Ezinbesteko hiru puntu

Eibarrek Elxen irabazi nahi du gaur, jaisteko postuetatik urruntzeko. «Huts gutxien egiten duenak irabaziko du», esan du Mendilibarrek

Eibarrek eta Elxek lehen itzulian Ipuruan jokatutako partidako jokaldi bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Jaisteko postuetatik urruntzeko beste aukera bat. Aurkari zuzen baten aurkako beste partida bat jokatuko du gaur Eibarrek, eta, dagoeneko, hiru doaz segidan. Gaurkoan, gipuzkoarrek Elxeren aurka neurtuko dituzte indarrak, haren zelaian. Mailari eusteko behar-beharrezkoak diren hiru puntu daude jokoan.

Elx azken-aurrena da sailkapenean, hemezortzi punturekin. Eibartarrek hiru puntu gehiago dituzte, eta jaisteko postuetatik kanpo daude, baina Herrialde Katalaneko taldeak baino bi partida gehiago jokatu dituzte. Talde asko dago oso puntu gutxitan ligako beheko aldean, eta geroz eta partida gutxiago geratzen dira. Ondorengoak partida inportanteak badira ere, Jose Luis Mendilibarrek ez du uste oraindik «hil edo biziko partidez» hitz egiteko garaia denik: «Partida garrantzitsua da, behean gauden bi taldek elkarren kontra jokatzen dugulako, baina nik ez dut uste finala denik», esan zuen atzo.

Oso puntu bolada txarrean dira bi taldeak: azkeneko sei partidetan, hemezortzitik bi puntu besterik ez dituzte eskuratu. Eibar, baina, ongi sentitzen da. Ondo ari da jokatzen, baina emaitzak ez dira iristen. Halere, Mendilibarrek argi du zer egin behar duen taldeak irabazteko: «Partida aurkariari begira hasten badugu, galdu egingo dugula uste dut. Gu izaten bagara, aldiz, irabazteko aukera gehiago izango ditugu».

Escriba, estreinakoz aulkian

Fran Escriba estreinakoz Elxeren aukian eseriko da denboraldi honetan. Jorge Almironek kargua utzi zuen aurreko larunbatean, Celtaren kontra 3-1 galdu ostean, eta Escribak hartu du haren lekua. Ezaguna da, bai Elxen, baita Lehen Mailan ere. Celta, Vila-real eta Gefate zuzendu ditu, eta honekin bere hirugarren aldia du Elxen. Mendilibarrek Almironekin ikusi denaren «oso bestelako talde bat» espero du: «Zerbait aldatuko du, seguru. Escriba ezagutzen dugu. Taldeari segurtasuna ematea gustatzen zaio. Atzean sendo izan nahiko du, eta kontraerasoan atera».

Puntu gazi-gozoa lortu zuen aurreko jardunaldian Eibarrek Valladoliden aurka, Ipuruan. Hura ere garrantzi handiko partida izan zen, eta galtzeko beldurra izan zuten bi taldeek, eta, ondorioz, oso gutxi arriskatu zuten. Mendilibarrek, baina, adierazi zuen horrelako puntuek uste baino gehiago balio dutela: «Ematen du puntu bat ez dela ezer, eta are gutxiago beheko aldean gauden taldeentzat. Zuk puntu bat eskuratzen baduzu, esan nahi du aurkariak ere puntu bat eskuratu duela. Ni beti noa irabaztera, baina baita beste taldea ere. Arriskuak hartu behar dira irabazteko? Horixe baietz. Baina hartu beharrekoak baino gehiago hartuz gero, galdu egiten duzu, seguru».

Eibarreko entrenatzaileak ez ditu eskuragarri izango Rober Correa eta Kevin Rodrigues. Bi atzelariak ez dira oraindik osatu. Bigarren taldeko Unai Arieta aurrelaria, berriz, neurketako deialdian sartu da.

ELX-EIBAR
Elx. Badia; Barragan, Verdu, Diego Gonzalez, Josema; Josan, Raul Guti, Marcone, Rigoni; Carrilloeta Boye.
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Oliveira, Bigas, Arbilla; Inui, Exposito, Diop, Bryan Gil; Sergi Enrich eta Kike Garcia.
Epailea. Cordero Vega
Lekua. Martinez Valero.
Ordua. 14:00etan (MovistarLa Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.