Esne-mamitan bukatu zuen pasa den urteko sasoia Fotis Katsikarisek (Korydallos, Grezia, 1967). Ligako txapeldunorde, Euroligarako sailkapena lehen aldiz Bilbo Basketen historia laburrean... Azkar utzi omen zuen arrakastaren olatua, eta lanari ekin taldea indartzeko, denboraldi exijenteari aurre egiteko. Monzondik (Huesca, Espainia) bueltan erantzun ditu telefonoz BERRIAren galderak, ordu erdi luzez, denboraldi-aurreko azken lagunarteko dema jokatu eta biharamunean.
Pasa zen ekaina, eta pasa da uda. Zer moduz joan da oporraldia?
Oporraldia... Ez daukat opor luzerik eduki izanaren oroitzapena. Erronka handiko denboraldia da hastear dagoena, eta finala bukatu eta gutxira hasi ginen lanean, taldea sendotzeko. Ondo indartu dugula uste dut, eta pozik nago.
Denboraldi-aurrea xelebre samarra izan da, hiru partida bakarrik jokatu dituzue. Zergatik?
Badu azalpena. Liga eta Euroliga jokatuko ditugu, eta astegunetan ez dugu lan saio onik egiteko aukerarik izango. Azken hilabetean karga fisiko handiko lana egin dugu, muga horri aurre egiteko, eta horregatik jokatu ditugu hain partida gutxi.
Zer ondorio atera duzu lan fisiko horretatik?
Nekatuta iritsiko garela Superkopara, eta nekez egongo garela talde horien aurka gure benetako neurria emateko. Sentsazioak ez dira txarrak, baina asko dugu hobetzeko. Denboraldi-aurreetan ohikoak diren kolpeak, lesioak, nazioarteko txapelketak eta beste eduki ditugu. Hervelle, Roger Grimau eta D'Or Fischer kili-kolo daude, Raul Lopezek aste pare baterako dauka... Bagoaz, pixkanaka, eta ez da gutxi.
Izen batzuk aipatu dituzu aurreko erantzunean. Azaleko analisi batean, taldeak joan den sasoikoa baino sendoagoa dirudi. Warren eta Hernandez-Sonseca joan dira, baina Raul Lopez, Grimau eta Fischer etorri dira, hirukote bikaina.
Pozgarria da jendeak hori ikustea. Oso pozik gaude, errendimendu ona ematen duten jokalariak fitxatu ditugula uste dugulako, profesional onak eta talde dinamikan batere arazorik sortzen ez dituztenak. Ez dut atsegin urte bateko eta besteko taldeak konparatzea, baina egia da taldea sendoagoa dela, osagai gehiago eta hobeak ditugula. Sentsazio horiek teorikoak dira, oraindik ez dugulako partidarik jokatu talde osoarekin. Gure jokoaren zutabeak defentsa eta trantsizio azkarrak izango direla badakit, baina kantxan ikusi nahi nuke hori. Ea Superkopan posible den.
Hitz egin, mesedez, etorri diren hiru jokalarien inguruan. Raul Lopez oso jokalari ona da, fisikoki mugatua, baina talentu handikoa.
Bai, eta eskarmentu handia dauka. Erreferentzia onak genituen, eta joko antolatzailearen postua indartzeko beharra. Raul bizkorra da buruz, badaki zer egin behar den une bakoitzean. Saskiratzeko gaitasuna du, gidatzeko, eta erritmoa kontrolatzeko gai da. Ez daude bera bezalako asko merkatuan, eta gure taldean daukagu. Fisikoki asko sufritu du, baina ez du minutu karga handia izango, hiru joko antolatzaile baititugu. Lemazain postuan hiru aukera izatea garrantzitsua da. Aaron Jackson dugu, azkarra, intentsitate handikoa. Josh Fischer, berriz, oso indartsua da fisikoki, eta Raul Lopezek kalitatea du sobera.
Grimauren etorrerak ere oso harrera ona izan du. Zergatik fitxatu duzue?
Batez ere, oso ona delako. Ez dauka jaurtiketa mekanika polita, baina jaurtiketak sartzen ditu. Jokoaren ezagutza ikaragarria dauka, eta urteak daramatza goi mailan. Defentsan iaioa da, erasoan txarra ez, eta fisikoki ez du parekorik. 2-3 postuetan joka dezake, eta baloia eramateko gai ere bada. Jokalari osoa.
D'Or Fischerrek ere osagai ona dirudi Marko Banic, Axel Hervelle eta Dimitrios Mavroeidisentzat.
Asmo horrekin ekarri dugu. Garaia da, beso luzekoa, eta saskipetik mugitzen zaila. Barneraketak uxatzen ditu, eta txapelak jartzen ere iaioa da. Bospasei metroko jaurtiketa ona du, ondo egiten du blokeoa eta jarraipena, eta errebotean ere lehiakorra da. Merkatuan bere tankerako jokalari gutxi zeuden, eta gurekin dago. Oso pozik nago. Bulegoetako lankideek oso lan ona egin dute.
Osagai horiekin guztiekin, zein da denboraldi honetako helburua?
Lehen hausnarketak zuhurtziaz jokatu behar dugula esaten du. Ezin dugu esan helburua ligako finala edo Euroligako Top16a jokatzea direla. Finalak Bartzelonak edo Real Madrilek bakarrik agindu ditzakete, boteretsuak direlako. Gauden lekuari eutsita konforme nengoke.
Horrek zer esan nahi du, helburua tituluak lortzea dela?
Ez, horrek pixkanaka handien multzo horretan sartzen hastea esan nahi du, tituluekin obsesiorik ez sortzea. Oinarri on bat daukagu, eta oinarri hori sendotzea da arrakasta iristeko bidea. Zer lor dezakegu, zer ez? Goazen pausoz pauso. Euroligako lehen fasea aise pasako dugula pentsatzen du askok, Nancy eta Cantu baino talde hobea garela, baina kontuz. Lehen urtea da txapelketa horretan guretzat, eta tentuz jardun behar dugu. Dagoeneko ez dugu joan den sasoiko ezusteko gaitasuna. Ezagutzen gaituzte, eta kolpe bat edo beste hartzeko prest egon behar dugu. Horietatik ikasi eta indartsuago jaikitzeko.
Gerta al liteke espero ez diren emaitza onak lortu ez, eta halako urduritasun bat sortzea?
Sortzen bada, atzean uzten ahaleginduko gara. Miribillara etortzen den zaleak badaki nolako taldea garen: gaztea, umila, baina nortasun handikoa. Nortasun hori sendoa da, eta emaitza sorta txar batek ez du kaltetuko gure indarra. Gizakiak gara, eta okerrak izan ditzakegu, baina horiei buelta emateko prestatu behar gara, gerta daitezkeelako.
Euroligako lehen faseko egoera aipatu duzu. Euforia gehitxo sumatzen da, eta ez da komeni.
Ez, gure multzoko hiru taldek gu baino baliabide eta eskarmentu handiagoa dutelako: Baskonia, Efes eta Olympiakos. Nancy eta Cantu apalagoak dira, baina ez gu baino talde kaskarragoak. Hiru indartsuen aurkako demak baino gehiago, bi apal horien aurkakoak garrantzitsuagoak dira.
Denboraldi-aurrean Michalis Kakiouzis herrikidearen laguntza izan duzue, eta sekulako lan ona egin du. Ba al du geratzeko aukerarik?
Ez, ez dut uste, eta zaila da. Bueno, ez naiz zuzendaritzarekin mintzatu gai horren inguruan, baina dagoeneko zenbakiak nahiko itxita daudela uste dut. Gainera, ezin du ACB ligan jokatu, kupoak direla eta, eta gauzak ondo, Ligako talderen baten eskaintza onen bat jasoko du.
Zer moduz bueltatu dira Kostas Vasileiadis eta Mavroeidis Europako Txapelketatik?
Ondo, buruz-eta fresko, ez dutelako denbora asko jokatu.
Alacant, Real Madril, Joventut eta Bartzelona, lehen partidak. 4-0 balantzearekin hastea, bai gauza ona.
Eskatzea libre den neurrian. Egutegia aztertu dugu, baina ez dugu lehen partida baino harago begiratzen. Aurrena, Alacant, eta gero gerokoak.
Zer-nolako Bilbo Basket ikusiko da Superkopan?
Guretzat goizegi iristen da, eta fisikoki justu samar gaudela iritsiko da. Hutsune garrantzitsuak ditugu, baina etxean jokatzen dugu, eta neurri ona ematen saiatu behar dugu. Litekeena da gure jardunean gorabehera asko ikustea. Bost minutu on, bost txar... Zaila izango da 40 minutuko partida onen bat ikustea.
Saskibaloia. Espainiako Superkopako euskal taldeak. Fotis Katsikaris. Bilbo Basketeko entrenatzailea
«Ezin dugu esan helburua ligako finala eta Top16a direla»
Fotis Katsikarisek ez du obsesiorik nahi tituluekin, eta «etorriko diren bolada txarrei buelta emateko» prestatu behar dutela dio. Oinarri ona omen dute, eta hori sendotzea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu