Saskibaloia. Espainiako Kopa. Caja Laboral Baskonia 72. Lagun Aro GBC 65

Ezin da barkatu

Baskoniak galduta zeukan partida, baina bigarren zatian, defentsari esker Lagun Aro zigortuta, buelta eman dio emaitzariGasteiztarrek 11. aldiz jokatuko dute jarraian finalerdietan; Bartzelona izango dute aurkari

Andoni Urbistondo.
Bartzelona
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (15), Oleson (9), San Emeterio, Teletovic (17), Golubovic —hasierako bostekoa—; Milko Bjelica (22), Heurtel (4), Ribas (2), Lampe eta Nemanja Bjelica (3).

Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Salgado (4), Vidal (9), Papamakarios, Panko (14), Betts (2) —hasierako bostekoa—; Baron (22), Neto (8), Lorant (4) eta Doblas (2).

Markagailua. 17-16, 28-38 (atsedenaldian); 55-49 eta 72-65.

Epaileak. Martin Bertran, Jimenez eta Araña. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 11.400 ikusle inguru bildu ziren Bartzelonako Palau Sant Jordin.

Amorratuta hartu zuen David Doblasek aldageletako bidea, eta egunak beharko ditu amorru hori ahazteko, Lagun Arok esku-eskura izan zuelako atzo ezusteko handi-handi bat emateko aukera baina esku-hutsik itzuliko delako etxera. Errepaso latza eman zion bigarren laurdenean Caja Laborali, eta itotzear utzi zuen. Aldageletara bidean hamar punturen aldea zeukan Lagun Arok. Alde polita, donostiarrak abantailari eusten talde iaioa direla erakutsi baitute azken bi hilabeteetan. Hirugarren laurdenean eustea zen gakoa, legez, edo legez kanpo. Baskoniari partidan sartzen ez uztea. Baina ez zuten lortu, eta arabarrek hankapean ibili zuten Lagun Aro.

Bost minuturen buruan berdindu zuten partida, eta zortzi minutuan hiru puntura mugatu zuten Lagun Aroren uzta. Nola? Defentsan estutuz, Pankori mugitzeko oztopo anitz jarriz, Baron kate motzean lotuta. Datu esanguratsu bat. 43 puntuko balorazioa zeraman Sito Alonsoren taldeak lehen zati bukaeran, eta 44koa hamar minutu geroago. Alegia, puntu bakarra gehitu ziola bere estatistikari laurden oso batean!

Prigioni izan zen iraultza horren eragile nagusia. Salgado estutu zuen muturreraino, eta Santutxukoak hiru baloi eman zituen. Gidaririk gabe, galdu egin zen Donostiako taldea. Hamar baloi eman zituen, eta etekin handia atera zuen Baskoniak. Blokeo eta jarraipenarekin min handia egin zuten Prigionik eta Milko Bjelicak, eta Prigionik berak ere jokaldi dezente bukatu zituen, Salgado erraz gailenduta. 28-38koa 41nakoa bihurtu zen aurrena, eta 51-41ekoa 28. minutuan.

Han bukatu zen partida, Lagun Aro puntu bakarrera hurbildu bazen ere. Baskoniak fedearen, buruko indarraren borroka irabazi zuelako. Lagun Arori poltsikoan zeukan garaipena lapurtu zion eta egiten zuena eginda ere, Bartzelonan bera geratuko zela esan zion. Talde handiak horrelakoak direlako. Barkatu eta akabatuta zaude. Errematerik ematen ez bada ez dago bigarren aukerarik, eta Lagun Arok, zoritxarrez, ez zion errematerik eman lehen zati bikainari.

Baronen 16 puntu

Palau Sant Jordira bertaratu ziren zaleak aho bete hortz geratu zirelako Lagun Aroren jokoarekin. Panko egin behar ez zituen jaurtiketak egiten tematu bazen ere. Salgadok bere egunik onena eduki ez bazuen ere. Baronek eduki zuelako. Hiruko ikusgarri pare bat saskiratu zituen, baina bikoak ere bai, ugari, eta batzuk meritu handikoak, Oleson eta Pau Ribas gain-gainean zituela.

Zer esan Peter Loranti buruz? Bederatzi puntu sartu zituen hiru minututan Teletovicek, eta Panko erotu. Sito Alonsok Baskoniako kapitaina zaintzeko ardura eman zion hungariarrari, eta lehortu egin zuen. Ez zuen puntu gehiago sartu lehen zatian, eta Lagun Aro giltzarrapoa jarri zuen bere saskian. Baskoniak lau puntu bakarrik sartu zituen sei minututan, bere iparrorratza, saskiratzaile onena ezeztatu zuelako.

Eta Lagun Aro 10 puntu aurretik.Eta Baskonia kabitu ezinik, hasi berria ematen ari zitzaion astindua sinetsi ezinik. Jakina zen esnatuko zela, arabarrek azken laurdenetako langa ez gainditzeak trumoia ekarriko zuelako Gasteizera. Esnatu ziren, eta esnatzen utzi zion Lagun Arok. Halakoetatik ere ikasten da, eta lezio hori ikasi dutela esan zuen Sito Alonsok, jokalariei errurik leporatu gabe. Duintasunez belaunikatu zelako Lagun Aro. Eta garrantzitsuagoa. Handiak, aberatsak hain urrun ez daudela ere ikasi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.