Ezinezkoa ez delako

Bartzelona ahaltsua hartuko du Osasunak gaur, etxean; iazko sasoian bezala, ezustea emateko helburua du

Ezinezkoa ez delako.
Iruñea
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Argi dago Osasunak eta Bartzelonak gaur arratsaldean jokatuko duten norgehiagokan kataluniarrak direla faborito. Ligako lehen partidan, erakustaldia eman zuen Bartzelonak Realaren aurka, eta Superkopako lehian ere Real Madrili irabazi egin zion Tito Vilanovaren taldeak. Badirudi entrenatzaile berriak Pep Guardiolaren lekukoa bikain jaso duela, eta irabazteaz gain, azken denboraldietako joko ikusgarria egiten jarraitzen dute Xavik, Iniestak, Messik eta enparauek. Osasunak, ordea, ez du amore eman nahi jokatu aurretik. Gorritxoek galdu egin zuten lehen partida, Riazorren, eta Nafarroako Erresuman jokatuko duten lehen norgehiagokan, zaleak etxera pozik bidali nahi ditu. Ezinezkoa ez delako, lor dezaketela sinetsita zelairatuko dira gutxienik. Eta horrelako norgehiagoketan hori da partida ondo amaitzeko nahitaezko hasiera.

Iragan denboraldian ere inor gutxik uste zuen Osasuna Bartzelona mendean hartzeko gai izango zela, baina Lekicen bi golekin eta Raul Garciaren beste batekin 3-2 gailendu ziren nafarrak etxean jokatutako norgehiagokan—Camp Noun 8-0 galdu zuten—. Gorritxoen orduko bi golegileak ez daude Osasunan sasoi honetan, baina haien lekukoa hartu behar dutenek lehenbailehen azaldu nahi dute, eta gaur bertan golak sartzen hastea bezalakorik ez dagoela badakite Llorentek, Ninok eta gainerakoek.

Bartzelonako jokalariek, gainera, ez dute ahaztuko datorren astean Santiago Bernabeura egin beharreko bisita, Kopako azken irabazleak eta Ligako azken txapeldunak jokatzen duten Superkopako itzulerako partida jokatu behar baitute kontrario nagusiaren zelaian. Eta joanekoan irabazi egin zuten kataluniarrek, baina Camp Nouko 3-2koak ez die lasaitasuna ziurtatuko Madrilen. Profesionalak dira, eta gaur horrekin ahaztu egin beharko lukete Vilanovaren jokalariek, baina lortzen ez baldin badute, Osasunak aukera handiagoa izango du jardunaldiko ezustekoa emateko. Zaila izanagatik ez baita ezinezkoa.

Mendilibarrek lehen jardunaldiko deialdia errepikatu zuen atzo, eta baliteke Coruñan hasieratik aritutako hamaika jokalariek ekitea Bartzelonaren aurkako partidari ere. Nano eta Armenteros arazo fisikoengatik geratu dira zerrendatik kanpo, eta Anthony Annan azken fitxaketa deialdian sartzeko goizegi dela erabaki du entrenatzaile zaldibartarrak, bi entrenamendu besterik ez baitu egin taldekide berriekin Schalke 04tik utzita iritsi futbolariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.