«Ezin dugu etsi»

Itxakok zaila du Txapeldunen Ligako finalerdietara pasatzea, baina Carmen Martinek argi utzi du azken unera arte borrokatuko direla.

Carmen Martin, jaurtitzeko prest, Itxakok Lizarran Gyoriren aurka jokatutako partidan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Sufritzeko gaitasuna duela erakusteko ordua du oraingoa Itxakok. Larviken aurka berdindu eta gero, aldapan gora jarri zaio Lizarrako taldeari Europako bidea. Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatzeko aukera jada ez dago bere esku. Bertze taldeen emaitzei egin behar diete so nafarrek, derrigorrean, lehiaketan aurrera egin ahal izateko. Ez da egoera erraza Ambros Martinek zuzentzen dituen jokalarientzat. Halaxe onartu du Carmen Martinek (Roquetas de Mar, Espainia, 1988). Baikorra da Itxakoko eskuin hegalekoa, baina ez du ukatu azken partidako emaitzak taldea «nahiko gaizki» utzi duela.

Ez da harritzekoa. Larviken aurkako norgehiagoka irabazi izan balu, multzoko bigarren litzateke Itxako une honetan. Lehendabiziko bi sailkatuek egiten dute aurrera. Berdinketak egoera zailean utzi du taldea. Martinek, hala ere, ez du amore eman nahi. «Ezin dugu etsi». Indarra eman die bere hitzei, haien bidez bazter utzi nahiko balu bezala norvegiarren aurkako partidak utzitako sentipen gazia.

Konfiantza du. «Orain artekoa ahaztu behar dugu, eta aurrera egin; hori da bidea. Ez da erraza izanen, baina azken unera arte borrokatu behar dugu, aukera guztiak erabili». Irabaztea, bertzerik ez du buruan Martinek. Igande honetan Gyoriren pistan ariko da Itxako (17:15), eta handik jokoan izanen diren bi puntuekin itzuli nahi du Lizarrara hegalekoak.

Aurreko sasoian, Txapeldunen Ligako finaletik at utzi zuen Itxakok Gyori. Finalerdietan aritu ziren elkarren kontra, eta nafarrak nagusitu ziren. 26-21 irabazi zuten Lizarrakoek etxean, eta Hungarian 24na berdindu zuten. Gyori aurreko denboraldian baino talde sendoagoa da orain. Ederki erakutsi du lehiaketa osoan. Bigarren ligaxkan jokatutako partida guztiak irabazi ditu orain arte. Finalerdietan aritzeko txartela poltsikoan du jada. Horrek Itxakori egiten ahal dio mesede, irabazteko premiarik ez baitu. Martin, hala ere, ez da fidatzen. «Ziur naiz partida guztiak irabazi nahiko dituela Gyorik, eta irabaztera aterako dela. Hagitz talde ona dute hungariarrek, eta ez da batere erraza izanen haren etxean irabaztea».

Erraza ez da, baina ezta ezinezkoa ere. Martinek ez du burua makurtu nahi norgehiagoka hasi baino lehen. «Aukera badugu, eta horri eutsi behar diogu. Konfiantza izan, borrokatu». Taldeak finalerdietan egoteko kalitatea duela argi du. Bigarren ligaxka hasi zenetik, hala ere, «xehetasunetan» huts egin dutela onartu du hegalekoak. Eta xehetasun horiek ezarri dute hainbat aldiz garaipenaren eta porrotaren arteko marra. Ez da egoera samurra Martinentzat.

Azken hilabeteotan pilatutako lanaren eta nekearen isla sumatzen du oraingo egoeran jokalariak. «Itxakoko jokalari anitz aritu gara Munduko Txapelketan; nekatuta gaude, eta hori nabaritzen da. Ez gaude fresko, ez gaude sasoi betean». Hungariak ez zuela lehiaketa hori jokatu gogoratu du Martinek, eta ondorioz Gyorin aritzen diren jokalari gehienekatseden hartzeko aukera gehiago izan dutela.

Ligan, aurkaririk ez

Munduko Txapelketa, Txapeldunen Liga, ABF liga... hamaika partida jokatu behar du Itxakok. ABF ligan, hain zuzen ere, erabatekoa da Lizarrako taldeak orain arte erakutsi duen nagusitasuna: jokatu dituen hemezortzi partidak irabazi ditu. Nafarren atzetik Bera Bera da bigarren sailkatua, zazpi puntu gutxiagorekin.

Bihar Elxen aurka ariko da Ambrosen taldea. «Beldur pixka bat diot partida horri», onartu du Martinek. Jokalariak ez du partida bakar bat ere galdu nahi, Ligan orain arte bezain sendo jarraitu nahi du, eta Elx aurkari «arrikutsua» izan daitekeela azpimarratu du. Batez ere, Europa buruan dutela aritzen badira nafarrak. «Txapeldunen Liga ahaztu behar dugu; Europa ez baita gure helburu bakarra».

Europa ahaztu, baina bakarrik Elxen aurkako partidaren amaiera arte. Lizarrara itzuli gabe, ostiralean zuzenean abiatuko da Itxako Hungariarantz, igandean Gyoriren kontrako norgehiagoka jokatzeko. Bigarren ligaxkako lehendabiziko garaipena izanen dute nafarrek helburu. Irabazi behar dute aurrera egiteko, eta, batez ere, orain arteko zalantzak behingoz uxatzeko. Martinek Gyori jo du Txapeldunen Liga irabazteko faborito nagusitzat. Europako bidean hungariarren bidaide izaten jarraitu nahi du Itxakok. Oraindik zer erran badutela argi baitu Martinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.