Ezer ere ez, eta asko

Orio izan da azkarrena Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian, baina segundo batera eta bira dauzka Castro eta Astillero. Urdaibai ez da fin aritu, eta Orio liderra urrundu egin da San Miguel ligako nagusian

Igor Susaeta.
2010eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Segundo bat eta 39 ehunen. Hori da Oriok atzo Castrori atera zion aldea, Zarauzko Estropaden aurreneko jardunaldian. Eta Astillerori, berriz, segundo bat eta 61 ehunen. Ezer ere ez da. Arraun kolpe eskas bat. Hutsegite ñimiño bat; nabaritzen ez den horietakoa. Baina asko izan daiteke, aldi berean. Irabazteak beti pozten du. Beti puzten konfiantzaren zakua, ahaleginetarako ezinbesteko erregaia. Eta, are gehiago, kontrario nagusia, Urdaibai kasu honetan, atzean utzi duzula jakinda. Bou Bizkaia trainerua ez zen gustura sentitu atzo Zarauzko estropada eremu nahasi bezain ederrean, itsaso zabalean, eta bosgarren helmugaratu zen, garailearengandik hamabi segundora. Beraz, Orio San Miguel ligako liderra areago urrundu zaio sailkapen nagusian. Atzo arte, bi puntukoa zen tartea, eta orain, seikoa. Ezer ere ez, eta asko, aldi berean.

Baina Urdaibairi beste bederatzi estropada geratzen zaizkio oraindik ere, egoerari buelta ematen saiatu ahal izateko. Gaur, adibidez, horretarako aukera dauka. Aldea txikitzeko. Castro eta Astillero, berriz, udako banderarik preziatuenetakoa irabazteko tenorean daude. Baina itsasoa atzo bezain nahasia baldin badago, edozer gerta dakieke bai berei bai Orio irabazleari. Onerako zein txarrerako. Kaiku ere hor dago, atezuan. San Miguel ligan denboraldiko estropadarik txukunena osatu zuten Jose Luis Kortak entrenatutakoek. Lau ontzi horiek jokatuko dute gaur txanda nagusia.

Parez pare ikusiko ditugula, alegia. Izan ere, Oriori Castrok bigarren txandan egindako denbora hobetzea tokatu zitzaion atzo hirugarrengoan. Ia-ia erlojuaren kontra aritu behar izan zuten Joxean Olaskoaga Aizperro-renek, bigarren luzean hanka egin baitzuten. Itsasadarretan ondo moldatzen dira, eta itsaso zabalean, brankaz bultza egin behar denean eta poparean olatuak hartzen saiatu, berdin-berdin.

Lehen ziabogara parean heldu ziren Mirotza-koak eta Urdaibai, eta, maniobra eginda, bizkaitarrek hartu zuten burua laugarren kaletik, hasiera batean onena zirudienetik. Baina pare bat olatu harrapatu zituen Aitor Carrillo Orioren patroiak, eta Ormaiztegiko zakurrarena egin zion Oriok Urdaibairi: harrapatu eta pasatu. Ez zen atzokoa patroi estropada erabatekoa, baina patroiek aspaldian baino lan gehiago egin behar izan zuten.

Oriok atzekoekiko errenta handitu zuen estropada jokatu ahala, segundoak bere alde pilatu, eta azken txanpan, Castroren denbora hobetu. Segundo bat eta 39 ehunen. Ezer ere ez, eta asko. Biak. Castrok bai, Castrok asko hobetu zuen San Miguel ligako aurreko estropadekin konparatuta. Astillero aurretik izan zuen une oro, sei eta zazpi segundoko abantaila ere atera zion San Jose XIII.a-k, baina Iker Gimeno patroiak laugarren kalearen onurak baliatu zituen, eta La Marinera hegan eraman zuen helmugako balizetaraino, eta, bide batez, Astillero aurreratu. Poparean, egia esan, gauza harrigarriak ikusi ziren atzo. Kaikuk, adibidez, hamahiru segundo jan zizkion Hondarribiari bigarren luzean.

Batzuek gozatu egin zuten itsaso zabalean, olatuen artean, baina beste batzuek, Zarautzek, Tiranek eta San Pedrok, besteak beste, sufritu. Oriok gozatzen segitu nahi du, baina badaki lana errematatzea falta zaiola. 2006an lehen jardunaldia irabazi zuen, eta hartan lortutako bi segundoko abantailari esker, bandera irabazi. 2007an, berriz, zortzikoa izan arren aldea, ezin. Eta segundo bat eta 49 ehunen? Ezer ere ez, eta asko. (ETB 1, 11:30).

Galiziak Euskotren liga eskura

Galizia izan zen onena atzo Euskotren ligako azken aurreko proban, eta eskura dauka garaipena (12.18,89). Puntu bat ateratzen dio Gipuzkoari-bigarren atzo hamazpi segundora-, eta gaur bukatuko da liga, Zarautzen.



Camargok irabazi du KAE 1en, eta sailkapena gehiago estutu da

Emozioa, behintzat, ez zaio falta KAE (Kantauriko Arraun Elkartea) 1 ligari. 11. estropada puntuagarria jokatu zen atzo eguerdian Pasaiako badian, eta Camargok denboraldiko bosgarren bandera irabazi zuen. Hartara, sailkapena are gehiago estutu da goiko muturrean, liga amaitzeko hiru estropada falta direla. Santurtzik jarraitzen du lider (116 puntu), baina Camargo puntu bakarrera dauka, eta Isuntza, berriz, bira. Pasaian, Camargo izan zen nagusi hasi eta buka, bigarren ziabogan Isuntzak, Zierbenak eta liderrak aurrea hartu zioten arren. Hurrengo estropada Hondarribian jokatuko dute, datorren larunbatean (12:00).

Eta KAE 2 ligan Portugalete liderrak ere sasoiko bosgarren estropada irabazi zuen atzo Zarautzen, Getariari aurrea hartuta. Santoñak, berriz, huts egin zuen, eta hamargarren bukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.