Bartzelona 2. Athletic 0

Ezin denean, ezin da

Athleticek bigarren zati ona jokatu du, eta aurre egin dio Bartzelonari, baina ezin izan du punturik urratu

jon eskudero
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bartzelona. Victor Valdes; Dani Alves, Pique, Mascherano, Adriano; Busquets, Thiago, Andres Iniesta (Xavi, 75. min.); Alexis (Keita, 82. min.), Leo Messi eta Tello (Pedro, 63. min.).

Athletic. Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Ekiza, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Iñigo Perez (Ander Herrera, 46. min.); Susaeta, Ibai Gomez (Muniain, 46. min.) eta Toquero (Llorente, 58. min.).

Golak. 1-0. Iniestak (40. min.); 2-0. Messik, penaltiz (58. min)

Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak Athleticeko Toquerori, Iturrasperi eta Javi Martinezi.

Bestelakoak. 90.000 ikusle inguru Camp Noun.

Gose gehiegik oinazea dakar, eta kirol arloari erreparatuta, horixe da Athleticen egoera. Aste honetan Schalke 04 bi puskatan jan ondoren, atzo Bartzelonaren aurka ustekabea ematea zen zuri-gorrien nahia, baina gehitxo eskatzea zen, noski. Europako Ligako ametsak porrotak bihurtzen ari dira Espainiako Ligan. Bielsaren taldeak ez zuen ikusgarritasunik erakutsi zelaian, baina kontra egiteko gai izan ziren munduko talderik onenaren aurka, eta emaitzak bestelakoa esaten badu ere, sufritutako garaipena lortu zuen Bartzelonak (2-0).

Lehen zatia monologo bat izan zen. Bartzelonak hartu zuen hanketan baloia, eta Athleticeko jokalariak haren atzetik ibili ziren lasterka atzera eta aurrera, euren itzalari segika ariko balira bezala. Futbolean, baina, golek balio dute, eta kataluniarrak ez ziren gai izan Iraizozen atea zulatzeko. Areara inguratu bai, hori egiten zuten, baina markagailuan abantailarik hartu ez.

Defentsako lerroan aritu ziren hobekien bilbotarrak. Eta lehen zatiko jokalaririk onena Iraizoz izan zen. Ez da seinale ona izaten gehien nabarmentzen dena atezaina izatea. Baloi jabetza edukitzea da zuri-gorrien filosofia eta helburua, baina aurkariak gain hartzen dionean, sufritu egiten du Athleticek. Horixe gertatu zitzaion atzo. Bartzelonak oso goian egin zuen presioa, baloia luze jokatzera behartu zuen, eta ezin, beraz, ezustekorik eman. Gogotik saiatu bai, baina halako zelai batean irabazteko gogoa baino zerbait gehiago behar da.

Dena den, Athleticek izan zituen susto txikiak emateko aukerak lehen berrogeita bost minutuetan, baina egiari zor, jokalarien kalitate falta dezente igarri zen. Izan ere, ohiko hainbat izar aulkian utzi zituen Bielsak, eta Ibai Gomez eta enparauak ezinean aritu ziren. Norbaitek gola merezi izan bazuen, Bartzelonak egin zituen horretarako merituak, eta ikusten zen lehenago edo beranduago helduko zela zoritxarra. Bada, 40. minutuan Iniestak jarri zituen aurretik etxekoak.

Gola aurreikusita zegoen, bai, baina ez iritsi zen moduan iritsiko zenik. Ibai Gomezek baloi inozoa galdu zuen zelai erdian, eta Bartzelonak ez zuen barkatu. Bi pase zuzen egin, lerroak hautsi, eta Iniestak barrura. Ederra, zalantzarik gabe. Eta baita ere ederrak Bielsak bere jokalariei egindako oihuak. Atsedenaldira gol bat atzetik heldu ziren zuri-gorriak, eta entrenatzaileak ez zuen bi aldiz pentsatu. Gehiago itxaron gabe, Muniain eta Ander Herrera zelairatu zituen, Ibai Gomez eta Iñigo Perezen ordez.

Erabat itxuraldatuta hasi zen bigarren zatia. Soinean elastiko bera eduki arren, beste grazia eta freskotasun batekin jokatu zuen Athleticek. Muniainek arnasa eman zion Bilboko taldeari, eta Susaetak arriskua sortu zuen eskuin hegaletik. Nabarmentzekoa da eibartarraren lana. Nekatzen baldin bada ere, ez du halakorik ematen. Bartzelona nagusi zen. Ados. Baina berdinketa ez zegoen urruti, aukerak bata bestearen atzetik izan baitzituzten zuri-gorriek.

Epailearen akats larria

Esperantzak egitea nahikoa da, ordea, guztia ezerezean geratzeko, eta Bartzelona ez, epailea izan zen Athleticen etsai nagusia azken orduerdian. Izan ez zen penaltia adierazi zuen, eta nola ez, Messik ez zuen barkatu. Tellok bere burua argi eta garbi bota zuen lurrera, eta epaileak ere etxea bota zuen leihotik. Lotsagarria.

Bigarren gola jasota, Bielsak Llorente zelairatu zuen Toqueroren ordez, baina alferrik. Ezin denean, ezin da, eta kito. Aurrekoa gutxi ez, eta Athleticen aldeko penaltia ez zuen adierazi epaileak. Hura ere garbia. Onena, isilik egon eta lanean jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.