Aulkitik begira

Ezertarako balio ez duen jarduna

Aitor Manterola Garate.
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Denboraz kanpo. Futbolean gabiltzanoi asko gustatzen zaigu hitz eta pitz aritzea. Hitz egin behar horretan, gehiegi jarduten dugu, eta denboraz kanpo, ohartzen ez bagara ere. Denboraz kanpo hitz egitea izan daiteke hau: partida bat ikusi, eta esatea zer gertatuko zen taldeak edo entrenatzaileak hau edo bestea egin izan balu. Larunbatean Realarena ikusi eta gero entzun eta irakurritakoak piztu dit kontu horren inguruko gogoeta. Ez da besterik bazterretan: lehen zatian lehia oparitu egin ziola Philippe Montanierrek Real Madrili, estrategia koldarra erabiliz, eta bigarren zatian erakutsitako nolabaiteko ausardia hasieratik azaldu izan balu emaitza ere ezberdina izango zela. Inoiz ez dugu jakingo zer gertatuko zen hala izan balitz, eta, horregatik, alferrik jardutea da hori esatea. Aztertu beharrekoa da gertatu zena, eta soilik ikusitakoa. Beste guztia interpretatzea da, eta horretan bakoitzaren subjektibotasuna azaltzen da. Eta iritziak erabat baldintzatzen dituzte hainbat kontuk, aurreiritziek eta betiko topikoek.

Beti presaka. Azkarregi bizi da futbolaren ingurua. Gaurkoa baino ez da kontuan hartzen. Gaur jokatu behar du ondo jokalariak; gaur asmatu behar du entrenatzaileak estrategian. Gaur ez badute asmatzen, ez dute balio. Duela urte batzuk, hauxe esan zidan Aitor Arregi jokalari ohiak, denboraldiaren erdian ez dakit zeren balorazioa eskatu nionean: «Balorazioak denboraldiaren amaieran egin behar dira». Erabateko arrazoia ematen diot. Adibide bat: Realeko Mariga ez dabil ondo, eta ondorioak azkar atera dituzte. Txarra da, ez du balio, eta hanka sartu du klubak bera ekarrita. Ondo ez dabilela jakina da, baina orain ez dabil ondo. Zergatik ez dabil ondo? Orain ondo ez ibiltzeak zer esan nahi du, gero ere gaizki ibiliko dela? Balorazioak maiatzean egin behar dira, eta orduan ere tentuz. Izan ere, ezin al dute, adibidez, jokalariek denboraldi txarrik egin eta hurrengoan sekulako maila eman?

Betiko kontuak. Beste gaitz bat hau izan ohi dugu futbolaz aritzean: betiko esaldiak barra-barra erabiltzen ditugu. Gauzei, gertakariei eta egoerei azalpena aurkitu beharrean, oso erosoa da betiko esaldi batekin azalpen guztia ematea. Eta betiko esaldiek gehiegi sinplifikatzen dituzte azalpenak. Geldikako jokaldiena da kasu paregabea. Talde batek golik sartzen ez badu halako jokaldietan, aizkora zorrotzak azkar mozten ditu lepoak: «Ez dute lantzen entrenamenduetan». Halakoa bota aurretik, zergatik ez pentsatu landu arren gaizki ateratzeko arriskua ere hor dagoela? Kontran ere antzeko gogoeta; oraingoan, adibide zehatzarekin: nola igandean Athleticek geldikako jokaldian sartu zuen gola, orduak eta orduak egoten dira entrenamendu saioetan geldikako jokaldiak lantzen. Eta landu gabe ezin al daiteke golik sartu horrelako jokaldietan? Oraingoan, betiko esaldien aldekoak ez dabiltza gaizki, Marcelo Bielsak lan handia egiten duelako geldikako jokaldiak lantzen. Baina betiko esaldiekin ez da beti asmatzen.

Futbolaren ezaugarriekin. Jardun eta jardun aritu behar horretan, futbolaz ez beste guztiaz aritzeko ohitura txarra zabalduegia dago zokoetan. Futboleko egoerak azaltzeko ez dira kontuan hartzen futboleko ezaugarriak. Harrigarria. Ezaugarriak eduki dituenik ere ez du uste zenbaitek. Osasunak igandean jokatutako partidan, adibide esanguratsua: Levante liderrari irabazi zionez, garaipenaren azalpenen bidean ez da asko hitz egin kirol honen berezko ezaugarriez. Levanteko jokalariak beteranoak direla eta astebetean hirugarren partida jokatu beharrak nekatu egin zituela; hainbeste neurketa jarraian irabazi eta gero tokatzen zitzaiola galtzea; hemendik aurrera zer gertatuko zaien asmatzen saiatu denik ere bada: «Orain galduko ditu partida denak segidan». Oinarririk halakoak esateko? Futbolean aurkitu behar dira oinarriak, haren ezaugarrietan. Jose Luis Mendi-libarrek, entrenatzailea bera, honela azaldu zuen zergatik irabazi zuen bere taldeak: «Levantek joko zuzena egiten du, eta eredu horretan oso garrantzitsua da goitik zelaira erortzen den baloia harrapatzea. Gu biziagoak izan gara arlo horretan, eta horregatik irabazi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.