Ezinezkoa dirudi, eta horregatik da balio handikoa

Bartzelona ahaltsuaren aurka ezustekoa ematen saiatuko da Lagun Aro gaur, Illunben (18:00, La2)

Andoni Urbistondo.
2010eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ezinezkorik ez dagoelako da polita saskibaloia. Edonork edonor mendera dezakeelako. Edo hori dio teoriak. Jokatu egin behar dela, bost bosten aurka edozer gerta daitekeela eta beste. Bartzelonak Lagun Aroren aurka 100 aldiz jokatu, eta 99 irabaziko lituzke, baina aukera bakar horri eutsi behar zaio. Zertarako lan egin, bestela? Ezinezkoa dirudielako da balio handiko garaipena, inork gutxik espero duelako lortzea. Hori bai, gogoan hartu Bartzelonak lau partida bakarrik galdu dituela denboraldi osoan, eta Lagun Aro baino askoz aurkari gaiztoagoak izan dituela parez pare.

Usteak erdi ustel. Iritzi orokorra da Bartzelonak erasoko jokoan daukan talentuagatik daramala daraman bide distiratsua, baina guztiz kontrakoa gertatzen da. Defentsa bikaina egiten dutelako lortu dituzte hainbeste garaipen, eta, Lagun Aroren erasoko baliabideak nahiko mugatuak direla aintzat hartuz, Xavi Pascualek zuzendutako taldeak txikizio handi samarra egin dezake. Errebotean gaindiezinak dira Bartzelonako dorreak, eta defentsan baloi asko berreskuratzen badituzte, ezinezko eginen dute Lagun Aroren ahalegin oro.

Pablo Lasok ondo daki hori, eta arreta berezia eskatu die jokalariei defentsako errebotean: «Bigarren aukerarik eman gabe ere zaila da irabaztea, baina bigarren aukerak ematen badizkiegu, ezinezkoa. Zaila da Bartzelonak bi jaurtiketa segidan kale egitea». Ikusteko dago Estudiantesen aurka azken unean galdutako partidak Lagun Aroko jokalarien kemenari kalte egin dion edo ez, baina litekeena da hala izatea. Madrilgo garaipenarekin panorama askoz argiagoa litzatekeelako. Orain ere ez da ilun-iluna. Bost partida falta dira, eta Xacobeok Donostiako taldeak baino bi partida gehiago irabazi behar ditu. Hurrengo bi jardunaldietan aurkari gaiztoak ditu Galiziako taldeak, Cajasol etxean eta Valentzia etxetik kanpo, eta eskerrak horri. Lagun Arok etxeko lanak ondo egiten ez baditu, komeni aurkariek eurenak ez egitea.

Arazo fisiko dezente ditu Lagun Arok. Andy Pankok orkatilan egin zuen bihurritua osatu ezinik jarraitzen du, eta, jokatzeko moduan badago ere, ez dago sasoi betean. Sergio Sanchezek ere kolpe mingarria dauka hanka batean, eta hark parte hartzea ez da ziurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.