Athleticek puntu bakar bat eskuratu du Rayoren kontrako partidan, eta ez zaio nahikoa sailkapenaren behealdetik alde egiten hasi eta gora begira jartzeko.
Zuri-gorriek ez dute joko onik egin lehen zatian, eta apenas izan duten gol aukerarik. Rayok aurrea hartu dio 22. minutuan. Pozok jokaldi on bat egin du, eta area ertzetik egin duen jaurtiketa gurutzatua ezin izan du gelditu Herrerinek.
Bigarren zatian, Berizzok Raul Garcia zelairatu du Williamsen ordez, eta hark ekarpen handiagoa egin dio taldeari. Neurketan egin duen lehen jokaldian, buruz errematatu du baloi bat arean, eta Rayoko atezainak ateko lerrotik atera du baloia. Garciaren beste burukada batek eman dio bide Athleticen golari. 66. minutuan, bigarren zutoinean errematatu du, eta, zutoina jo ondoren, Muniainek bidali du baloia sareetara.
Azkenean, berdinduta amaitu dute partida Rayok eta Athleticek, eta puntu bana eskuratu dute. Athletic sailkapeneko 17. postuan da, 9 punturekin, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera.