Osasunak eta Atletico Madrilek sasoia hasiz geroztik egin duten lana ikusita, argi dago madrildarrak direla gaur arratsaldeko norgehiagoka irabazteko faborito nagusiak. Diego Simeoneren jokalariek ez dute partida bakar bat ere galdu sasoi honetan, eta Vicente Calderonen jokaturiko ligako lau partidak irabazi egin dituzte, gainera. Eta Bartzelonarekin berdinduta —22na puntu dituzte zortzi jardunaldiren ondotik— sailkapenaren buruan da Atletico Madril. Jose Luis Mendilibarren jokalariak, berriz, sailkapeneko azken postuan dira, Espanyolekin berdinduta —bosna puntu dituzte—. Sadarretik urrun, gainera, ahuldade ikaragarria erakutsidu orain artean Osasunak, eta kanpoan jokatu lau partidak galdu ditu. Faborito argia da, beraz, Atletico Madril. Baina faboritoa izateak ez du punturik ziurtatzen,eta ezustea ematen ahaleginduko dira Mendilibarren jokalariak.
«Irabazten ahalegindu behar dugu, aurrean maila handiko taldea izango dugula jakin arren. Aspaldian ez du porrotik jaso Atletico Madrilek, azken minutuetan puntu asko lortu dituzte eta zortea ere alde dutela dirudi, baina ez da zorte kontua. Gauzak oso ondo egiten ditu Simeoneren taldeak», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak. Hasierako hamaikakoan aldaketa bat egitera derrigortuta dago, Damiak partida bateko zigorra bete beharko baitu txartel pilaketarengatik. Damia eta Masuden ordez Etxaide eta Nano sartu zituen deialdian, eta bietako batek ordezkatuko du Damia. Gainontzean, ez da aldaketa askorik espero.
Afixen aferarekin, «lasai»
Aste honetan, gustagarriak ez diren gauzak bizitzea egokitu zaio Osasunako entrenatzaileari. Haren osasunazaletasuna eta taldea zuzentzeko gaitasuna ezbaian jartzen zituen paskinak ikusi ahal izan ziren ostegunean Taxoaren, esaterako. Etxeko jokalariak baztertu eta kanpokoei lehentasuna ematea leporatu zioten.Bizkaitarra izanik Osasunaren ereserkia behar bezala ezin zuela sentitu zioten, eta alde giteko eskatu.
Inork ez daki nork prestatu zituen paskinak. Inork ez zituen sinatu, eta inork ez du bere erantzukizuna onartu. Mendilibarri graziarik ez zioten egin, noski. Baina zaldibartarra lasai dago: «Animoz ondo nago, gero eta hobeto. Orain bi urte Osasunara iritsi nintzenean, esan nuen niretzat talde ona izan zitekeela eta ni Osasunarentzat entrenatzaile ona izan nintekeela esan nuen, eta berdin pentsatzen segitzen dut. Pertsona eta entrenatzaile gisa ez naiz aldatu, eta, osasunazaletasunari dagokionez, orain orduan baino zaleagoa naiz. Eta hori normala da, jendeak oso ondo hartu nau Iruñean eta klubean, eta maitasuna gero eta handiagoa da».
Kritika eta harridura urrunago eraman zuen, eta afixen egileek izandako jarrera iluna deitoratu zuen. «Orain gauza horiek agertzea ez dut ulertzen, inork ez ditu sinatzen, ez dakit zenbat diren horren atzean daudenak, bost, hamar edo bost mila izan daitezke. Eta agian hori idatzi dutenek adina erru dute publizitatea eman diotenek. Aurpegia emango balute, sinatuko balute, onartuko nuke. Baina besterik gabe hori botatzea, ez dut ulertzen. Honek indartsuago egingo nau, dena dela».
Ezinezkorik ez dagoelako
Etxeko lau partidak irabazi ditu Atleticok eta etxetik at jokatu lauak galdu ditu Osasunak, baina ezustekoa eman nahi duMendilibar:«Atleticok azken minutuetan puntu asko lortu izana ez da zorte kontua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu