Ezinezkorik ez dagoelako

Kopan Bartzelonaren aurka ezustea ematea zaila izanagatik, Osasunak itzulerako partidan erabaki nahi du kanporaketaLigan 8-0 galdu zuten nafarrek Camp Noun, eta Bartzelonak ez du galdu etxean oraindik

Iruñea
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Sasoi honetan Espainiako Kopan pozen bat izatea amesten zuten Osasunako zaleek ez zuten itxaropenari eusteko arrazoi handirik izan final-zortzirenetako zozketa egin zenean. Bartzelona ahalguztiduna egokitu zitzaien gorritxoei final-zortzirenetan, eta, ezustea ematea lortuz gero, ondo bidean Real Madril izango dute aurkari hurrengo kanporaketan —Malaga gainditu beharko du Real Madrilek final-zortzirenetan—. Kopan amaierara arte irauteko, biderik gogorrena zeharkatu beharko dute Jose Luis Mendilibarren jokalariek.

Osasunaren alde inork zentimo bakar bat ere jokatuko ez duen arren, gorritxoek ametsari eutsi nahi diote. Gutxien-gutxienik, kanporaketa etxean, Nafarroako Erresuman erabakitzeko bide emango lukeen emaitza bat lortu nahi dute gaur Camp Noun. Ez da erraza izango, argi dago. Baina, futbolean ezinezkorik ez dagoelako, saiatu beharra dute.

Estatistikei begiratzeak ez du laguntzen baikor izaten. Bartzelonak, denboraldi honetan, ez du oraindik partidarik galdu etxean —Sevillak eta Milanek soilik lortu dute Camp Noun berdintzea, batak Espainiako Ligan eta besteak Txapeldunen Ligan—. Gainera, irabazi dituen ia norgehiagoka guztiak hiru golez edo gehiagoz irabazi ditu, eta, sasoia hasiz geroztik, Milanek soilik lortu du Bartzelonari haren zelaian golen bat sartzea. Osasunak irailaren 17an egin zien bisita Pep Guardiolaren jokalariei, ligan, eta egun hartako emaitza ahaztu ezinda daude oraindik Osasuna maite duten guztiak: 8-0 galdu zuten nafarrek; emaitza hori ez da urteetan ahaztuko.

Baina, hutsegiteak zuzentzeko, horrelako jipoi bat hartzea bezalakorik ez dago, eta, Bartzelona eta Real Madrilen aurka hain era gogorrean galdu arren, ez dago ahazterik Osasunak ligan erakutsi duen sendotasuna. Mendilibarrek argi esan zuen atzo: «Aukera ona da egun hartan gaizki egindakotik ikasi dugula erakusteko; ikasi dugula, eta hobera egiteko gai garela. Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka jipoi latzak hartu bagenituen ere, garrantzitsuena da taldeak nola erreakzionatu zuen horren ostean».

Mendilibarrek ez zuen lotsarik izan onartzeko Bartzelonak bere mailarik eskasenean aritu beharko duela Osasunak kanporaketa gainditu ahal izan dezan: «Ligan ondo lehiatzen ari gara, baina ez dago ukatzerik egundoko aldea dagoela sailkapeneko lehen bi taldeen eta besteen artean. Konparatzerik ere ez dago. Gure ligako bi onenak dira, eta, egun, munduko bi talderik onenak ere bai». Horregatik uste du bizkaitarrak ezinbestekoa dela Bartzelonak egun txarra izatea. «Hori da aukera bakarra guk zerbait egiteko. Guk ondo jokatu arren haiek ere ondo arituz gero, golak sartuko dizkigute, eta akabo. Oso zaila izango da, baina gure helburua Iruñera bizirik itzultzea izango da».

Itzulerako partidari begira dago Mendilibar. «Ea zerbait egiteko moduan iristen garen. Haiek ez daitezela oso lasai etor, behintzat. Mirari bat gertatuko balitz eta Kopan beste bi partida jokatzea lortuko bagenu, hori ikaragarria izango litzateke guretzat». Itxaropentsu hitz egin zuen zaldibartarrak.

Iniesta eta Messi, zalantzan

Bartzelonako ordezko jokalariak izarrak izango lirateke beste edozein taldetan, eta Guardiola ez da kezkatuta egongo, jokalari onenetako batzuk falta zaizkion arren. Xavi, Iniesta eta Messi dira, zalantzarik gabe, Bartzelonako izar nagusiak, baina oraindik ez dakite Iniesta eta Messik parte hartuko duten. Ez litzateke albiste txarra Osasunarentzat. Atzo, Pep Guardiolak ez zuen argitu bi jokalari horiek Osasunaren aurka ariko diren ala ez. Messi astelehenean iritsi zen Bartzelonara, taldekideek baino oporraldi luzexeagoa egin baitu Argentina aldean.

Iniesta, berriz, kili-kolo dabil fisikoki, eta, ondo entrenatu baldin bada ere, Guardiolaren ustez ez dago partida osoa jokatzeko moduan; asko arriskatzea izango litzateke, kataluniarraren ustez. Gaur erabakiko du Bartzelonako entrenatzaileak zein hamaikakorekin egingo dion aurre Osasunari. Kataluniarren bigarren taldeko jokalariak ere bikainak dira, baina Messik eta Iniestak ez jokatzea albiste ona litzateke Osasunarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.