Ezker hankatik herrenka

Natxo Monreal eta Javier Camuñas saldu ondoren, Osasuna ezker hegaleko postuak indartzera behartuta dagoJukka Raitala iritsi da atzealderako, eta erdialderako Roland Lamah fitxatu nahi du

Javier Camuñas, aurreko denboraldian, Nafarroako Erresuman, Mallorcaren aurkako partidan. I. URIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Azken asteak luzeak izango dira Osasunarentzat, batez ere taldea osatzeko unean. Gorritxoak, Natxo Monreal eta Javier Camuñas saldu ondoren, ezker hegala indartzera behartuta daude, eta badute dirua horretarako. Herrenka dabil ezker hankatik. Atzealderako Jukka Raitala fitxatu duten arren, erdilaria ordezkatuko duen norbait falta du Jose Luis Mendilibarrek.

Finlandiarrak Monrealen tokia betetzeko asmoz ekarri dute, baina oraindik haren hegalkidea lotzea falta da. Osasuna hainbat jokalari izan ditu begiz jota Camuñas ordezkatzeko, baina oraindik ez du inor ekarri. Zurrumurru zerrenda oso luzea izan da, eta gehitu den azken izena Roland Lamah 23 urteko bolikostarrarena izan da.

Lehen hiru hautagaiak Espainiako ligan bilatu zituen. Camuñas saldu zutenean, Emiliano Armentero utzita ekartzen saiatu ziren, baina berak Sevillan geratzea erabaki zuen. Haren ezetzaren ondoren, Granadako Dani Benitez fitxatu nahi izan zuten. Baina hark ere ezezkoa eman zion, Udinesek fitxatu zuelako;hala ere, Granadan ariko da, utzita. Espainiako liga ezagutzen zuen beste jokalaria Albert Crusat zen. Erdilaria begi onez ikusten zuten Iruñean, baina Almeriak diru asko eskatzen zuen haren truke. Talde gorritxoa ez zegoen dirutzarik gastatzeko prest halako jokalari baten truke. Horregatik, eta presarik ez dutenez, lasai aritzea erabaki dute, burua galdu gabe.

Diru asko, baino ez sobran

Bi jokalarien salmenta diru iturri bikaina bilakatu den arren, sos horiei etekina atera ezinik dabil Osasuna. Eta ez nahi ez duelako, besteek gehiegi eskatzen diotelako baizik. Guztira zortzi milioi inguru jaso ditu azken hilabeteetan, eta beste taldeek badakite Taxoareko kutxa betea dagoela. Iruñeko taldeak, baina, ez du diru guztia xahutzeko asmorik.

Taldeak bi jokalari ditu begiz jota Camuñas ordezkatzeko. Baina bietako norbait ekartzea zail ikusten du. Euren taldeek diru gehiegi eskatzen dute haiengatik, eta Osasuna ez dago prest horretarako. Jokalari horiek Frantziako Bigarren Mailan dabiltza; Romain Alessandrini eta Roland Lamah. Lehena, Clermont taldean jokatzen du, eta handik irten nahi du. Frantziarrek badakite zaila izango dela jokalaria bertan geratzea. Horregatik, Alessandrini prezio onean saldu nahi dute, hiru milioiren truke. Osasunak ez du horrenbeste ordaintzeko asmorik, nahiz eta Angel Martin kirol zuzendariak onartu duen gustuko jokalaria dela. Iragan sasoian ere saiatu ziren Alessandrini erakartzen.

Lamahren kasua ezberdina da, baina zaila izango da Iruñean ikustea. Le Mansek ez du saldu nahi, are gutxiago Estigarribiak taldea uzten badu. Azken hori Osasunak nahi duen jokalariaren aurretik dago ezker hegaleko postuan, eta biak saltzea ez zaie burutik pasatzen frantziarrei. Juventus dabil Estigarrabiaren atzetik, eta fitxatzen badu, Le Mansek ez du Lamah salduko. Boli Kostako jokalariak Belgikako herritartasuna dauka, eta ez luke atzerritar tokirik beteko. Fitxatzeko garaian muga bat du Osasunak, atzerritar tokiak beteak baititu dagoeneko. Jokalari ezezaguna izan arren, Belgikako selekzioarekin aritu da bost partidatan. Erdilaria bakarrik falta zaio Mendilibarri taldea osatzeko. Halere, ez dauka presarik. «Lasai ibiliz gero, zerbait ona etorriko da», esan zuen orain aste batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.