Irailaren 18ko eguerdian, Zierbenak bere historiako lorpenik handienetakoa eskuratu zuen: datorren denboraldian San Miguel ligan aritzeko aukera. Bezperako eta igande hartako lanari esker, kanporaketako bi sarietako bat irabazi zuen. Baina ezin izan zuen ospatu. Uretako lehia bulegoetan erabakiko delako. Gaur-gaurkoz, Zierbenak ez daki onenekin egingo duen arraun ala ez.
Urdaibai auziaren mende dago erabakia. Epaitegian da Estrobo auzia, Bermeoko klubean izan zen ustezko dopina argitzeko, eta Traineruen Kluben Elkarteak—San Miguel ligaren kudeatzailea— esana du epaia atera arte ez duela erabakirik hartuko. Erabaki beharrekoa da Urdaibai ligatik kaleratu edo ez. Baiezkoa esaten badu, Zierbena saririk gabe geratuko da, kasu horretan Oriok eta Camargok eutsiko lioketelako mailari, nahiz eta Orio ligan azkena izan —zuzenean jaisten da berez azkena— eta Camargok kanporaketan maila galdu. Aldiz, Urdaibairen aldeko erabakia hartzen badu, Zierbena igo egingo da, eta Orio nahiz Camargo jaitsiko dira. Portugalete kanporaketako garaile izan zen taldearen inguruan ez dago zalantzarik: erabakia edozein dela ere, goian ariko da.
Zierbenan lasaitasuna ez beste edozein egoera dute. Hala aitortu du Patxi Frances entrenatzaileak (Donostia, 1958): «Zain gaude. Ez dakigu non lehiatuko garen. Nik neuk hitz egin dut jende askorekin, klubekoekin eta kanpokoekin, eta inork ez daki ezer». Ez da atsegina egoera, baina entrenatzaileari duela hilabetekoak ematen dio minik handiena: «Igoera ezin izan genuen behar bezala ospatu. Pentsa, jendea triste antzean zegoen. Gure taldea umila da, apala, eta ospatu egin nahi genuen igo izana, lorpen handia delako guretzat».
Harrezkero egun dezente joan da, eta denboraren joanak ematen duen lasaitasunarekin eta arraun munduan daukan esperientziarekin, ausartu egin da Frances etorkizuna iragartzen: «Uste dut San Miguel ligan izango garela. Ez zait iruditzen gauzak aldatuko dituztenik». Baina berea ustea besterik ez da, eta ez du ematen azken erabakia epe motzekoa izango denik. Izan ere, Gernikako epaitegiak ez du azken epaia emango datorren urteko hasiera baino lehen, eta kontuan izanik helegiteak-eta izango direla, luze joko du. Horregatik, litekeena da TKEk behin-behineko erabakia hartu behar izatea, eta erabaki hori izan daiteke gauzak bere horretan uztea. Bide horretan doa Francesen gogoeta.
Entrenatzailearen ustea beteko balitz, pozik leudeke Zierbenan, baina bidean izandako gorabeherek gehiago daukate behetik goitik baino. Arraunlari berriak erakartzeko lanean, esaterako, zailtasun handiak izaten ari da taldea: «Kalte handia ari zaigu egiten alor horretan. Esan dizut lehen ere talde apala dela gurea, eta ezin diegu diru asko eskaini arraunlariei. Askori deitu diet gurekin arraun egitera etortzeko, baina ez dute etorri nahi, ez dakigulako TKEn ariko garen edo ez». Oraingoz, Camargotik ekarri ditu bi, baina gustatuko litzaioke gehiago izatea: «Garbi daukagu indartu egin behar dugula onenen artean lehiatzeko, baina ezin diet ezer eskaini. Gure dirua da San Miguel ligan aritzeko, eta ez dakigu hor izango garen. Hortaz, zer eskaini behar diet?».
Asko ari da luzatzen Urdaibai auzia, eta gauza asko zabaldu da hedabideetan. Baina Francesek bere arraunlariek egiten dioten gogoeta ekarri du gogora, arrazoia emanez bere kirolariei: «Esaten didate Urdaibaiko inork ez duela positibo eman kontroletan, eta, horregatik, ezin dituztela zigortu. Klubak produktuak erosi dituela-eta, zergatik ez dira izango arraunetik kanpoko zerbaitetan ibiltzeko?». Urdaibai ligatik ez kanporatzearen alde daudenen ikuspuntua da, hori ezin da ukatu. Uretan igoera lortu duten arraunlari horiena, hain zuzen ere.
Sasoi erdian arauak aldatuz
Francesek beste gogoeta bat egin du: «Aspalditik datorren kontua da, aurreko denboralditik. Orduan, kaltetu nagusia ez al litzateke izango Zarautz? —joan zen urteko ligan azkena egin, eta jaitsi egin zen—. Aurtengo liga jokoan zela erabaki zuen TKEk behin-behineko parte hartzailea izatea kanporaketan, eta Oriok horregatik hartu zuen parte bi estropada horietan: «Nola liteke denboraldi erdian arauak aldatzen hastea? Beste kiroletan ez da halakorik gertatzen. Denboraldi batetik besterako tartean hartzen dira erabakiak, baina ez erdian».
Normaletik gutxi duen egoera argitzeko egun bat gutxiago falta da. Noizbait zehaztuko dituzte gauzak arduradunek, baina, bitartean, kaltetuak ari dira pairatzen egoera. Zierbena da uretan irabazitakoa bulegoetan gal dezakeena. Hala den edo ez, inork ez daki. Zierbenako inork ez, behintzat.
«Ezin diet ezer eskaini etortzeko»
Zierbena San Miguel ligara igo zen kanporaketan, baina, 'Urdaibai auzia' tarteko, oraindik ez daki onenen artean arraun egingo duen. Egoera deseroso hori nola bizitzen ari den azaldu du Patxi Frances entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu