futbola

Ezer gutxirekin etsi du

Athleticek oso partida tristea jokatu du Deportivoren zelaian, eta merezita galdu du azkenerako. Cavaleirok sartu du partidako gol bakarra, 24. minutuan

Iñaki Williams Athleticeko erdilaria, burumakur, Deportivoren aurkako partidan. CABALAR, EFE
unai zubeldia
2015eko urtarrilaren 4a
09:40
Entzun

Triste, indarrik gabe, ezer askorik egin ez zuen talde bati ezer askorik egin gabe... Athleticek ezinean ekin dio urteari. Gaizki hasi eta hainbestean txukuntzen hasitako ligako ibiliari kolpe handia eman zioten atzo zuri-gorriek. Zelai erdian motel eta aurrean makal, Cavaleirok lehen zatian sartutako golari erantzun ezinik geratu zen taldea. Etziko Kopako partidaren atarian, gaur-gaurkoz Aduriz eta Muniainen behar handia daukala berretsi zuen Athleticek.

Partida apala jokatu zuen Athleticek. Saiatu zen baloia mugituz jokoan nagusi izaten, baina Tocheri baloi luzeak bidaltzea eta bilbotarren atzeko lerroa urduritzea, biak bat izan ziren. Zelai erdiko jokalariek ez zuten egin presio lan onik, eta Tochek bi aukera eduki zituen Cavaleirok gola sartu aurretik. 4. minutuan epaileak baliorik gabe utzi zuen 1-0ekoa, muga-mugako jokoz kanpokoagatik; eta 17. minutuan Iraizozek gelditu zuen Tocheren jaurtiketa. Ia ezer egin gabe, Viguerak ere eduki zituen bi aukera argi, baina ez zuen asmatu errematean. 17. minutukoa izan zen aukerarik onena, Fabricioren aurrean bakar-bakarrik geratu zenean, baina oso oker egin zuen errematea.

Oldarkortasunean nagusituta, Deportivok 24. minutuan lortu zuen 1-0ekoa, San Jose eta Laporteren huts larrian. Gola jasota ere ez zen askorik hobetu Athleticen jokoa. Aldageletatik bueltan, Iraola zelairatuta biziberritu zen, zertxobait, taldea. Unai Lopezen urruneko jaurtiketa, Vigueraren burukada, aurrelariaren eta Ibairen artean jositako jokaldia... Williamsek eta Balentziagak eduki zituzten aukerarik argienak, 88. eta 90. minutuetan, baina ezin. Athleticek triste ekin dio 2015ari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.