Ezer ez da betiko

Levante harrotuta dagoen liderra apaldu nahi du gaur Realak, eta, bide batez, konfiantza hartu

Imanol Agirretxe, lurrean atsekabetuta, iragan igandeko partidan. A. C. / ARP.
Donostia
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ikuspegi iluna daukate txuri-urdinek begien bistan, inondik ere. Hain justu, dudaz beteta sartu baita egutegiko zatirik gogorrenetarikoan. Aurreneko lehia estua gaur, Levanterekin. Txapelketako ezusteko gozoa. Edo gaiztoa, nondik begiratzen zaion. Bigarrena, datorren larunbatean, Real Madril boteretsuaren aurka. Garaiz esnatzeko gaitasunik ba ote duten frogatzeko benetako bi proba izango dira. Ez hainbeste emaitzengatik. Ez da inolako hondamendia bi horietatik esku hutsik ateratzea. Bataren bolada geldiezina edo bestearen tamaina erraldoia ikusita, galtzea logikaren barrutian sartzen da. Baizik eta itxuragatik. Egun Realak ez duelako ezer transmititzen, eta, esnatu ezean, kritika geroz eta zorrotzagoen bazka izaten jarraituko du Montanierrek.

Aurrez ikus daitekeen jokoarekin, elkar hartu gabe, erritmo makalean, zehaztasun gutxirekin eta eraginkortasunik gabe. Adjektibo horiek Anoetakoen ezina adierazten dute. Azken bi partidetan, adibidez, Zaragozak eta Getafek baino gehiagotan jaurti du atera Realak, sarriagotan izan da arrisku eremuan sartuta, erdiraketak atera eta atera, baina… zertarako, ordea? Ia ezertarako ez. Gauzak garbi. Parametro horiek koska batez igo ezean, jai izango dute Ciutat de Valencia zelaian.

Realaren aldean, Levante erabateko zukua ateratzen ari da etxean duenari. Gehiago ala gutxiago izan, ezin hobeto daki zer egin behar duen une oro. Oinarrian, defentsa lan sendoa dago. Kontzentratuta, eskuzabal, indartsu eta zorrotz. Aukera gutxi emanez parean duenari. Javi Venta (36 urte aurki), Nano (31), Ballesteros (36) eta Juanfran (35) dira atzeko lerroko partaideak. 800 partidatik gora maila nagusian. Hamaika batailatan zaildutakoak. Gol gutxien hartu dutenak dira. Hiru besterik ez. Hori abiapuntu izanik, ziztu bizian ateratzen dira erasora. Barkero, Valdo, Juanlu eta Konek min egiten dute. Jokalari zuzen eta bizkorrak dira. Tresna horiek elkar lotuz makina eragingarria sortu du Juan Ignacio Martinez entrenatzaileak. Lehiakorra. Emaitza onek noski, azkena 0-3 ederra Madrigalen, bultzada handia eman die. Ilusioa. Hogei puntu aurreneko zortzi jardunalditan. Lidergoan. Aurrekonturik apalenetarikoarekin. Txalogarria.

Hori guztia kontuan izanik ere, etxekoen ibilia oztopatzeko gai dira gipuzkoarrak. Ez dutelako Real Madril edo Bartzelonaren nagusitasunik. Ezer ez baita betiko eta valentziarrei ere tokatuko zaie atzerantz egitea. Aurrez aipatutakoaz gain, azkenaldian lortu ez dutena egin behar dute txuri-urdinek. Zelai erdian gailendu. Hortik has liteke norgehiagoka menderatzen. Izaera oldarkorragoa azaltzea ezinbesteko baldintza izango denarekin batera.

Illarramendiren zain

Asier Illarramendik ez du jokatuko. Ezker belaunean hartu du min oraingoan. Larria izan ez arren, medikuek adierazi zutenez, bihurritua arina da, eta gaur ez da ariko. Besteei dagokienez, deialdiaren egituraketak, itxuraz, aztarna garbia utzi du: ez duela bi aurrelarirekin jokatuko; 4-3-3 marrazkia berreskuratuko du. Ifran etxean utzi du, eta erdialdean Zurutuzak baino ez dauka tokia ziurtatuta, hobera egiten ari delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.