Athleticek partida garrantzitsua dauka gaur Gijonen, Molinon zelaian (Espainia). Talde zuri-gorriak Espainiako Kopako finalaurrekoetarako txartela dauka jokoan Sportingen kontra. Denboraldiko erronka nagusia da. Kopak gainerako talde gehienetan sortzen ez duen ilusioa eragiten baitu Athleticeko jarraitzaileen artean. Beste taldeek txapelketaren azken txanpan ekiten diote serio lehiaketari. Hori esaten dute, behintzat. Athleticek ez. Lehen neurketatik eskatzen zaio onena emateko. Hogeita lau aldiz eskuratutako txapelketa beste behin irabaztea gura dute zaleek. Historiak pisu handia baitauka talde bizkaitarrean. Gainera, hogeita bost urte igaro dira Athleticeko kapitainak Kopa azken aldiz altxatu zuenetik. Asko da. Larregi. Garrantzitsua litzateke berriz irabaztea. Athletic txapelketa bat irabazten ikusi ez duten zaleek behar duten pizgarria da. Titulu batek areagotu egingo luke Athleticenganako sentimendua. Gazteak Bartzelona edo Real Madrileko zale ez egiteko bidea emango luke.
Baina garaipena oso urruti ikusten da oraindik. Athletic ez dago lehiaketa irabazteko faboritoen artean. Ezta finala jokatzeko hautagai nagusien artean ere. Baina finalerdietarako txartela eskuratzeko aukera du. Sportingek adina aukera. Gijoneko taldeak emaitza ona eskuratu zuen San Mamesen jokatutako joaneko partidan. Merezita lortu zuen golik bako berdinketa. Manolo Preciadok oso ondo prestatu zuen partida. Zulo guztiak itxi zizkion talde zuri-gorriari.
Joaneko neurketako emaitza eta zaleen babesa izango ditu alde Sportingek. Molinonen giro bikaina egongo da. «Zaleen laguntza oso garrantzitsua izango da», adierazi zuen Preciadok. Ez da nahikoa izango, ordea. Zerbait gehiago erakutsi beharko du Sportingek aurrera egiteko. Athletic kanporatzeko zaleen laguntza eta joaneko partidako emaitza baino gehiago beharko da. Besteak beste, San Mamesen Athleticen esku utzi zuen jokoaren ekimena hartu beharko du etxean. Beraz, berdegunean joaneko partidan aritu ziren futbolari asko egon arren, erabat ezberdina izan daiteke neurketa. Litekeena da Athleticek lehen neurketan baino zulo gehiago izatea. Sportingek orduan baino gehiago arriskatu beharko du. Eta Atleticek aurkariak utzitako zuloak aprobetxatzeko aukera izango du. Joanekoan izan ez zuen aukera, alegia. Sporting, gainera, ez da talde onena bere atea zaintzen. Gol asko jasotzen ditu. Beraz, Athleticen gol batek min handia egin diezaioke aurkariari. Sartu egin behar dela? Duda barik. Ez da erraza izango. Athletic ez da talde sendoa. Ez da fidagarria, baina aukerak izango ditu. Jokalariak atseden hartuta daude, gainera. «Fisikoki oso ondo ikusi ditutfutbolariak», esan zuen Caparrosek. Hankak eta burua izan beharko dituzte prest. «Partida fisikoa izango da. Bestalde, ezin da akatsik egin. Deskuidu txikienak lehiaketatik kanpo utz gaitzake», gaineratu zuen.
Mila Athletic zale inguru izango dira Molinon futbol zelaiko harmailetan taldeari begira. Jarraitzaileek erakutsi duten interesak argi eta garbi erakusten du denboraldion Kopak Bilbon sortu duen ilusioa: ez euriak, ez elurrak, ez uholdeak, ez krisi ekonomikoak, ez neurketa aste barruan jokatzeak... ezerk ez ditu geldituko zaleak. Sportingek klub zuri-gorrira bidalitako 500 sarrera pasatxo aitaren batean agortu ziren. Bidaia agentzien bitartez beste horrenbestek eskuratu dituzte sarrerak. Mila lagun inguru egongo dira harmailetan, eta milaka irratiz eta telebistaz jarraitzen.
Koikiliren aldeko apustua
Caparrosek zelairatuko duen hamaikakoaren gainean zalantzagutxi dago. Deialdia egin aurretik ezker hegalekoaren inguruan zegoen duda, baina Caparrosek, beste behin, Koikiliren aldeko apustua egin du. Denboraldi hasieran deialdietan egoteko balio ez zuen jokalaria ezinbestekoa da egun. Ondorioz, Balentziaga aukeratuen zerrendatik kanpo geratu da. Gainerakoak ohikoak izango dira. Teknikariaren gustukoenak. Bestalde, Toquerok aurrea hartu dio Etxeberriari, eta gasteiztarra egongo da Molinoneko aulkian ordezko aurrelari gisa.
Ezin du huts egin
Athleticek gutxienez gol bat sartu beharko du gaur Gijonen Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu