Ezer ez da betiko

Sasoiko laugarren garaipena lortu zuen Vettelek Indian, baina oraindik ez dio alde handia atera Alonsori

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Amaitu dira esperimentuak aurtengoz Munduko 1 Formula Txapelketan. Lehen zazpi lasterketetan beste horrenbeste garaile egon ziren, erabat kontroletik kanpo zegoen egoera baten erakusle. Jakina da, ordea, azken lau lasterketetan garaile bakarra izan dela, Sebastian Vettel (Red Bull), eta alemaniarra ziztu bizian doala hirugarren titulua jarraian poltsikoratzera. Azken txanparako, hiru talderen artean banatuko dira garaipenak, denboraldian sendoen azaldu direnak: Red Bull, Ferrari eta McLaren. Gainerako taldeek puntu apurrekin konformatu beharko dute, eta jada iraganeko kontu izango dira Williams, Mercedes eta Sauberren agerraldi exotikoak. Podiuma ere bi gidariren erreinu bilakatuko da hemendik aurrera. Ikusi besterik ez dago: azken bost lasterketetan behin bakarrik huts egin dute Vettelek eta Fernando Alonsok (Ferrari) podiumeko argazkian.

Podiumean azaldu bada ere, Alonsok ez du lortu Vettelen abiadura geldotzea. Indian kaltea murriztu zuen, lasterketa azpimarragarria egin eta irteerako bosgarren postutik bigarrenera jauzi eginez. Baina hori ez du nahikoa espainiarrak Vettelen aldean, geldiezin baitabil. Alemaniarra iaz baino ahulago aritu da aurtengo lehen erdian; autoa ez zen haren gustukoa, eta ez zen eroso sentitu. Baina Belgikan hasi zuen susperraldia erabatekoa izan da. Orduko hartan ez zuen irabazi, autoak gabezia batzuk zituelako —bigarren izan zen, Jenson Buttonen atzetik (McLaren)—, baina Spa-Francorchampsen beste jarrera bat erakutsi zuen. Itxura zaila hartzen ari zen txapelketa, lasterketa hura bezalaxe, baina lehia landu bati esker podiumeko bigarren koska gorenera igo zen. Hortxe hasi zen haren gorakada, eta azken lau garaipen horiek lan horren jarraipena baino ez dira.

Horrek bilakatzen du Red Bull eta Vettel bikotea hain arriskutsu. Iazko arma berak berreskuratu dituzte: larunbatean pole-a lortu, eta igandean abantaila kudeatu. Ferrarik larunbatean ditu arazo nagusiak, pneumatikoekin ez baita horren eraginkorra. Ezin die onena atera itzuli bakarrean, eta galera txiki hori baliatzen dute McLarenek nahiz Red Bullek parrillan Italiako taldearen aurretik kokatzeko. Larunbatean desabantaila dena, ordea,º abantaila da igandean, pneumatikoak gehiago zaintzen baititu auto gorriak. Horri esker, lasterketa amaiera sendoa du Alonsok. Igandean, Indian, Vettelek lasterketaren lehen erdian atera zion aldea Alonsori, eta bigarren zatian bertsu mantendu zen. Hamar segundoren alde hori lasaitasun handia izan zen Red Bullekoarentzat, eta oraindik ikusteko dago behar izanez gero Vettelek zenbateraino estutu ote zezakeen.

Taldeen artean nagusienak argitu diren bezala, gidarien artean ere lehia oso zehaztua dago. Falta diren hiru lasterketetan gero eta gehiago ikusiko da Vettelen eta Alonsoren arteko lehia, larunbatetik hasita. Lau garaipen daramatza jarraian Vettelek, baina horrek ez dio sekulako abantaila eman. Hamahiru puntu ez baitira ezer; garaipen erdi besterik ez. Ferrarik ez du hutsik egingo, urte osoan autorik sendoena harena izan baita. Vettelek bikain egin du guztia azkenaldian, baina loraldi guztiek dute amaiera. Ondo daki Alonsok hori, horregatik dio titulua ez duela galdutzat jotzen, alderantziz baizik, bere burua seguru ikusten duela irabazle. Abiaduran Vettelekin ez du zereginik, baina haren hutsegitearen zain dago, egoerari etekina ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.