Athletic, laugarren postuan, datorren sasoian Txapeldunen Ligako atarikoan matematikoki jokatzeko sailkatuta. Reala ere, Europa Ligako atarikoetarako sailkatuta jada. Ezer gutxi zuten jokoan, beraz, bi taldeek, eta sasoiko azken partidetan izan ohi den tentsiorik gabe jokatu ahal izan zuten bi taldeek.
Joan-etorriko partida izan zen San Mamesen jokatutakoa. Realak hamaikakoan aldaketa ugari eginda —Griezmann eta Agirretxe ez ziren hasieratik aritu—, Athleticena izan zen baloia hainbat unetan. Bi taldeek izan zituzten aukera argiak, baina ez zen golik izan lehen zatian.
Bigarrenean bai, ordea. Hasi eta berehala, Muniainek egin zuen etxekoentzako gola, area kanpotik eginiko jaurtiketa baten bidez. Partida amaitzeko ordu laurden falta zela, ordea, Velaren pasea baliatu zuen Agirretxek Iraizozi izkin egin eta berdinketaren gola egiteko.
Ez du ezer izango jokoan Athleticek datorren astean, Almeriaren kontra. Hala ere, bilbotarren garaipen batek mesede egin liezaioke Osasunari. Realak, berriz, Vila-Real hartuko du Anoetan, igande eguerdian. Seigarren postuan dira donostiarrak. Irabaziz gero, bosgarren postura hel litezke; berdinduz gero, seigarren postuan geratuko lirateke; eta galduta, zazpigarren postura jaitsiko lirateke.