Ezinezkoaren bila

Salbatzeko behar dituen sei puntuetatik bat edo hiru eskuratzea du xede Athleticek Romaredan

haritz gallastegi
2007ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Erronka gogorrak ditu Athleticek txapelketa amaitu bitartean. Lau jardunaldietan Celtak eta Realak lau puntuko aldea ez kentzea da erronka nagusia. Horretarako, lau erronkei egingo beharko die aurre. Lehenengoa Romaredan izango du gaur. Aurkaria Zaragoza izango da. Espainiako Ligako jokorik erakargarrienetakoa egiten duen taldea zuzentzen du Victor Fernandezek. Epe ertainean proiektu sendoa egitea dute xede Aragoiko hiriburuko taldeko agintariek. Denboraldion lehen urratsa egin dute. Talde on bati jokalari onak gehitu dizkiete Zaragozako zuzendariek. Ondorioz, joan den astera arte Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzeko borrokan egon da. Mestallako porrotak ate guztiak itxi dizkiola dirudi. Beraz, azken lau partidetan gauzak asko aldatzen ez badira, UEFAko txartelarekin konformatu beharko da.

UEFA ere ez dauka bermatuta, ordea. Datorren denboraldian Europan jokatzeko lan egin beharko duen taldea da. Atzetik datozen taldeek ere xede berbera dute eta zenbait talde indartsu daude. Horregatik, Athleticen aurka gogotsu zelairatuko dira. Eta hori ez da albiste ona Athleticentzat. Zaragoza talde ona da. Baloiaren jabetzari esker, jokoaren ekimena izatea du gustuko. Defentsan eta zelai erdian azkar mugitzen du baloia aurrelariek aukera onak izateko. Joko ikusgarriari amaiera emateko, berriz, goi mailako jokalariak ditu. Militok, Sergio Garciak, Aimarrek eta enparauek ez dute sarri huts egiten.

Zaragozaren gisa jokatzen duten taldeak dira, hain zuzen ere, Athleticen gabeziak agerian lagatzen dituzten taldeak. Talde zuri-gorria galdu egiten da baloiaren atzetik. Noraezean ibiltzen da. Recreativoren aurkako norgehiagoka da horren erakusle nagusia. Huelvako taldeak barregarri utzi zuen Athletic. Halere, Athleticek puntu bat irabazi zuen. Eta denboraldiko azken neurketatan ez galtzea izaten da garrantzitsuena. Beraz, mirarietan sinestea izango da onena. Mirarietan eta zuri-gorrien hobekuntzan. Izan ere, ez da asko behar azken jardunaldietako jokoa hobetzeko. Apur bat serioago eta baloia oinetan dutenean koherentzia eta gaitasun apur bat izatea nahikoa izango dira jokoa hobetzeko.

Horretarako, aldaketak egingo ditu Manek. Nabarmenena Fran Yeste hasierako hamaikakoan ikustea izango da. Basauritarra zelaian egotea beti da albiste ona Athleticentzat. Zoritxarrez, min hartuta dagoenean ere bai. Azken jardunaldietan Yeste izan da erasoko jokoari zentzu apur bat eman dion jokalari bakarra. Ez ditu goi mailako partidak jokatu, baina gainerako jokalarien lana hobetu du. Baloiaren jabetza izan duenean ez da urduri egon eta buruarekin jokatu du. Gainera, faltak eta kornerrak ateratzeko ere jokalari aproposa da. Romaredan ez du berak gustuko duen postuan jokatuko. Atzerago jokatuko du, euskarrian. Zergatik? Manek zentzu apur bat eman gura diolako Athleticen jokoari. Irteera egokia eman gura dio baloiari. Atezainaren baloikadak oinarri dituen jokoak ez du etorkizun handirik. Mane ere konturatu da.



JAVI MARTINEZ YESTEREN TOKIAN.Javi Martinez izango da Yesteren ohiko postuan jokatuko duen futbolaria. Nafarrak Zaragozaren erasoko jokoa jaiotzen den zelai erdian defentsako lana egiteko ardura izango du. Adurizek lagunduko dio zeregin horretan. Atzean Fernando Amorebieta izango da berritasuna. Txartelak tarteko partida bateko zigorra bete ostean, hasierako hamaikakora bueltatuko da. Iurretako futbolaria lau defentsako edo bosteko lerro bateko partaide izango da. Manek biak probatu ditu Lezaman egin dituen lan saioetan. Jokalari berberekin bi joko sistemak erabil ditzake -Zaragozak zelairatzen dituen hegaleko jokalarien arabera joko sistema bat edo bestea erabiliko dute-. Bost defentsarekin jokatuz gero Zaragozak leku gutxiago izango du zelai erditik aurrera. Sevillaren aurka ere hiru erdiko atzelarirekin jokatu zuen Athleticek. Indarrak agortu arte eutsi zieten zuri-gorriek andaluziarrei. Lehen gola hartu zutenean amaitu zen partida. Beste arazo bat ere badauka atzelari askorekin jokatzeak. Kontraerasoan ondo jokatu ezean gaitza da aurkaria estuasunetan jartzea. Ezinbestekoa izango da, beraz, Cesarren atera gerturatzea. Zaragoza ez lasaitzeko, besteak beste.

Azkar jokatzeko Joseba Etxeberria izan zitekeen jokalari aproposena. Elgoibartarra nahiko maila ona ematen ari da azken jardunaldietan. Halere, Manek ez du konfiantza handirik aurrelari beteranoarengan. Gaur aulkian egongo dela dirudi -erabaki harrigarria da-. Athleticek ez du lan samurra Romaredan. Liga ez da gaur amaituko -hobe bukatuko balitz-, baina punturen bat eskuratzea ezinbestekoa izango da igande lasaia izateko. Galduz gero, biharkoa arratsalde gogorra izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.