Ezker hegaleko buruhausteak

Monrealek eta Camuñasek ezker hegalean utzitako hutsunea bete ezinda dabiltza Raitala, Calleja, Lamah eta Annunziata.

Mendilibar, aginduak ematen, eta Raitala haren atzean, Sevillaren aurkako partidan. L.F. ARROIABE / ARP.
Iruñea
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Udan Osasunak Natxo Monreal eta Javier Camuñas saltzea erabaki zuenean, hau da, ezker hegaleko bi jokalari titularrak saltzea erabaki zuenean, begi bistakoa zen hegal hori eraberritzeak buruhauste bat baino gehiago emanen ziola Jose Luis Mendilibarri. Eta hala izan da, bi jokalariok ahantzarazi behar zituztenei nahi baino gehiago kostatzen ari zaielako ezker hegalaz jabetzea. Eta arazo horiek lehenbailehen zuzentzea komeni zaio Mendilibarri.

Ezker hegaleko atzelari lanetan, Jon Etxaide, Oier Sanjurgo eta Eneko Satrustegi aritu ziren denboraldi-aurrean. Etxaidek lesio larri bat izan zuen belaunean; Oier Celtara joan zen, utzita, eta Satrustegi bigarren taldera itzuli zen sasoi hasieran. Etxaidek min hartu zuenean, Alemaniako Hoffenheim taldetik Jukka Raitala ekarri zuten nafarrek, utzita. Ustez, hura zen Monreal ordezkatzeko hautagai nagusia; 22 urte ditu, Finlandiako selekzioan ohiko jokalaria da, eta iragan sasoian Alemaniako Bigarren Mailako jokalaririk onenetakoa izan zen, Paderborn taldean.

Raitalari, baina, kostatzen ari zaio Espainiako Ligara egokitzea. «Oso gaztea da; Alemaniako Bigarren Mailatik dator, eta ohitu egin behar du Espainiako Ligara. Bere adinean jokalariek izan ohi duten baino eskarmentu handiagoa dauka, baina buruz buruko zaintzak egiten ohituta dago, beste era batean eta beste erritmo batean jokatu izan baitu orain arte. Hori agerian geratzen ari da, baina ez dut uste maila kaskarra eman duenik. Hizkuntzaren arazoa eta oraindik egokitzen ari dela aintzat hartuz gero, nahiko ondo aritu dela esango nuke», adierazi zuen iragan astean Angel Martin Gonzalezek, Osasunako idazkari teknikoak.

Atzelari finlandiarraren fitxatu izanaren arduradun nagusia da Martin Gonzalez, eta oraindik badu itxaropena harengan. Sasoi amaieran 1,25 miloi euro ordaindu eta Hoffenheimi jokalaria erostea ere ez dute baztertzen Osasunako arduradunek. Hala ere, atsedenaldian edo atsedenaldira iritsi aurretik behin baino gehiagotan aldatu du finlandiarra Mendilibarrek. «Jukkak [Raitalak] futbola ulertzeko beste era bat dauka, eta gure erara egokitzen ari da. Ausardia apur bat falta zaio; baloia oinetan duenean jokaldi gehiago egiten saiatu behar du, baina denborarekin hasiko dela uste dut», esan zion Mendilibarrek Finlandiako telebista publikoko kazetari bati Taxoaren.

Raitala ez da inoiz barregarri aritu; gauza onak egin ditu, baina taktika aldetik gauza asko ikasi behar izan ditu denbora gutxian, eta hori ez da lan erraza. Horregatik jokatu du Damia Abellak horrenbeste ezker hegalean, eskuin hegaleko jokalaria bada ere. Eta azken partidan, Santiago Bernabeun, Satrustegik debuta egin zuen lehen taldearekin. Ez da erraza Monrealek utzitako hutsunea nork beteko duen aurreratzea.

Lamah osatu egin da

Udan ezker hegalerako fitxatutako bestea ere, hau da, Roland Lamah ere probatu zuen Mendilibarrek ezker hegaleko atzelari lanetan Mallorcaren aurka. Emaitza ez zen ona izan, dena dela. Erasoko jokalari ona da Lamah, baina defentsan asko sufritu zuen belgikarrak. Teorian erasoan Camuñasek utzitako hutsunea hark bete behar du. Sasoiko lehen partidetan bikain jokatu zuen, baina azken partidak ezin izan ditu jokatu, lesio baten ondorioz. Zorionez, aste honetan senda-agiria emanen diote medikuek, eta Mendilibarren aginduetara izango da berriz. Baliteke Javier Calleja espainiarrak bere azken aukera alferrik galdu izana Bernabeun; Xavier Annunziata espainiarrak, bigarren taldetik igo, eta hondarreko minutuetan bakarrik jokatu du, eta ez dirudi Mendilibarren konfiantza daukanik. Masud Shojaei, berriz, min hartuta dago, luzerako. Azken partidetan Ibrahima Balde eta Alvaro Cejudo aritu dira erasoan hegaletik. Txukun aritu dira biak, baina badirudi Lamah berriro ezker hegalaz jabetuko dela. Pixkanaka-pixkanaka Monreal eta Camuñas ahantzarazten hasteko ordua iritsi zaie ezker hegaleko jokalariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.