Ez zen argi izpirik ikusten

Athleticek kargutik kendu du Eduardo Berizzo, ligako hamalau partidatan garaipen bakarra eskuratu ostean. Gaizka Garitanok hartuko du argentinarraren lekukoa

Gaizka Garitano, Athletic B zuzendu zuen lehen saioan, 2017an. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu da Eduardo Berizzoren egonaldia Athleticen. Maletak ilusioz beterik ekarri zituen, eta denbora oso gutxian gai izan zen ingurura ilusio hori zabaltzeko. Baina gutxi iraun du efektuak. Sei hilabete baino ez. Neguko arropak maletatik atera berritan, desegindakoa egin, eta beste hiri batean jarraitu beharko du bere entrenatzaile ibilbidearekin.

Urtebete eskasean bigarrenez egin behar izan ditu maletak. Iazko abenduan Sevilla utzi zuen, eta atzotik iragana da Athleticen. Lezamara bisitan baino ez da itzuliko. Entrenatzaile ona izateaz gain, zentzuduna eta gertukoa da. Athletic eta haren idiosinkrasia lehen egunetik barneratzen ahalegindu da. Euskarari keinuak ere egin dizkio, baina ez da nahikoa izan. Futbolean emaitzek agintzen dute, eta arlo horretan ez ditu helburuak lortu. Bi garaipen eskuratu ditu Athleticek, taldea zuzendu duen hamabost partidetan: Espainiako ligan bat, Leganesen aurka, abuztuaren 20an, eta Espainiako kopan bestea, Huescaren aurka, azaroaren 28an.

Inor gutxi harrapatu du ezustean klubak Berizzo kargutik kendu izanak. Futbolaren logikaren barruan dago. Askoz harrigarriagoa da Josu Urrutia presidenteak argentinarrarekin izan duen pazientzia eta fedea. Edozein kiroletan gaitza da mantentzea hamahiru jardunaldiz garaipenik lortu ez duen entrenatzaile bat. Azken urteotan futbolaren bueltan dagoen iritzi jarioa eta presioa aintzat hartuta, sinestea ere kosta egiten da. Hala ere, Urrutiak egoerak atzera-bueltarik izan ez duen arte mantendu du. Berizzok ezin du Urrutiaren kexarik izan.

Baina Athleticek hondoa jo du. Erditik bi eginda dagoen taldea ikusi zen herenegun, Levanteren aurka, indarrik gabea. Egoera iraultzeko zer egin behar den ez dakien jokalari multzo bat. Partidako irudiak esanguratsuak dira oso: kapitaina lurrean botata taldeak hirugarren gola jaso ostean; entrenatzailea zelaira begira, etsita, eta presidentearen begirada galdua besaulkian. Athleticek galdu egin zuen, eta jota dagoen talde baten isla izan zen. Jakinekoa zen Levanteren kontrako porrotak ondorioak izango zituela. Urrutia ere ez da kapaz gisa honetako egoeran Berizzoren proiektuari jarraipena emateko.

Berizzok eta haren lantaldeak denetarik probatu dute arrakasta izateko: jokalari asko eta postu ezberdinetan zelairatu dituzte; eta joko sistema ezberdinak probatu dituzte, eta, batzuetan, euren oinarriei uko egin diete. Izan ere, uztailean lehen lagunartekoa jokatu zuen taldeak eta astelehenean ligan aritu zenak ez baitute antzik. Berizzo fitxatu zuenak argi zuen zeren aldeko apustua egin zuen. «Defentsan lan ona abiapuntu duen talde erasokorra plazaratu gura du», esan zuen aurkezpenean. Taldeari oreka emateko Dani Garciaren alde egin zuen euskarrian. Erasoan bizi jokatzeko, berriz, Unai Lopezek eta batez ere, Muniainek hartu zuten aginte makila sasoi hasieran. San Josek eta Beñatek harmailan hasi zuten denboraldia, eta Adurizek eta Raul Garciak aulkian. Aro berri baten hasiera zirudien.

Baina apustuak ez zuen asko iraun. Zelai erdi ahula zuen taldeak, eta erasoan apenas zuen jorik. Asko kostatzen zitzaion aukerak sortzea. Hortaz, B plana abiarazi zuen entrenatzaileak. Zelai erdia goitik behera aldatu zuen. Talentua kendu, eta giharra zelairatu zuen. Alferrik hori ere. Eta azken ahalegina sistema aldatzea izan zen. Hiru erdiko atzelari zelairatu zituen herenegun. Azken balak ere kale egin zion. Finean, Berizzok ez du helburua lortu. Erasoan aukerak sortzeko zailtasun handiak dituen pitzadura askoko taldea da sasoi honetako Athletic.

Garitano, egoera iraultzera

Gaizka Garitanok izango du gaurtik aurrera taldearen ibilbide okerra zuzentzeko ardura. Athletic B-ko entrenatzailea prestatzen ari zen Lehen Mailako trenera bueltatzeko. Jakinaren gainean zegoen Berizzo kargugabetuz gero, berak hartuko zuela lehen taldearen ardura. Ez du ezustean hartu. Beraz, pentsatzekoa da azken asteotan harribitxi gazteak zailtzeaz gain, nagusiei ere arreta jarriko ziela.

Ez du lan samurra izango, baina Garitano ez da berria puntako futbolean. Azken denboraldi eta erdian gaztetxoekin aritu da, baina ez zaio eskarmenturik falta. Eibar Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igo zuen. Ondoren, Valladolid eta Deportivo zuzendu zituen. Gaztea izan arren, bolada gozoak zein latzak bizi izan ditu. Bestalde, futbolari gisa ere makina bat aldiz jokatu du presiopean. Egoera ez du berria, baina, hala ere, orain arte inoiz ez du zuzendu Athletic adinako pisu historiko duen talde bat. Tradizioa handiko taldea izateaz gain, inoiz Bigarren Mailara jeitsi ez den klub baten ardura hartu du Derioko entrenatzaileak. Etxekoa da, gainera. Inork baino hobeto daki zer den Athletic, eta zenbat zale dituen taldeak atzetik. Taldea batu eta jokalarien konfiantza berreskuratzea izango du bere eginbeharra. Garaipenak lortzeko bide bakarra da hori. Asko beharko ditu taldea salbatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.