Ez utzi biharko gaurko lana

Bilbo Basketek gaur lor dezake Kopako txartela, Menorcan; etxekoek bost partida galdu dituzte jarrian

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Langile finak ez du biharko uzten gaur egin dezakeena. Gaur egiten du. Hain fina ez denak, ordea, biharko uzten du gaur egin dezakeena. Hori egiteak ekar dakiokeen kaltean sobera pentsatu gabe. Bilbo Basketek bi aukera ditu Kopako txartela lortzeko. Gaur iluntzean Menorcan, eta hurrengo igande eguerdian etxean, Cajasol gaiztoaren aurka. Bi aukera daudela pentsatzeak gehiegizko lasaitasuna ekar dezake, eta ez da komeni, zabarkeriaz jarduteak aldats gora jar dezakeelako gaur-gaurkoz eskura ikusten den erronka. Bederatzigarren garaipena nahikoa izan daiteke Bilboko taldearentzat, puntu alde bikaina daukalako. Bederatzigarrena Menorcan lortzen badute, lehen itzuliko azken partidan postua hobetzea izanen dute erronka, eta ez Kopako txartela bera. Alegia, etxeko lanak ondo egiten dituenaren lasaitasuna ere irabaz dezakeela gaur Menorcan.

Kopa nahi dute bizkaitarrek, eta elitean mantendu etxekoek. Zer da garrantzitsuagoa? Bakoitzak bereari eusten dio, jakina. Jaitsiera postuetan dago une honetan Menorca, azken bost partidak errenkadan galdu ondoren, eta alarma guztiak piztu dira. Duela hilabete 4-6ko balantzea zuten, eta amildegiarekiko tarte erosoa. Baina erosotasun horrek hanka egin du uhartetik, eta komeriak eta urduritasuna iritsi dira taldera. Menorca etxeko partidetako emaitza onei esker mantendu izan da onenen ligan, baina sasoi honetan ez dabil hain fin bere kantxa beroan. Azken bi partidak galdu ditu han, Estudiantes eta Fuenlabradaren aurka, eta bizkaitarren aurkakoa aurrera ateratzen ez badute, kolpe handia hartuko dute.

Aurkariaren premia larri hori baliatzen saiatu behar du Bilbo Basketek. Ondo ekin norgehiagokari, aurrea hartuz eta etxekoen urduritasuna eraginez. Fotis Katsikaris ez da fio: «Kalitatea dauka Menorcak. Limonad indarrean dabil azken partidetan, eta Cuthbert ere indartsua eta azkarra da kanpotik barrura. Saskipean talentu handiko jokalari bi dituzte: Radenovic eta Jakim Donaldson; azken hori, ligako pibot onenetakoa».

Pazientzia eta errebotea

Entrenatzaile greziarraren hitzetan, hiru gako ditu partidak: «Defentsa, pazientzia eta errebotea. Defentsa, 60-65 puntutan gainditzen zailak garelako. Pazientzia, ez urduritzeko, eta erasoan aukera onena bilatzeko. Baloia ondo mugitzen ari gara, eta etekina atera behar diogu horri. Eta errebotea. Ezin dugu Estudiantesen aurka egindako akatsik egin, eurek etxean jokatzen dutelako, eta erasoko errebote asko berreskuratuz gero hazi egingo direlako».

Katsikarisek aste pare batean sortuko den arazoaren inguruan ere hitz egin zuen. Paco Vazquez jokatzeko gertu egongo da bi aste barru, eta entrenatzaileak zerrendatik at nor utzi erabaki beharko du. Aste batean aukera handiena Javi Rodriguezek duela dirudi. Hurrengoan, aldiz, Chris Warrenek. Batek daki, baztertutakoa, agian, Vazquez bera izango da. «Kopako txartela lortuz gero, errazago hartuko dugu erabakia», esan du Katsikarisek.

Menorcan ari da ACB ligan jokatzen ari diren hiru gipuzkoarretako bat: Urko Otegi hegalekoa. Sasoi honetan parte-hartze apalagoa izaten ari da, Paco Olmos entrenatzaileak horrela erabakita, eta sasoi aldetik ere justu samar dabil donostiarra, sukarrak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.