Athleticek badaki zein hiru talde izango dituen aurkari Europako Ligako ligaxkan: Werder Bremen, Austria Viena eta Nacional. Kontrario zailak, gogorrak dira hirurak, zer bestela, ligaxkak ez baitu antzik talde zuri-gorriak aurretik jokatutako bi kanporaketekin. Aurkarien izenei erreparatu besterik ez dago. Werder Bremenek eta Austria Vienak sona handia dute Europako lehiaketetan, Alemaniako taldeak batez ere -sarri jokatu du Txapeldunen Ligan azken denboraldietan eta aurreko sasoian Europako Ligako txapeldunorde izan zen-. Amaitu dira, beraz, Young Boys eta Tromsoren gisako talde samurrak. Horrelako gutxi dago jadanik lehian. Horregatik ezin da esan Athleticek atzo zozketan zorte txarra izan zuenik. Multzo samurragoa egokitu zitzaiokeen, baina baita zailagoa ere. Gari asko eta lasto gutxi zegoen zelaian.
Zuri-gorriek irailaren 17an hasiko dute lehiaketa. Egun horretan Austria Viena hartuko dute San Mamesen. Hurrengo partida, berriz, bi aste geroago jokatuko dute, urriaren 1ean, Alemanian, Werder Bremenen aurka. Hiru aste geroago, urriaren 22an, jokatuko dute aurreneko itzuliko azken partida, etxean berriro, Nacionalen aurka. Azaroaren 5ean eta abenduaren 3an Funchalen (Portugal) eta Vienan (Austria) jokatu ostean, abenduaren 16an amaituko du ligaxka Athleticek, etxean, Werder Bremenen aurka. Bi talde sailkatuko dira final-hamaseirenetarako. Ezustekorik ezean, alemaniarrentzat behar luke izan bi txarteletako batek. Bestea lortzeko, Austria Viena, Athletic eta Nacional ariko dira lehian.
«Aurkari zailak dira, baina ez gaindiezinak. Badugu aurrera egiteko aukera». Joaquin Caparros Athleticeko entrenatzailearen hitzak dira, atzo esandakoak, zozketaren berri izan eta minutu gutxira. Caparrosen arabera, «oso multzo polita» da eta zaleek «gozatu» egingo dute. «Ostegunetan San Mamesen Europako partidak jokatzen jarraituko dutela da garrantzitsuena. Saria da, taldearentzat eta zaleentzat. Orain, halere, Liga da garrantzitsuena».
Andoni Iraolak, berriz, Werder Bremen jo zuen faboritotzat, eta nabarmendu zuen «abisua» dela Nacionalek itxuraz talderik «ezezagunena» izan arren Zenit San Petersburgo kanporatu izana.
Bremen, koska bat gorago
Arrazoirik ez zaio falta Iraolari, inor gutxik jartzen baitu zalantzan Alemaniakoa dela multzoko talderik indartsuena. Aurreko sasoian ez zen ondo aritu Ligan-hamargarren izan zen-, baina Kopa irabazi zuen, eta Europako Ligan finalera iritsi zen. Xakhtar Donetskek, baina, titulurik gabe utzi zuen. Sasoi honetan zazpigarrena da Ligan, hiru partida jokatuta: bat irabazi du, beste bat berdindu eta beste bat galdu. Thomas Schaaf da entrenatzailea, eta Torsten Frings, Peter Niemeyer, Tim Borowski eta Marcelo Moreno jokalari aipagarrienak. Aise kanporatu zuen Aktobe Kazakhstango taldea, eta ligaxkarako sailkatu. Joanekoan, etxean, 6-3 nagusitu zen, eta itzulikoan, etxetik at, 0-2 irabazi zuen.
Askoz gehiago sufritu zuen Austria Vienak Metallurh Donetsk Ukrainako taldea kanporatzeko. Joanekoan, Donetsken, bina berdindu zuen. Itzulikoan, etxean, 3-2 irabazi zuen, luzapena jokatu ondoren. Aurreko kanporaketan errazago utzi zuen lehiatik kanpo Vojvodina, Serbiako taldea: bana berdindu zuen Vojvodinan, eta 4-2 nagusitu zen Vienan. Hain zuzen ere, Austria Viena da Athleticek antzinako UEFA Kopan aurkari izan zuen azken taldea. Bi taldeok elkarren aurka jokatu zuten 2004-2005 denboraldian, final-hamaseirenetan, eta austriarrek Athletic kanporatu zuten. Joanekoan, Vienan, hutsean amaitu zen partida, baina itzulikoan, San Mamesen, 1-2 nagusitu zen Austria Viena, Yestek sartutako golari buelta emanda. Beraz, bi taldeon arteko partidek errebantxa kutsua izango dute zuri-gorrientzat.
Austria Viena hirugarren izan zen aurreko denboraldian Ligan, eta Kopa irabazi zuen. UEFA Kopan, berriz, ez zen ligaxkarako sailkatu. Sasoi honetan bikain ari da Ligan, lehen bost partidak jokatuta lider baita: lau partida irabazi ditu eta bakarra galdu. Karl Daxbacher da entrenatzailea, eta Milenko Acimovic, Mamadou Diabang eta Tomas Jun jokalari aipagarrienak.
Nacional da multzoko talderik ezezagunena. Portugalgo taldeak, baina, jada erakutsi du kontuan hartzeko aurkaria dela, Zenit (UEFA Kopako iazko txapelduna) kanporatu baitzuen ligaxkarako sailkatzeko: 4-3 irabazi zuen joanekoan, eta bana berdindu itzulikoan. Aurreko sasoian ezustekoa eman zuen Portugalgo Ligan, laugarren sailkatuta. Sasoi honetan, ordea, ez du ondo hasi txapelketa, azkena baita bi partida jokatuta: bat berdindu du eta beste bat galdu.Manuel Machado da entrenatzailea, eta Rodrigo Silva, Ruben Micael eta Mateus Galiano jokalari aipagarrienak.
Ez zegoen lastorik
Werder Bremen, Austria Viena eta Nacional izango ditu aurkari Athleticek Europako Ligako ligaxkan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu