Etxera bueltan da Joseba Fernandez (Pasaia, Gipuzkoa, 1974). Zortzi urtez kanpoan ibili eta gero, bihotzeko San Juanen ardura hartu du. «Sendatu» egin dela dio, azken bi urteak oso gogorrak izan zituelako Castron. Barruko berpizte hori tostetan islatzea nahiko du, eta horretan ari da lanean. Ez du helburu handirik jarri nahi, neguko emaitzetan handien pare ibili baziren ere. Neurria jartzearen aldekoa da.
Zein dira San Juanen asmoak aurtengorako?
Helburu zehatzik ez dugu jarri. Kirol arloan etorkizuna finka- tzea da gure asmoa; hurrengo urteetako taldea landu nahi dugu. Gero, emaitzagatik galdetzen badidazu, esango dizut ligan arazorik gabe mantentzea dela gure nahia, eta ahal bada, bigarren txandan arraun egitea.
Bigarren txandan ez dago denentzako lekurik; askok nahi duzue hor ibili.
Egia handia da hori. Mundu guztiak egon nahi du lasai. Hiruzpalau talde indartsu ibiliko dira, eta beste guztien artean berdintasuna egongo da. Multzo handi horretan hobekien asmatzen duena ibiliko da lasai, eta nerbioak ere kontrolatzen jakin beharko da. Hori lortzen dutenek izango dute uda oparoa.
Iaztik aurtengo taldera aldaketa asko izan dituzue. Falta diren ia denak titularrak ziren aurreko urtean. Nolako taldea osatu duzue?
Hutsune asko izan ditugu, bai. Orain, beteranoak eta gazteak uztartu ditugu. Gazteen arazoa da estropada gutxi egin dituztela aurreko urteetan, taldean egon arren. Beterano batzuk berriz hasi dira, eta ondo dabiltza. Gainera, ilusio handiarekin daude. Denen artean lan polita egin dezakegu. Gure asmoa gozatzea da.
Neguko jaitsieretan uste baino emaitza hobeak lortu zenituzten.Baleko erreferentziak al diraSan Juanek zer emango duen jakiteko?
Ez dira baleko erreferentziak, baina guri oso egoki etorri zaizkigu. Lana ondo egitearen ondorioa izan ziren emaitza on haiek. Lasaitasuna eman zigun, eta hobeto lan egiteko aukera. Baikorrak izateko modua eman zigun, ilusio handiagoa edukitzeko parada.
Gehiegizko poz hori ez al da ba arriskutsua, gero San Miguel liga hasita betetzen ez badira aurreikuspen horiek?
Helburuak oso goian jartzea bekatua izango litzateke. Ondo zaindu behar ditugu halakoak. Azaroan arraunlari gutxi geneuzkan, eta begira orain nola gauden. Ikusmira eduki behar da. Gehiegizkoa da guretzat helburu handiak jartzea.
Etxera itzuli zara hainbat urte kanpoan ibili ondoren.Zer moduzko itzulera ari da izaten?
Primerakoa. Oso gustura nago. Berriro egokitu beharrik ez daukat. Azken bi urteak oso gogorrak izan ziren Castron, eta hau indarrak berritzea da, hain momentu txarrak pasatu eta gero. Sendatzearen parekoa izan da niretzat.
Joseba Fernandez. San Juaneko entrenatzailea
«Ezin dugu helburu handirik jarri aurten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu