Futbola

Ezin okerrago ekin dio Alavesek

Galdu egin du Espanyol azken sailkatuaren zelaian (2-0), 70 minututik gora jokalari bat gutxiagorekin aritu eta gero. Pacheco atezainaren hutsa eta horren ondorengo kaleratzea erabakigarriak izan dira.

Alaveseko eta Espanyoleko jokalariak, baloia harrapatu nahian. ANDREU DALMAU / EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 13a
16:27
Entzun

Oker, ezin okerrago, ekin dio Alavesek Ligari, hiru hilabeteko etenaren ondoren. Galdu egin du Espanyol azken sailkatuaren zelaian. Partidaren hasierak ez zuen iragartzen Alavesen deskalabrurik, makal eta geldo joan direlako lehenengo hamabost minutuak, baina 19. minutuan aldatu da dena. Baloi luze bat bota du Espanyolek Alavesen atzelarien bizkarrera, eta Pacheco atera egin da bila.  Botea egin du aurretik, eta atezainaren kalkuluak okerrak zirela erakutsi du egoera horrek. Buruz gain pasatu zaio baloia, area kanpoan zen Alaveseko atezaina, eta nola Wu Lei bizkor zihoan baloi bila, atezainak eskuarekin heldu dio baloiari. Txartel gorria atera dio Gonzalez Fuertes epaileak. Asier Garitanok Edgar Mendez kendu du, Roberto Jimenez atezainak debuta egin zezan babazorroekin.

Ordezko atezaina izan da onena gero. Sekulakoak eta bi egin ditu lehen zatian etxekoen golak eragozteko, baina ezin izan du ezer egin atsedenaldiaren aurretik Bernardo erdiko atzelariaren errematea geratzeko. Hor hautsi da partida etxekoen alde, eta bigarren zatiaren hasieran, erabakita utzi du Wu Leiren golak. Etxekoak jakitun izan dira partida haiena zela, eta Alavesek ezin izan du ezer handirik bat bigarren zatian.

Partidak zerbait ona izan badu Tomas Pinaren berragertzea izan da. Sei hilabete da perone hezurra hautsi zuenetik, eta ebakuntza ere egin zioten, 56. minutuan itzuli da zelaira aspaldiko partez, eta jokalari bat gehiago izango du Garitanok hilabete gogor honi aurre egiteko. Gaurkoak ez du lagunduko aldapa gora dagoen bide hori leuntzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.