Imanol Agirretxe. Realeko jokalaria

«Ezin daiteke uste handiegia izan norberaren buruan»

«Ilusioz beteta» iritsi da Imanol Agirretxe sasoi hasierara, «gauza asko egiteko itxaropentsu». Badaki hamaikakoan tokia izateko denboraldi-aurrean erakutsitako gol senari eutsi behar diola.

Donostia
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Imanol Agirretxek (Usurbil, Gipuzkoa, 1987) ez du aurpegia mozorrotu behar izan entrenatzailearen arreta bereganatzeko. Philippe Montanierrek aginduak ematen dizkio, aholkatu, mugimenduak zuzendu. Begiratu egiten dio, eta hori ezinbestekoa da edozein jokalarirentzat. «Fidatu gabe lanean jarraitu behar da». Horra hor, ikusezin izandako garaietatik usurbildarrak aterako irakaspen baliotsua. Entrenatzaile frantziarraren etorrerarekin etxeko leihoak zabaldu ditu. Aireztatzeko. Eta haizeberritu egin da denboraldi-aurrean: golak sartuz, beste edozein taldekidek baino gehiago. Fundamentuz jokatuz. Tokia izan dezakeela sinetsiz, batez ere. Hori dela eta, «ilusionatuta» eta «gogotsu» iritsi da irteera gunera, denboraldiari ekiteko irrikaz. «Taldekide guztien moduan», gaineratu du. Jokatzeko eraz, estiloaz, aurrelarien betebeharrez eta noski, berari buruz mintzatu da BERRIArekin astearteko entrenamendu saioa amaitu berritan.

Egin dezakezuenaren inguruan kezka, egonezina, segurantza… zer sentipen du taldeak?

Ilusio handia antzematen da. Gazte asko igotzeaz harago, haien ekarpena garrantzitsua izan baita. Nik ez dut zalantzarik sumatzen. Gogoa bai. Bigarren urte honetan zertarako gai izango ote garen jakiteko irrika.

Joan den sasoitik aterako zenituzten irakasgaiak. Esaterako, Europaz hitz egiten hastean egin zuen taldeak behera. Zergatik?

Lehen itzulia hain ona izan eta gero, gehiago lor genezakeelakoan geunden. Gora begira. Gertatu zena da, gauza txikiengatik irabazi genituela neurketa asko, halako diferentziarik izan gabe jokoan. Gerora hori aldatu zenean, inori irabazteko gai ez ginen izan. Puntuei dagokienez, datuak ez ziren eskasak, baina taldearen itxura ez zen bera izan. Helburu nagusia bete gabe beste zerbaitetan pentsatzeari ekin genion eta horrek ez zigun inolako mesederik egin. Astez aste joan behar dugu, kontzentratuta, uste handiegirik gabe.

Sistema berri batekin ari zarete, hori landuz gehienbat. Hala eta guztiz ere, aukera gehiago izatea ez al da funtsezkoa? Neurketa berean aldaerak izatea?

4-3-3 izeneko joko-sistema landu dugu, batez ere, baina ez gara horretara mugatu. Bestelako agindu eta aholkuak eman dizkigu Montanierrek. Italian, esaterako, aldatu genuen jokatzeko era aurkariaren ezaugarriak ikusita. Ezberdin jokatzea, neurketa bakoitzak eskatzen duena ondo ulertzea, momentu ezberdinetara egokitzea da koska. Orain bost atzelarirekin jokatu, gero bi euskarrirekin… une oro jakitea zer komeni zaigun eta horretarako tresnak izatea.

Entrenatzailearen jokatzeko ideia horrek errezelo apur bat piztu du kalean.

4-3-3 horrek mila aurpegi izan ditzake. Sistemaren gainetik, jokalariak gaude. Baloiaren bidez gure artean elkartu gaitezen nahi du entrenatzaileak. Jokoa landuz, baloia ukituz iristea gora. Horretan ari gara, eta guk bihurtu behar dugu eraginkor mezu hori.

Montanier. Nola definituko zenuke bi hitzetan?

Metodikoa, langile fina eta jokalariei asko eskatu zalea. Gauzak aurpegira esaten dizkizunez, badakizu zer dagoen.

Gaztelaniaz txukun samar moldatzen omen da. Eta euskaraz? Hitzik entzun al diozu?

Bai. «Egun on» esanez sartzen da aldagela barrura goizero. Hitz solte gehiago ere entzun dizkiot.

Zuri dagokizunez, arnasa hartzeko balio izan al dizu denboraldi-aurreak?

Bai. Halako zerbait behar nuen. Arnasberritu. Gogo biziz ekin nien entrenamenduei eta gauzak ongi atera zaizkit. Golak sartuz, behar bezala prestatuz. Ilusioz beteta iritsi naiz, gauza asko egiteko itxaropentsu nago.

Zutaz gainera, Joseba Llorente, Diego Ifran eta Carlos Vela. Aurrelari zerrenda luzea. Bederatziaren posturako lehia, ordea, hain bortitza al da, kontuan hartuz eskema horrekin kanpoaldetik jokatzea tokatuko zaizuela?

Entrenatzaileak lehen egunetik garbi esan zigun ez genuela postu finkorik izango. Ez du halakorik nahi. Goiko hirurak mugitzea, lekuz aldatzea, kokapen ezberdinetara egokitzea baizik. Entrenamendu saioetan horretan ari da. Batean eskuinetik, bestean ezkerretik, barrutik. Baloitik gertu, azken batean. Area inguruan gelditu gabe, erdiraketak errematatzeko, markak kenduz…

Autokritikarako tartea. Zer falta izan zaizu gehiago jokatzeko?

Segidan jokatzea. Ez dut bospasei partidatan parte hartzerik izan, horietan finkatzerik lortu. Zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta hobeto sentitzen zara. Dena bat dator. Denborarekin lortuko dudalakoan nago.

Unerik zailenetan ateratzen omen dira ikasbiderik fidagarrienak. Zuk zer ikasi duzu?

Zeure burua bete-betean ikusiagatik ere, entrenatzaileak ez du zertan berdin pentsatu. Fidatu gabe lanean jarraitu behar da, norberarengan uste handiegirik izan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.