Realak badaki zer den sailkapenean estu eta larri ibiltzea. Azken sei denboraldietan, batean izan ezik, mailari eustea izan da bere borroka. Batzuetan, gehiegi sufritu gabe lortu du helburua; beste batzuetan, berriz, estualdi latzei eman behar izan die buelta. Baina horietan ere ez da azken jardunaldian jaisteko arriskuan izan. Ez daki zer den norgehiagoka bakar batean dena jokoan edukitzea, eta berdin jarraitu nahi du, ez ditu lanak geroko utzi nahi. Ezin ditu lanak geroko utzi. Ezin du gaur Cadizen aurkako partidatik esku hutsik itzuli. Hainbeste pairatu ondoren, ezin du suarekin jolasean hasi.
Horrek ez du esan nahi, hala ere, egoera urduritzeko modukoa denik. Zentzurik ere ez luke izango. Azken finean, Sevillaren aurkako porrotak ezer gutxi aldatu du. Ezin du ezer aldatu. Taldeak aurpegia eman zuen, baina aurkaria gehiago zen. Kito. Duela hilabetekoarekin konparatuta, Reala egoera «inbidiagarrian» dagoela esan zuen Gari Urangak herenegun, jaitsiera postuak bost puntura daudelako, eta bere eskuetan duelako salbazioa. «Inbidiagarria» esatea gehitxo da, beharbada, baina arrazoirik ez zaio falta erdilariari, neurri handi batean. «Gainera, hobeto ikusi dut taldea etxetik kanpo», erantsi zuen. Hori ere egia da: Realak gehiago sufritzen du ekimena hartu behar izaten duenean.Norbaitek larri egotekotan, Cadizek beharko luke, hil edo biziko partida duelako gaurkoa.Ez badu irabazten, Lehen Mailari agur esango dio ia matematikoki. Horrek aurkari are arriskutsuagoa bihurtzen du, bere zelaian batez ere, Lehen Mailako zaleriarik leialenetakoa daukalako: bost norgehiagoka daramatza Ramon de Carranza futbol zelaian galdu gabe (lau berdinketa eta garaipen bat). Lehen Mailan gol gutxien (27) sartu dituena izateak kalte egin dio, baina defentsan, aldiz, txukun antzean jardun da: Realari baino hamahiru gol gutxiago sartu dizkiote, 47. Lucas Lobos punta erdiak, gainera, aire berria ekarri dio aurrean. Enrique eskuin hegalekoak ere nahiko erraz sakontzen du.Realak, ordea, lasai atera beharko du zelaira. Defentsan azken norgehiagoketako sendotasunari eusten badio, aukera asko izango ditu punturen bat urratzeko. Cadiz da irabaztera behartuta dagoena, eta horrek lana erraz diezaioke erasoan. Bi aldaketa espero dira hamaikakoan: Cifuentesek Rekarteren tokia hartuko du txartel gorria ikusi zuen kapitainak Sevillaren aurka, eta Alonsok, Stevanovicena. Bakerok emandako aukera ez zuen aprobetxatu esloveniarrak azken jardunaldian, ezertxo ere ez zuelako erakutsi. Egia esan, kosta egiten da ulertzea zergatik erabaki zuen entrenatzaileak bera zelairatzea, Alonsoren edo Nihaten moduko jokalariak aulkian utzita.Turkiarra ere ez da egongo Ramon de Carranzan, Sevillaren aurkako partidan bere esperientzia duen jokalari baten kasuan ulertezina den sarrera egiteagatik egia da bazirudiela Rubinos Perez epailea antzeko zerbaiten zain zegoela txartel gorria ateratzeko. Kezkagarria da Realeko aurrelariei gertatzen ari zaiena, Skoubok ere ez hotz ez bero utzi dituelako zaleak azken partidetan. Taldearen joko moldeak mesede egiten ez diolako, edo ondo ez dagoelako, kontua da ia agertu ere ez dela egiten. Azken hamahiru norgehiagoketan, bi gol baino ez ditu sartu, eta gabezia hori ez du beste inongo dohainekin ordezkatu. Handia da Kovacevicen itzala.Cifuentesek ere izan beharko du Realean tokia merezi duela erakusteko gogoa. Hori zalantzan jartzeko motiborik ez legoke, Eibarren eman zuen maila ematen ariko balitz, baina orduko joko-sasoitik urrun da espainiarra. Hamaikakotik desagertu da, duela hamaika jardunaldi Betisen aurka jokatu zuenetik. Gaur, horretarako aukera izango du berriz. «Jokatzeko partida polita da, ia denboraldi osoa jokoan dagoelako», esan zuen atzo. Beste zelaietan gertatzen dena ahaztu, eta ikuspuntu berarekin egingo dio aurre Realak Cadizi, hil edo biziko partidarik jokatu behar ez izateko, hain zuzen.
Ezin utzi gerorako
Mailari eusteko aurrerapauso erabakigarria eman nahi du Realak gaur Cadizen aurka; gaur bertan ziurta dezake Lehen Mailan segitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu