Golak: 1-0: Falcaok (20. min.). 2-0: Falcaok (42. min.). 3-0: Falcaok (58. min.). 4-0: Tiagok (85. min.). Epailea: Teixeira Vitienes. Txartel horia Atletico Madrileko Filipe Luis eta Mirandari; eta Athleticeko Gurpegi, Iñigo Perez eta De Marcosi. Bestelakoak: 30.000 ikusle inguru Vicente Calderon futbol zelaian.
Marcelo Bielsa kazetariekin eztabaidan; Javi Martinez eta Fernando Llorente euren etorkizuna argitu gabe; Jose Mari Amorrortu kirol zuzendaria Llorenteren egoerak asko eragiten diola esanez; zaleak sutan, txistuta; Gorka Iraizoz presiopean; udako merkatua ixteko lau egun eskas falta direnean, Zubietan arrantzan hasiko direla esanez... Zalaparta etengabea dago Bilbo aldean, eta sailkapena da horren erakusgarri: bi partidatan hiru gol alde eta bederatzi aurka, punturik ez, eta taldea zulo-zuloan sartuta. Betisek lehen partidan egin bezala (3-5), Atletico Madrilek ere astindu handia eman zien atzo zuri-gorriei (4-0). Ezegonkortasunean galduta dabiltza jokalariak.
Egurrean ekin zion partidari Atletico Madrilek, eta zertan ari zen ez zekiela Athleticek. Lehen minututik presioa goi-goian egin zuten madrildarrek, eta Gurpegik eta San Josek izugarri sufritu zuten jokoa sortzeko garaian. Iturraspe ez zen gai baloia eskuratzeko; Herrera eta De Marcos galduta zebiltzan; Iraolak eta Susaetak eskuinetik, eta Iñigo Perezek eta Ismael Lopezek ezkerretik, ez zekiten zer egin; aurrean erabat bakarrik zegoen Aduriz... Athletic ez zen Athletic izan lehen zati horretan, eta Atletico Madrilek jan egin zuen. Jan, ezer askorik egin gabe.
Lehen Mailako talde batek egin behar duena egin zuten etxekoek. Entrenatzailearen futbol gosea daukate espainiarrek denboraldi honetan, eta Athleticen sormen lerroa itota, aise sortu zituzten gol aukerak. Horren erakusgarri, laugarren minuturako Gurpegiri baloia lapurtzeko zorian egon zen Falcao. 8. minutuan bakarrik egin zuen errematea Mirandak, area txikian bertan, korner batean. 12.ean falta argia egin behar izan zion Gurpegik Falcaori, area ertzean, aurrelaria Iraizozen aurrean bakar-bakarrik gera ez zedin...
Zuri-gorriek ez zekiten nola deuseztu Atletico Madril zelai erdian egiten ari zen lana. Hiru kornerrekin arnas pixka bat hartu zuten bilbotarrek. Baina lo geratu ziren espainiarrek hegaletik atera behar zuten jokaldi batean, 20. minutuan. Falcaori baloi luzea bidali, hark gorputzarekin San Jose lotsatan utzi, eta ukitu goxo batekin baloia Iraizozen gorputz gainetik bidalita, gol ederra sartu zuen Falcaok.
Gol horrekin Athletic ez zen esnatu. Are gehiago, bigarrena sartzeko bi aukera argi eduki zituzten madrildarrek. Filipe Luisek ezkerkada ona bidali zuen area ertzetik 24. minutuan; eta Falcaok area txikian gora bidali zuen errematea, buruz. Athletic ez zen ageri. Ez errematerik, ez arriskurik, eta ez ezer. Joko triste horrek merezi zuena jaso zuen 42. minutuan. Jokoz kanpoko argian jaso zuen baloia Godinek, baina atzelariak erdiratu, Iraizozek lo hartu, eta Falcaok bigarrena. 2-0.
Bi aldaketa atsedenaldian
Marcelo Bielsari ere ez zitzaion gustatu lehen zatian ikusi zuena, eta bi aldaketa egin zituen atsedenaldian: Muniain eta Ibai Lopez zelairatu zituen, San Jose eta Susaeta aldageletara bidalita. De Marcosek atzeratu egin zuen bere postua, eta erasokorrago jokatzen saiatu ziren zuri-gorriak. Alferrik, ordea. Atletico Madrilek ez zuen batere sufritu, eta 13. minutuan Gurpegik egindako penalti inozoak ezerezean utzi zuen berpizte txiki hori. Falcaok sartu zuen 3-0ekoa ere, eta lur jota utzi zituen zuri-gorriak.
Falcao bera 4-0ekoa sartzeko zorian egon zen, buruz; Mario Suarezek langara eta zutoinera bidali zuen baloia; Diego Costa, Adrian eta Koke ere ez ziren urrun ibili... eta Tiagok sartu zuen, azkenean, 4-0ekoa, 85. minutuan. Aukera bakarra sortu zuen Athleticek, Muniainen baloi sakon batean. Erabat oker ekin diote zuri-gorriek ligari, eta hobe dute lehenbailehen kirol kontuez hizketan hastea.
AT. MADRIL 4. ATHLETIC 0
Ezegonkortasunean galduta
Oso partida tristea jokatu du Athleticek, eta egurra eman dio Atletico Madrilek, Falcaok eta Tiagok sartutako golei eskerSailkapenaren zuloan daude zuri-gorriak, lehen bi jardunaldietan bederatzi gol jasota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu