joaquin Caparrosen jokalariek.
Raoul Loe euskarri frantziarra izan zen nagusi zelai erdian, baloia erraz berreskuratzen zuen bigarren taldeko jokalariak —atzo jokatu zuen lehen aldiz Osasunarekin Ligan—, eta erasoan minik egin ez arren, eroso zegoen Osasuna zelaian. Victor, Castro eta Pereira ez ziren agertu ere egin, eta Mallorcakoen erasoko jokalariak hain pattal ikusita, Osasuna lasai zegoen. Atsedenaldia baino lehenago golik ez zela izango zirudienean, gainera, gorritxoek lehendabiziko gola egin zuten (46. min.). Raoulek berreskuratu baloi bat Lolok area barrura bidali zuen, Raul Garciak buruz ukitu nahi zuen baloia Nunesek urrundu zuen, baina aldaratzea Cejudori iritsi zitzaion, eta Osasunako eskuin hegaleko erdilariak ezkerrez sarera bidali zuen baloia. Lehen zatia orekatua izan zen, inork ez zuen erasoan aparteko ezer egin eta hutsean berdintzea izango zen, akaso, emaitzarik bidezkoena, baina atsedenaldirako segundo batzuk falta zirela, aurretik jarri ziren nafarrak.
Caparrosen aldaketak, onak
Joaquin Caparrosek bi aldaketa egin zituen atsedenaldian, eta Mallorcak asko irabazi zuen erasoan Hemed aurrelaria eta Tejera erdilariarekin. Bigarren zatiko lehen ordu laurdena Mallorcakoena izan zen erabat. Etxekoen erauntsia baretuta zirudienean iritsi zen berdinketaren gola. 68. minutuan Emilio N'sue sartu zuen zelaian Mallorcako entrenatzaileak, eta minutu eta erdi geroago, Tejerak bikain erdiratutako korner jaurtiketan Osasunako atzelariak gainditu eta baloia buruz sarera bidali zuen Realeko jokalari ohiak. Atzo, asmatu zuen aldaketekin Athleticeko entrenatzaile ohiak.
Roberto Torresek amaierarako zazpi minutu falta zirela urrundik ezkerrez egindako jaurtiketa bikain batean izan zuen Osasunak Sadarretik urrun ere otso bilakatu eta hiru puntuekin itzultzeko aukera bakarra. Baina Aouatek geldiketa bikaina egin zuen. Banakoa bidezkoa zen. Osasuna ez baitzen otsoa izan. Baina usoa ere ez, zorionez.
MALLORCA 1. OSASUNA 1
Ez uso eta ez otso
Hiru hilabeteren ondoren etxetik at irabazteko zorian egon da Osasuna, baina berdinketarekin konformatu behar izan duRaoul Loek bere debutean emaniko itxura izan da nafarren gauzarik onenetakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu