Azken lau partidetan hasierako hamaikako bera jarri du jokoan Jose Antonio Camachok, baina igandean, Sportingi aurre egiteko, aldaketak egingo ditu entrenatzaile espainiarrak. Bat derrigorrean egin beharreko aldaketa izango da, Vicente Calderonen txartel gorria atera ziotenez partida bateko zigorra bete beharko baitu Natxo Monrealek. Ezker hegaleko atzelaria ordezkatzeko hautagai nagusia Nelson portugaldarra da, atzo Taxoaren ikusitakoaren arabera. Ez da izango hegal horretan izango den aldaketa bakarra: azken hilabetean min hartuta egon ostean, Javier Camuñas osatu egin da, eta badirudi Masud Shojaeik lanak izango dituela hamaikakoan jarraitzeko. Inoiz elkarrekin jokatu ez duten bi jokalari ariko dira, beraz, igandean Osasunaren ezker hegalean: Nelson eta Camuñas.
«Orain arte lesioei eta zigorrei ondo egin diegu aurre, eta kasu honetan ere ordezkoak ondo egingo ditu gauzak, seguru. Argi dago Nelson, Calleja eta Oier gai direla Monreal ordezkatzeko», esan zuen atzo Camuñasek.
Erdilari espainiarrak, halere, nabarmendu zuen Monreal «oso jokalari garrantzitsua» dela taldearentzat, baina hura ordezkatzeko ardura duenak badakiela «bere balioa erakusteko aukera paregabea» daukala. «Nik, behintzat, konfiantza osoa daukat bai Nelsonengan, bai Callejarengan eta bai Oierrengan ere. Aukera izan duten bakoitzean ederki erantzun dute, eta taldeak ez du hutsunea nabarituko», gehitu zuen.
Elkarrekin asko jokatu dutenez, Monrealen jokoa ederki ezagutzen du Camuñasek, baina haren ordezkoarekin ere arazorik ez izatea espero du: «Argi dago Monrealekin hobeto moldatzen naizela, besteekin ez baitut hainbeste jokatu. Halere, seguru nago elkar ulertzeko arazorik ez dugula izango. Entrenamenduak, gainera, horretarako daude».
Azken hilabetean bere postuan aritu den jokalariaren maila ona ere ez du ahaztu Camuñasek, dena dela. «Masud ondo ikusi dut, ausart aritu da, eta jokoan asko sartu da. Ongi ari da, eta hori garrantzitsua da taldearentzat. Hemen inork ezin du lo hartu, eta inor ez da ezinbestekoa». Jokatzeko irrikan da erdilaria, baina bere ordezkoak lanak ondo egin dituela onartzeko arazorik ez zuen izan.
Etxetik kanpo pattal ari da Osasuna, eta, Camuñasen arabera, hori aldatu beharra dago. «Taldea ezin da hainbeste aldatu etxetik at. Talde guztiei kostatzen zaie etxetik urrun irabaztea, baina ezin dugu horrela jarraitu. Mentalitatea aldatu behar dugu; etxetik kanpo edonori irabazteko gai garela sinetsita zelairatu behar dugu beti». Camuñasen ustez, «garrantzitsuena» etxeko partidak irabazten jarraitzea da, baina argi du kanpoan ezin dutela oraingo bidetik jarraitu. Badu errezeta ere. «Lerroak elkarrengandik gertuago jarriz atzealdean sendo agertzen bagara, toki gehiago izango dugu kontraerasoan irteteko, eta hori egiteko moduko jokalariak baditugu. Egunen batetan etxean ere izango dugu partida txarren bat, eta horregatik da ezinbestekoa etxetik at aurrerapauso bat eman eta puntuak batzen hastea».
Nafarroako Erresuman ez dute partidarik galdu gorritxoek sasoi honetan -hiru irabazi eta bi berdindu dituzte-, eta igande honetan oraindik etxetik at partidarik irabazi ez duen aurkari bat izango dute, gainera. Hiru porrot eta bi berdinketa bildu ditu Sportingek.
Camuñas, epaileen 'laguna'
Camuñasek ez zuen amaitu jokatu zuen azken norgehiagoka, kirol ibilbidean lehen aldiz txartel gorria atera baitzioten Riazorren. Epaileei «begirune handia» diela esan zuen atzo, eta ez zitzaion gustatu Perez Lasa epaileak hartutako erabakia: «Nire ustez, epaileari harroa dela esatea edo epailea popatik hartzera bidaltzea oso ezberdina da. Beraz, Mourinhori ere nire zigor bera jarri diotela jakiteak ez dit erakusten denok berdin epaitzen gaituztenik. Hamabost urtean behin bakarrik egotzi naute, eta begira zer egiteagatik izan zen. Epaile askorekin harreman bikaina daukat. Horregatik haserretu nintzen, inoiz ez bainuen izan epailea iraintzeko asmorik. Begirune handia diot epaileen lanari».
Ezker hegal eraberritua
Camuñas osatu egin da, eta Nelsonekin batera ariko da Osasunaren ezker hegalean igandean, Sportingen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu