Ezin du hutsik egin

Baionak etxeko bigarren partida jokatuko du gaur, Stade Françaisen aurka, eta irabazi beharra du

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Top 14a hasi besterik ez da egin, baina Baionak presiopean jasoko du arratsalde honetan Stade Français, Jean Dauger estadioan (18h30). Ligako lehen partidan galdu egin zuten baionarrek, Clermonten aurka (6-13). Asteburu honetan, berriz ere etxean ariko dira, Parisko Stade Français taldearen aurka. Irabazi beharra dute.

Iragan sasoiko mamuak ahanztea da Aturri eta Errobi tartekoen helburua, eta horretarako, etxeko partidak irabazi beharra dago. Joan zen sasoian, Baiona Top 14ko talderik txarrena izan zen etxetik kanpo, eta etxeko partida guztiak erabakigarri bilakatu zituen. Denboraldiko bigarren partida honetan, irabazteak bakarrik balioko dio Baionari.

Aitzin-denboraldian, Baionak Stade Françaisi erraz irabazi zion (38-18). Uztailean izan zen hura, eta ordutik gauzak aldatu dira. Pariskoek lehen partida aise irabazi dute Montpellieren aurka (35-16). Lasai etorriko dira frantziarrak, etxekoak estu egonen direla jakitun: «Baionak presioa izanen du. Joan zen asteko emaitza txarrari itzulia eman nahiko dio», azaldu du Richard Pool-Jones paristarren entrenatzaileak.

Jean Dauger aldean, entrenatzaileen obsesioa izan da giroa lasai egotea. Baionan zaleak erraz berotzen dira, eta presioa kendu nahi izan du Christian Lanta entrenatzaileak: «Galdu dugu, baina Clermont Europako talderik onena da. Pozteko arrazoiak atzeman ditut partidan. Ez dugu dena hankaz gora ezarriko». Diskurtsoaren gibelean, joan den denboraldiko mamuak itzultzeko beldurra dago: «Baionan, gauzak oso goiz erretzeko joera dago. Jokalari onak ditugu, eta patxadaz lan egin behar dugu».

Nahiz eta soseguz mintzatu den Lanta, badirudi Clermonten aurkako partidako petoetatik ikasi duela. Iraultzarik ez da hasierako hamabostekoan, baina zailtasunak izan zituzten postu batzuetan aldaketak egin ditu Baionako entrenatzaileak. Dwayne Haareri kostatu zitzaion partidan sartzen; beraz, haren ordez, Marc Baget joan zen sasoiko kapitainak aukera izanen du. Chsisholm kapitain berria, berriz, hirugarren lerrotik bigarren lerrora pasatuko du, haren postu naturalera. Ondorioz, Guillaume Bernad sartu da hasierako hamabostekoan.

Gibelean, Christophe Deylaudek ere lezioa ikasi du. Joan den astean trakets aritu zen Cedric Heymans, eta aulkian utziko du; haren ordez, Baionako zaleen idolo Sam Gerber sartuko du hegalean. Zangoz erakutsi zuen gabezia dela eta, zer barkatua izanen du Jacques-Louis Potgieter irekitzaileak.

Sasoi honetan fitxaturiko jokalari nagusietako bat izan da Gabriele Lovobalavu, baina aulkian izanen da. Fijiko jokalariak, arazo fisiko batzuk tarteko, ez zuen jokatu Clermonten aurka, eta aldi honetan ordezkoekin izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.