Ezkortasuna uxatzeko ordua

Jaitsiera postuetan egonagatik, Osasunako jokalariek badakite salbazioa euren esku dagoela; horri eutsi nahi diote, baikor izatekoAzken lau partidak jarraian galdu dituzte gorritxoek Mendilibarren aginduetara

Iruñea
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ligako azken lau norgehiagokak galdu egin ditu Osasunak, eta jaisteko postuekiko zuen aldea ezerezean geratu da jada. Une honetan jaitsiera postuetan da Jose Luis Mendilibarren taldea, eta, mailari eutsi ahal izateko, gorritxoek derrigorrezkoa izango dute geratzen diren bost jardunaldietan gutxienez bi partida irabazi eta bat berdintzea. Egoeraren larritasunaz jabetuta, kapitainen ordua iritsi da, eta atzo Josetxok ozen hitz egin zuen. Erdiko atzelari beteranoaren esanetan, ez da atzera begiratzeko ordua. Taldearen inguruan batasuna nagusitzen bada, zulotik irtengo direla sinetsita dago jokalari nafarra.

Egutegia ez da lasaitzeko modukoa: Valentzia, Sevilla eta Vila-real indartsuak hartuko dituzte Nafarroako Erresuman, eta mailari eusteko lehian aurkari zuzenak diren biri egingo die bisita: Zaragoza eta Getaferi. Argi dago azken jardunaldira arte sufritzeko prest egon beharko dutela zaleek. Baina amaiera gozoa baldin bada, sufrimenduak mereziko du.

«Egoera aldrebestu egin da. Jaisteko postuetan gaude, eta gogotik lan egin beharko dugu. Halere, zuloan aurrerago sartzea baino nahiago dut aukeran gauden tokian orain egotea». Josetxok atzo Taxoaren onartu zuen «egoera zailean» daudela. «Estutasunetan sartu gara, eta atzera begiratzerik ez dago. Orain artekoak ez du ezertarako balio, eta geratzen zaizkigun bost partidetan jarri behar dugu arreta guztia. Zaleek, kazetariek, jokalariok eta klubeko langile guztiek bat eginda, egoerari buelta ematea da gakoa». Beste sasoietako aurrekariei begira dago kapitaina. «Bat eginda egon garenetan une zailak gainditzea lortu izan dugu beti, eta orain gauza bera egitea da asmoa».

Taldeko kapitainetako bat da erdiko atzelari iruindarra, eta gutxi jokatzen ari bada ere, atzo bere borondatez agertu zen hedabideen aurrean taldearen inguruko jende guztiari batasun eskaera helarazteko. Lehen taldean inoiz baino nafar gutxiago dira sasoi honetan, baina argi dago etxeko jokalariek hartu behar izaten dutela une zailetan erantzukizuna. Josetxok ez dio uko egin ardura horri. Ez da aste honetan hitz egingo duen kapitain bakarra izango, dena dela, gaur goizeko entrenamenduaren amaieran Patxi Puñalek hitz egingo duela aurreratu baitzuten atzo Osasunako prentsa arduradunek.

Egoera larria dela onartu arren, Josetxok argi utzi zuen ezkortasunik ez dutela nahi taldearen inguruan: «Ezkortasuna uxatu egin behar dugu, inori eta ezeri ez diogu beldurrik; beldurrarekin ez goaz inora. Aitzakiarik ez dago; ezin gara ibili erdizka». Besteak beste, Zaragoza eta Getaferen aurka jokatu beharko dute gorritxoek, eta borroka gogorra espero du nafarrak. «Jaitsiera saihesteko lehian talde asko gaude puntu gutxiren tartean, eta salbazioa gure esku dago oraindik».

Hilabetean, aldaketa

Hurrengo aurkaria Valentzia da, hirugarren sailkatua, eta Unai Emeryren taldeak ikara eragiten badu ere —sasoi honetan bere zelaian baino partida gehiago irabazi ditu etxetik at—, Josetxok argi dauka aurkariak aintzat hartu ordez, Osasunak bere buruarengan pentsatu behar duela. «Valentziak baino gehiago kezkatzen nau Osasunak. Gure lana ondo eginez gero, beldurrik ez dugu izango, eta seguru nago Valentzia mendean hartuko dugula».

Taldeak hiru partida jarraian irabazi zituenean, Iruñea aldean asko hitz egin zen Mendilibar efektuaz. Baikor zen jendea, eta Europako Ligarako sailkatzeko aukerez mintzatzen ere hasi ziren baikorrenak. Baina azken lau porrotek ezkortasuna hedatu dute. Entrenatzaile zaldibartarraren zenbakiak ez dira erabat txarrak: hamar partidatatik lau irabazi, bat berdindu eta bost galdu ditu Osasunak Mendilibar iritsiz geroztik. Hamar partidatan hamahiru puntu. Jose Antonio Camachorekin lehen hogeita hiru jardunaldietan batez besteko hori izan balute, 43 puntu izango zituzketen orain gorritxoek, eta eroso sailkatuta izango ziratekeen sailkapenean. Sasoia bere osotasunean aztertu behar da, ordea, eta argi dago gorritxoek lanak ez dituztela behar bezala egin.

Atzoko lan saioan Carlos Aranda normal entrenatu zen gainerako taldekideekin batera, baina albiste txarrak ere izan ziren Taxoaren. Alde batetik, Krisztian Vadoczekin tupust egin ostean, Walter Pandianik belauna mindu zuen, eta ez zuen entrenamendua burutzerik izan. Beste alde batetik, Miguel Flañok ez zuen berdegunea zapaldu ere egin, Camp Nouko partidaren ostean, eskuin zangoko koadrizepsean arazoak baititu. Medikuek probak egin zizkioten atzo arratsaldean, eta Flañok haustura dauka eskuin zangoan. Camp Noun partida bateko zigorra bete ostean, berriz, Sergio, Puñal eta Soriano jokatzeko prest ditu Mendilibarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.