Ezaguna da errezeta

Atea hutsean uzten eta ahalik eta gol gehien sartzen ahaleginduko da Athletic gaur

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hilabete biko geldialdiaren ostean, Europako Ligari ekiteko irrikan dago Athletic. Zuri-gorriek ez dute urtero Europa osoko lehiaketa batean parte hartzeko aukera izaten. Taldeko jokalari asko dira sekula gisa horretako txapelketa batean parte hartu ez dutenak. Eta baliteke batek baino gehiagok beste aukerarik ez izatea. Horregatik, eta kirolari guztiek lehiatzea eta irabaztea dutelako amets, ez zaie ilusiorik eta motibaziorik falta. Garaipen gosea dute.

Inork ez daki zein itxura emango duen Athleticek gaur Anderlechten aurka. Joaquin Caparrosen taldea oso gorabeheratsua da, onena eta txarrena egiteko gai. Baina aspaldian onetik gehiago dauka txarretik baino. Gauza asko ditu alde Athleticek final-zortzirenetarako sailkatzeko. Bi taldeak aztertuta, ez dirudi Anderlecht talde zuri-gorria baino gehiago denik. «Ez dugu uste aurkaria gu baino hobea denik. Estrategian indartsuagoak gara. Gainera, San Mamesen jokatzeak ematen duen indarra baliatu behar dugu», adierazi zuen atzo Joseba Etxeberriak.

Ariel Jacobsek zuzentzen duen taldea lider da Belgikako Ligan. Baina jakinekoa da Belgikako ligaren eta Espainiakoaren artean alde handia dagoela. Horrenbestez, Athleticek ezin du aurkariak baino kezka gehiagoa izan. Horrek ez du esan gura, ordea, aurkaria gutxietsi behar duenik. «Antzeko ezaugarriak ditugun talde bi gara. Anderlecht talde indartsua da. Bestalde, kontraerasoan eroso aritzen da eta taktika kontuetan argi ditu gauzak».

Bestalde, ez da ahaztu behar Athletic talde lehiakorra dela kanporaketetan. Edozein taldearentzat aurkari arriskutsua da. Denboraldion huts egin du Espainiako Kopan, baina jokalariak behar den moduan motibatuta egonez gero eta onenak zelairatuz gero, kontrario ezerosoa da. Jokalariak sinetsita daude ia edozeini egin diezaioketela aurre bi partidara. Autoestimua izateak bigarren neurketa etxetik kanpo jokatzeak baino askoz garrantzi handiagoa dauka.

Aurrera egiteko errezeta zein den jakinekoa da. Etxean ezin diote golik sartu. Berak sartu, berriz, ahal diren guztiak. «Garrantzitsua izango da golik ez jasotzea. Eurak azkarrak dira, eta oso ondo jokatzen dute kontraerasora», esan zuen atzo Caparrosek. Hala ere, taldeko kide guztiak ez dira iritzi berekoak. «Bi taldeen jokoa aztertuta, garrantzitsuagoa da golak jasota neurketa irabaztea, gure atea hutsean mantentzea baino. Irabaziz gero, gure jokoa egiteko aukera gehiago izango dugu itzulikoan», azpimarratu zuen Etxeberriak.

Zuri-gorriek ez dute aparteko presiorik izango. Jokalariek euren buruari ipiniko diotena baino ez dute izango. Batek baino gehiagok pentsatuko du porrota litzatekeela Anderlechten kontra kalean geratzea, baina Athleticen inguruan dagoen sentsazioa da lehiaketa honetan bete direla sasoi hasieran ipinitako helburuak. Iazko uztailaren amaieran, Young Boysen kontra debuta egin zuenean, inor gutxik espero zuen zazpi hilabete geroago Athleticek Europako Ligan jarraituko zuenik. Espainiako Ligan arazo barik egonda, Europan gozatzeko modukoa izan daiteke hemendik aurrerako guztia. Gozatzen jarraitzeko, gehiegizko konfiantza eta lasaitasun barik egin behar dio aurre talde zuri-gorriak final-hamaseirenetarako kanporaketari, aurrera egitea gozoki erakargarria delako oso. Hanburgoren eta PSVren arteko kanporaketako garailea egongo da zain.

Yeste eta Toquero, hasieratik

Caparrosen iritziz, horrelako kanporaketetan oso garrantzitsua da esperientzia, erabaki egokiak hartzen jakitea. Azken batean, «lehiatzen» jakin behar da. Horretarako, bere konfiantza osoa duten jokalarien alde egingo du entrenatzaileak. Yeste eta Toquero sartuko dira hamaikakoan. Kontratua luzatu berri duen aurrelari gasteiztarrak lana eta oldarkortasuna emango dizkio taldeari. Erdilariak, berriz, kontrakoa: lasaitasuna eta patxada. Yesterekin batera, Gurpegi, Javi Martinez eta Orbaiz izango dira zelai erdian. Gisa horretako partidak jokatzen ohitutak daude laurak. Atzean, berriz, Castillok jarraituko du ezker hegalean. Azken partidetan itxura eskasa eman arren, durangarrak entrenatzailearen konfiantza osoa dauka. Koikili, David Lopez eta Gabilondo, ordea, deialditik kanpo geratu dira.

Anderlechten, berriz, hiru jokalari izango dira zorrotz zaindu beharrekoak: Lukaku aurrelari gazte eta indartsua eta Bussufa erdilari marokoarra eta Biglia erdilari argentinarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.