Real Madril. Llull (7), Suarez, Singler (2), Velickovic (15), Tomic —hasierako bostekoa—; Sergio Rodriguez (9), Carroll (11), Pocius (8), Reyes (12), Mirotic (10) eta Begic (2).
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (8), Nocioni (9), Nemanja Bjelica (2), Teletovic (14), Lampe (10) —hasierako bostekoa—; Ribas (2), Heurtel (2), Milko Bjelica (6), Oleson (12) eta San Emeterio (4).
Markagailua. 14-24, 37-37 (atsedenaldian); 53-51 eta 76-69.
Epaileak. Arteaga, Hierrezuelo eta Conde.
Bestelakoak. 13.109 ikusle Madrileko Kirol Jauregian.
Bukatu da. Oporrak. Espero zena gertatu da. Real Madrilek irabazi duela bosgarrena. Plantila luzeagoa duelako, hobea, hirukoetan gehiago asmatu zuelako, eta epaileek ere gehiago lagundu zietelako. Idatzita zegoen gidoia zen, Endesa Ligako final handia bi talde aberatsenek jokatzea, eta horrek pisu handia dauka partida batean eragina daukaten protagonista guztiengan. Epaileengan ere bai, noski. Jaurtiketa libreetako diferentzia ez zen eskandalagarria izan, 11 Baskoniak, 18 Real Madrilek, baina bonusak asko baldintzatzen du partida bat, defentsan estutzeko baimena. Baskoniak Real Madrilek baino askoz minutu gehiago egin zituen bonusean, eta Real Madrilek hori zigortzen asmatu zuen.
Aintzat hartzeko moduko beste faktoreak dira arabarren nekea, Prigioni ordezkatuko duen lemazain txukun baten falta, San Emeterioren sasoi puntu txarra eta pibot sendo baten hutsunea. Lampe kaskar aritu baitzen berriro atzokoan. 10 puntu 30 minututan, uzta apala da. Sasoi honetako Baskoniak askoz gehiago jokatzen du kanpotik barrutik baino, eta talde batek egitura hori daukanean, funtsezkoa da hirukoetan asmatzea, edo %35-40 inguruko portzentajea lortzea. Ez zuten lortu atzo, ez dute finalaurreko osoan lortu, eta Real Madrilek, aldiz, bai. Atzoko datua ere oso argigarria da. %23 asmatu zuen Baskonia, 21 hiruko egin eta bost bakarrik sartu. Real Madrilek %47, 21 egin eta 10 barrura.
Berriro azpimarratzeko modukoa Velickovicen lan ona, hiru hirukorekin. Carroll ere fin-fin ibili zen atzo, eta beste hiru sartu zituen Baskonia zigortzeko. Arabarrek dituzten gorabeherak aztertzeko denbora gehiago behar da, baina atzo beste partidetan gertatutakoa errepikatu zen berriro. 10 puntuko errenta ona lortu eta minutu sorta txikian, Real Madril berriro gainean. 14-24 bukatu zen lehen laurdena, eta hamaikagarrenez, Real Madrilek markagailuari buelta eman zion berriro, 31-30 aurreratu arte. Zergatik? Baskonia lasaitu egin delako errenta onak lortuta? Ez, ziur aski Real Madrilek asko, muturreraino estutu duelako bere burua atzetik ikusi duenean. Bitxia da, baina Baskoniaren txakalaldiek kantxan Heurtel zegoela gertatu dira, eta horrek hausnarketa sakon batera eraman beharko luke taldea.
Itzaltzen, erremediorik gabe
Baskoniak bikain ekin zion norgehiagokari. Nocioni hasieratik kantxaratu zen, eta min handia egin zuen. Zazpi puntu eta errebote on pare bat. Teletovicek ere bikain ekin zion norgehiagokari, beste zazpi puntu saskiratuta, eta Baskoniak azkar adierazi zion etxeko taldeari bere porrota garesti salduko zuela. 14-24koa 31-30ekoa bilakatu zen, eta ordurako agerian geratu zen epaileek irizpide ezberdina zutela zona batean eta bestean. Bonusean sarrarazi zuten azkar Baskonia, eta Real Madril, aldiz, muga horretatik salbu.
Eta halere, eutsi egin zion Arabako taldeak. San Emeterio gabe, Bjelicatarrek gabe, eta Lampe ere komeria askorekin partida guztietan 10 falta egiten dituen Felipe Reyesen aurka. 37na atsedenaldian, eta 53-51 hirugarren laurdenaren bukaeran. Real Madrilek erritmoa igo zuen orduan, eta aurrena hiru, gero lau, ondoren bospasei... zuloa handitzen hasi zen baina Baskoniaren erreakzioa ez zen etorri. Ez zen etorri Prigioni ezinean zelako, hauspoari buelta eman ezinik, eta Prigioniren burua gabe, jai dago.
Saiatu eta asmatu ez, azukrea kafesne beroan nola, halaxe urtzen joan zen Baskonia, itzaltzen, erremediorik gabe, belaunikatu zen arte. Balantze garaiak etorriko dira datorren astean, eta horiekin, ondo egin direnak, eta hobetu beharrekoak. Kerejetak ostiralean esandakoaren arabera, Ivanovicena izango da lema datorren sasoian ere, “kontratua daukalako—, baina dagoeneko bi denboraldi oso dira titulurik lortu gabe.
Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak. Real Madril 76. Caja Laboral Baskonia 69
Ezina eta debekua
Baskoniak amore eman du, nekeak jota, eta epaileen zorroztasunak zigortuta; hirukoen bitartez hautsi du dema Real MadrilekBaskonia baldar samar aritu da saskipean, eta kanpoko lerrotik ere kamustuta ibili da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu