Ezin da alderatu finalarekin

Bartzelona eta Athletic elkarren aurka ariko dira gaur Ligan, Espainiako Kopako finalean sartzea lortu eta gero

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Egutegiak aginduta elkarren aurka ariko dira gaur Bartzelona eta Athletic, oraindik Espainiako Kopako finalera pasatu izana ospatzen ari direnean. Morboa duen norgehiagoka da, zaleek luparekin aztertuko baitute talde batek eta besteak egingo duten jokoa. Baina ez du merezi gaur jokatuko duten partida finalarekin alderatzea. Oso ezberdinak izango dira.

Batetik, Liga eta Kopa lehiaketa ezberdinak direlako. Beraz, jokoan dagoena ere ez da gauza bera. Bartzelona txapeldun izateko borrokan ari da. Azken hiru jardunaldietan zortzi puntu utzi ditu bidean. Real Madrilek, ia sekula huts egiten ez duen taldeak, ondo aprobetxatu du aukera. Gerturatu den heinean, gainera, aurkariari presioa sartzen ahalegindu da. Eta neurri batean lortu duela esan daiteke. Bartzelonak zalantzak ditu. Horrek ez du esan gura goi mailako taldea ez denik. «Bartzelona talde ezberdina da. Ligan eta Europan ez dago halako jokoa egiten duenik. Arreta handia izan beharko dugu», adierazi zuen atzo Caparrosek.

Jokalarien burutik Kopa kentzeko ahalegina egiten ari da Athleticeko entrenatzailea. Kostako zaio, baina egin beharreko ahalegina da. Dena dela, jokalariek hobe lukete Ligari merezi duen garrantzia emango baliote. Camp Nouko partidan hiru puntu egongo dira jokoan. Txapelik ez dago jokoan, beraz. Baina puntuak garrantzitsuak dira talde bientzat. Guardiolak zuzentzen dituen mutilek gutxienez lau puntuko errentari eusteko behar dituzte puntuak. Athleticek, berriz, lehenbailehen egin gura ditu etxeko lanak Ligan.

Kopako lorpena eskuan izanda, mailari eustea da geratzen zaien erronka nagusia. Horretarako hamar puntu inguru irabazi beharko ditu. Espanyol, Osasuna, Mallorca eta enparauak esnatu dira, eta gerturatzen ari dira. Beraz, komenigarria da norgehiagoka guztietan puntuak biltzea. Camp Noun punturen bat eskuratzea ez da erraza izango, ordea. Bartzelonaren zelaia luzea eta zabala da. Eta Messik, Iniestak eta gainerako izarrek are eta handiagoa egiten dute. Batzuetan hamalau jokalari beharko lirateke eurei eusteko. Kopako finalean hori ere ezberdina izango da. Harmailetan bi taldeetako zaleak egongo dira. %50ean. Eta Mestalla -Federazioak atzo baieztatu zuen finala Valentzian jokatuko dela- Camp Nou baino estuagoa da. Hobe.

Bestalde, inork ez daki nola egongo diren talde biak bi hilabete barru. Zuri-gorrien esperantza da Bartzelona beste bi lehiaketetan garaipenaren borrokan murgilduta egotea-Ligan eta Txapeldunen Ligan-. Eta, beraz, nekatuta egoteaz gain, Kopa bigarren mailan uztea. Halaber, Athleticek azken hiruzpalau hilabeteetan erakutsitako sendotasuna eskaintzea izango litzateke Caparrosen eta laguntzaileen helburu nagusia. Horretarako, garrantzitsua izango da lesiorik ez izatea. Athleticeko jokalari onenek ez dute minik hartu orain arte. Horri esker, besteak beste, hazi da talde gisa. Astero jokatzen duten bost edo sei onenetatik inork minik ez hartzea garrantzitsua izango litzateke finala irabazteko aukeraren bat izateko.

Gaur, esaterako, hasierako hamaikakoan ohikoak diren hiru jokalari barik jokatu beharko du talde bizkaitarrak. Lerro bakoitzean min hartutako jokalari bat dauka Caparrosek. Atzealdean Aitor Ocioren hutsunea bete beharko du. Aditu askorentzat atzelari gasteiztarra ez da ordezkaezina. Baina Caparrosek bere alboan gura du beti. Bere izaera zelaian erakusten duen jokalari apurretakoa baita. Bartzelonaren aurka Gurpegik beteko du bere lekua. Andosillako futbolaria jota dago. Espero zuena baino askoz gutxiago ari da jokatzen. Baina gaur hasieratik aritu da. Ustaritzi eta Etxeitari aurre hartu die. Aurreko biak baino azkarragoa delako egingo du Caparrosek Gurpegiren aldeko apustua.

Garmendiari aukera

Zelai erdian David Lopezen hutsunea bete beharko du entrenatzaileak. Okerrik ezean, Susaetak jokatuko du. Aurrean, berriz, Ion Velez falta da. Kopako lehia ikusi ostean, Toquerok hasieratik joka dezakeela pentsatzea izango litzateke normalena. Baina Caparrosek badu beste aukera bat, Bartzelonaren jokatzeko modua aintzat hartuta: zelai erdia indartzea. Hortaz, ezin da baztertu Joseba Garmendia aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.